Zinema. Estreinaldiak

Aspasia Miletokoaren inguruko nobela kaleratu du Julio Medemek

Periklesi buruzko gidoia idazten hasi zen, baina interesgarriago iritzi dio haren emaztearen bizitza gaitzat hartzeari

Agentziak
Madril
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Julio Medem donostiar zinemagileak Aspasia, amante de Atenas (Aspasia, Atenasen maitalea) nobela argitaratu berri du, Aspasia Miletokoaren bizitzan oinarritua baina fikzioz hornitua. Atenasen Kristo aurreko 470. urtean jaioa, Perikles hizlari eta politikaria izan zuen senar Aspasia Miletokoak. Periklesi buruzko gidoia idazteko asmoa zuen hasieran Medemek, baina Aspasia Miletokoaren inguruko interesa nagusitu zitzaion, eta zazpi urte eman ditu hari buruzko 500 orrialdeko nobela idazten, Los Angelesen (AEB). Nobela idaztea lan «gogorra» izan dela adierazi du Medemek, baina egin duen lanaz «oso harro» sentitzen dela orain.

Aspasia Miletokoa «emakume jakintsu, apasionatu eta liluragarria»izan zen, Medemen ustez. «Periklesen Atenas demokratikoan bizi izan zen, bake garai batean, Herodoto sortu zen garaian, antzerkia gertatu zen garaian: Euripides, Sofokles, Eskilo. Fidiasen garaia ere izan zen hura, Anaxagorasena, ordena dorikoarena, Partenoiarena… Pertsonaia jakintsu ugari zegoen, eta haien artean ageri da emakume hau, jakintsu handia bera ere». Aspasia Miletokoak bere begiekin ikusi zuena kontatzen saiatzea «ahalegin liluragarria» izan da Medementzat.

Oraingoz horretarako inongo asmorik ez baldin badago ere, Medemek ez dio uko egiten aurrerago bere nobelan oinarritutako film luze bat zuzentzeari. «Ez dakit zer gertatuko den», adierazi du Vacas, La ardilla roja, Lucía y el sexo,Caótica Ana eta Room in Rome-ren zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.