Arabako artisten eta kultur eragileen sostengu zabala jaso du Gasteizko Amarika erakusketa aretoaren itxieraren aurka eratu berri den Amarica elkarteak: astebetean, herrialdeko 139 artista batu dira ekinbidera, eta 1.200 pertsona baino gehiagok sinatu dute change.org atarian aretoaren defentsan abiatutako kanpaina. Gaur, erakusketa guneari babesa agertu dioten hainbat kultur eragilek ofizialki aurkeztu dute elkartea agerraldi publiko batean. Helburu argia dutela azpimarratu dute: arte garaikidea defendatu nahi dute, eta aretoa erakusketa gune moduan erabiltzea aurrerantzean ere.
Izan ere, Arabako Foru Aldundiak duela bi aste iragarri zuen Amarika aretoa itxi egingo duela, han ekintzailetza eta berrikuntza zentro bat sortzeko. Erabakiak ezinegona eta haserrea eragin zuen Arabako kultur eragile ugariren artean, eta handik egun gutxira etorri zen haien erantzuna: elkartea osatu zuten aretoaren defentsan, eta babesa lortzeko sinadura bilketa bat hasi.
Gaurko agerraldian Mel Arranz eta Juan Pablo Alvarez artistek hitza hartu dute elkartearen izenean, eta «Arabako artearen etorkizunean interesa duten pertsona guztiak» animatu dituzte elkartearekin bat egitera —[email protected] helbidera idatzi behar da, eta izena eta abizena eman—. Halaber, aldundiaren «aldebakarreko» erabakia txarretsi dute, eta salatu itxierak islatzen duela Arabako instituzioek konpromisorik ez dutela Arabako arte bisualekin. «Sektoreak ezin du erakusketa areto bat desagertzea onartu, horrek galera larria baitakar lurraldean artea zabaltzeko eta arterako sarbidea izateko», ohartarazi dute.
«Amarica elkartea batasun, ordezkaritza eta ekintzarako gunea izateko sortu dugu, sorkuntzako artistek, kudeatzaileek, kolektiboek, irakasleek, kritikariek eta publikoek ahots propioa izan dezaten»MEL ARRANZAmarica elkartea
Amarika aretoa 1989an zabaldu zuten, eta, ordutik, erreferente bilakatu da arte garaikidea egiten duten sortzaileentzat. Elkarteko kideen ustez, artea erakusteko propio diseinatuta dago aretoa, erakusketak egiteko baldintza «ezin hobeak» baititu, eta, hortaz, helburu horretarako erabili behar da, eta ez beste helburu batzuetarako.
Aretoak orain arte bete duen zeregin kulturalari eutsi nahi dio elkarteak, eta, bidenabar, Fernando de Amarika artistaren ondarea zaindu nahi du. Izan ere, gogora ekarri dute margolariaren ondareari esker sortu zela aretoa, eta, beraz, jatorrizko helburutik bereiztea artistaren memoriari «traizio» egitea dela.
Elkarrizketaren alde
Elkarteak ostiralean egingo du lehenengo batzarra, 18:30ean, Gasteizko Zuloa liburu dendan. Batzar horretan, elkartearen egitura zehaztuko dute, eta hemendik aurrera zer urrats egin erabaki. Hala ere, aurreratu dutenez, erakusketa aretoa defendatu ez ezik, arte bisualen «ekosistema» ere indartu nahi dute Araban, laguntza faltengatik «ahulduta» ikusten baitute. Hori hala, azaldu dute Amarica elkartea «batasun, ordezkaritza eta ekintzarako gunea izateko» sortu dutela, finean, «sorkuntzako artistek, kudeatzaileek, kolektiboek, irakasleek, kritikariek eta publikoek ahots propioa izan dezaten».
Elkarteko kideek uste du arte garaikiderako «espazio duinak» behar direla, eta Amarika aretoak programazio «egonkorra, koherentea eta kalitatezkoa» behar duela. Helburu horri helduta, sektorearen interesen defentsan «solaskide» izan nahi du elkarteak, profesional guztien askotariko ikuspegiak bilduta eta defendatuta.
Arabako Foru Aldundiari eskatu diote hartutako erabakian atzera egiteko eta Amarika aretoaren jarraipena bermatzeko, «programazio egonkorra eta kalitatezkoa» duen erakusketa areto gisa. Horretarako, galdegin diote alde bakarreko erabakiak albo batera utzi, eta sektorearekin benetako elkarrizketa prozesua irekitzea, eta kultura politiketan kultura eta arte garaikidea lehenestea.