Erdi tontotuta pasatu nuen ordua aldatu ondorengo astea. Etorri bezala joan ziren egunak, eta ekarri bezala eraman zituzten albisteak, ekitaldiak, liburuak. Egun haietan hartutako oharrei heldu diet orain: bristadak, irudipenak, erdipurdiko itzulpenak eta lotura apetatsuak. Zorabioak lausotutako aste baten arrastoak, zerbait harrapatzeko esperantzan gordeak.
Astelehena. Irribarre txiki batekin ikusi dut Chill Mafiak Barakaldon emandako agur kontzertuaren grabazioa: zenbat abesti on, zenbat lagun eszenatokian elkarri eskerrak ematen. Bideoa geratu dut ordubete eta sei minuturen ondoren, atzera egin, eta berriro ikusteko nola, Barkhatu kantuan, Hoferen zatian, entzuleak bero-bero daudela, «zaindu maite duzun hori», abestu, eta haiei uzten dien estrofa bukatzen, milaka lagunek arnasa betean garrasi egin dezaten: «Ruper Ordorika!».
Asteartea. Pabiloi 6 berria eraikitzeko proiektuari buruzko albistea BERRIAn. Ramon Barea sustatzailea: «Ez da izango edozein gauza egin ahal izateko sortutako gune bat: antzoki bat da». Nazkatzeraino aritu gara pabiloi, arena eta estadioetako kultur ekitaldiez, eta aterperik gozoenak ere zatartzen dituzte zentro, gune eta espazio abizen orotarikoek. Ez zait asmo txarra iruditu gauzei beren lekua ematea.
Asteazkena. Aurreko saioetan euskarazko spot-ik handienak artezki aztertu eta gero, beste kontzeptu bat aurkeztu dute Irratiak ordaintzen digu trena podcastean: «artearen iraungitze teknologikoa». Artisautza mota batek bere balioa galtzen duenean bilakatzen omen da praktika hori bera arte forma bat. Gustatu zait. Ez nintzen akordatzen, baina Jean-Luc Godardek hau esan zuen Histoire(s) du cinéma-ren 4b atalean: «Mende bat hurrenarekin apurka urtzean, norbanako batzuek biziraupen bide zaharrak bide berri bilakatzen dituzte. Azken horiei esaten diegu artea. Garai bati biziraundako gauza bakarra orduan sortutako arte forma da. Ezein jarduera ez da bihurtuko arte bere garaia amaitu baino lehen. Gero, arte hori desagertu egingo da».
Osteguna. Nanni Moretti ospitaleratu dute, bihotzekoak jota. Senda dadila ondo. Azken boladan, fedabide asko aritu direnez aita santuaren osasuna gora eta behera, maiz akordatu naiz Morettiren Habemus Papam filmarekin. Han, aita santu izendatu berria, ezinak hartuta, psikoanalistarenera eramaten dute ezkutuan. Zertan lan egiten duen galdetzean, aurpegia argitzen zaio: «Aktorea naiz». Dagoeneko zer interpretatu ez duen aktore bat. Bada, egunak okerrera egin du iluntzean, beste aktore batek, enperadore histrionikoaren rolean, «askapenaren eguna» deitu dionean, hotzikara eragiten duen inprobisazio despotiko batez. Batzuen ezina da besteen ahala.
Ostirala. George Eliot, Middlemarch-en: «Eguneroko giza bizia erne ikusteko eta sentitzeko gai izango bagina, belarra hazten eta katagorrien bihotza taupaka entzutea bezala litzateke, eta hil egingo ginateke isiltasunaren beste aldean datzan orroarekin». Gaur jakin dut Eliotek (Mary Ann Evansek) ingelesera itzuli zuela Baruch Spinozaren Etika.
Larunbata. Albertina Carrik bere film berria aurkeztu du Donostian, Tabakaleran. Tituluak aldarri bat ematen du: ¡Caigan las rosas blancas!. Filmaren hasieran, ez dago filmik; fikzioan, zuzendariak amore eman du, eta badoa lagunekin beste norabait, zerbaiten bila, behin eta berriz, inora iristea lortu gabe. Solasaldian, Carrik esan du «genero mutanteko» pelikula bat dela. Mutaziorik handiena filmaren barruan egiten duten filma izango da segur aski: enkarguzko dokumental bat, «urbanismo aporofobikoari» buruzkoa. Miseriaren kronika egiteko eskatzen diote Latinoamerikako zinemari gaur egun ere, eta fantasia politikoarekin erantzuten du Carrik. Banpiro batek aterako ditu pertsonaiak dokumentaletik, azken mutazioan, kolonialismo eta estraktibismo forma ugari azaleratzeko, gizakien artekoak eta beste bizidunekikoak. «Landare gehiago, landare gehiago!».
Igandea. Komiki bati besarkatuta igaro ditut igande batzuk, aldiro atal bat irakurtzen; gaur tokatu da azkena. Inpresioa egiten du Olivier Schrauwenen Sunday eskuetan hartzeak —Domingo flamenco, Fulgencio Pimentelen gaztelaniazko edizio ederrean—, eta are zirrara handiagoa eragiten du ikusteak orrialde bakoitzarekin berritzen direla marrazkera, mugimendua eta koloreak, eta sentitzeak nola bihurtzen den Thibault tipografia diseinatzaile kaikuak 2017ko udazkenean etxetik atera gabe pasatutako igande aspergarri hura ia 500 orrialdeko abentura patetiko zoragarri bat. Orain, egonean pasatu nahi dut igande bat, astebete, eguna gauarekin noiz berdinduko zain.
