Astelehen betikotua

'Beti astelehena' performanceak Gernikako bonbardaketa du kontagai, musika eta margoa lagun. Igandean Zokoan emanen dute, 17:00etan

Nat Cazarre, Maddi Irigoien, Xabier Soubelet eta Maialen Fauthoux, Beti astelehena ikusgarriko artistak. SOUBELET.
Ainize Madariaga
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herria beti astelehenean gelditu da, astelehen hartan, duela 85 urteko apirilaren 26ko astelehen hartan, Gernikan (Bizkaia). Hala du Euskal Herria ikusten Xabier Soubelet idazle, pintore eta musikariak. Horregatik deitu du Beti astelehena sorkuntza berria: «Bonbardaketa astelehen batean gertatu zen, eta, geroztik, Euskal Herrian beti bizi gara astelehenean. Baina nahiko genuke Mariren egutegiko asteazkenera iritsi: gure lorpenaren azkena. Beti zapalketa betean bizi baikara, hots». Hala, hamar bat kantu eta olerki idatzi eta konposatu ditu Soubeletek. Maddi Irigoienek biolina erantsi die, eta Nat Cazarrek, gitarra eta boza. Baina ele horiek lehenagotik datoz.

Izan ere, duela bortz urte jadanik, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean, Txoria badator, txoria badoa ikusgarria prestatu zuten, idazlearen izen bereko eleberritik tiraka: hiru orenekoa zen, eta hirurehun partaide zituen: «Txoria badator eta badoa, hegazkinak bezala: zirina bota, eta badoaz». Behin baizik ez zuten eman, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Gernikan ere ematekoa bazuten ere, hondarrean ezin izan zuten. Bortz urte iragan dira geroztik, baina ideia ez zitzaion hegaldatu: «Behar nuen gauza berri bat sortu ikusgarri harekin deus ikustekorik ez duena...».

Aldi honetan, beraz, lau iganen dira oholtzarat: egilea bera, aipatutako bi musikariak, eta Maialen Fauthoux, zeinak irakurketa musikalak egiten baititu Soubeletekin batean. Oren bat eta erdiko ikusgarri horrek badu oraino bertze protagonista bat, bi metro luzeko margolan net abstraktu bat: «Gorriak odola erakusten du. Bertikalitate ilunak etxe hondarrak dira; zeruan, hegazkinak dira, txoriak eta haien zirinak balira bezala. Ezkerrean, Picassok zezena jarri zuen tokian, frankismoaren ikur gisa, nik hartz beltza ezarri dut, gure King Kong balitz bezala; hala, itzuliko balira, gure ihauterietako abere sakratuak botako lituzke denak». Ezkerrean, Errenteria zubia marraztu du, hortik sartu baitziren hiruzpalau egun geroago oinezko tropak, nazionalak: «Picassok horren gainean jarri zuen zezenaren ordez, torero bat jarri diot». Erdi-erdian, bihotz formako arbola bat tindatu du: «Ez ahanzteko Gernikako arbolaren ikurra hor dagoela».

Eleberrian bezala, Beti astelehena ikusgarriak ere kontatzen du Lumoko (Bizkaia) laborarien egunerokoa bonbardaketa aitzin, eta astelehen hartan bonbardaketak nola «hartu» zituen. Kontaketa aitzinatu ahala, margolanaren zatiak argitzen dituzte.

Sinbiosi horrekin satisfos da Soubelet, orain arteko bortz emanaldiek arrakasta handia bildu baitute: «Asko maitatu du jendeak. Musikariak kalitatezkoak dira, obra ere bai... Hain den desberdina: pasatzen baikara kantutik margolanera, musika klasikora...». Bertzeak bertze, Chopinen Ehorzte martxa jotzen dute, baina, oro har, Leonard Cohen, Mikel Laboa eta Bob Dylanen musiken arteko nahasketa «folk» gisa definitu du obraren musika estiloa Soubeletek. Zokoan emanen dute igandean; aitzinago, entseatuko dira Iruñean, Bilbon eta Gernikan ere ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.