«Zer margotu nuen ere ez dut oroitzen». Elena Ziordia bere koadro bati begira dago, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Duela 30 urte baino gehiago sortu zuen lana. Eta, ordutik, beste hainbat egin ditu. Horregatik, ez du zehatz-mehatz gogoratzen koadro hura. «Lagun zahar batekin topo egitea bezala da hau». Bere koadroarekin batera, beste hamalau lan daude gelan. Alberto Ipiña eta Begoña Bidaurrazaga senar-emazte bildumagileek dohaintzan eman dizkiete Batzar Nagusiei. Urtarrilaren 5era arte egongo dira ikusgai.
Hamahiru euskal artistaren hamabost lan jaso dituzte, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan sortuak. Haietatik hamar olio margolanak dira; lau, akuarelak; eta beste bat, grabatua.
Gelaren erdian, hiru aldeko zutabe bat dago, eta hor dago Ziordiaren lana. Plentziako (Bizkaia) Eleiz Enparantza irudikatu zuen obra horretan. Eta jaunartze bat: «Jendea erretzen, emakumeak perlazko lepokoekin, bertako herritarrak izkina batean eserita, eta beste batzuk argazkiak ateratzen». Egunerokoan ikusten zituen gaiak marrazten zituen Ziordiak garai horretan. Gaur egun, ordea, ez du bere burua estilo horrekin identifikatzen: «Bilakaera handia izan dudala esango nuke; gaur egun, gauza oso desberdinak egiten ditut, errealistagoak». Nabarmendu duenez, ilusioa egiten dio aspaldiko koadro batekin topo egiteak. «Urte horiek datozkit burura; artista modura izan nituen lehen bizipenak dira».
Hamarkada hauetan izan duen bilakaeraz ohartzeko aukera izan du Ziordiak erakusketarekin. Baita Jose Luis Abajok ere. Bere bi lan daude horman eskegita. «Horietako bat duela berrogei urte sortu nuen, eta bestea, lehenago», gogoratu du. Abajok ere jada ez du estilo berarekin lan egiten. «Beti gustatu izan zait aldatzea, denbora jakin bat igaro eta gero». Gauza berriak bilatzea gustatzen zaio. Badaki artista izateak «arrisku bat» dakarrela, «baina arriskurik gabe, ez dago ezer». Orain, materia organikoarekin egiten du lan. «Edozein gauza —hala nola txaketa zahar bat edota aulkiaren bizkarraldea— hartu, eta horiekin sortzen dut koadroa; hiru metro ingurukoa», azaldu du. Salmentarako eta jendearengana ailegatzeko zailagoa den arren, Abajo hobeto sentitzen da orain egiten duenarekin. «Urte batzuk lanean daramatzazunean, erabateko aldaketa bat jasatea ezinbestekoa da».
Ziordiaren eta Abajoren lanez gain, Mariano Corral, Dionisio Sanchez, Marcelino Bañales, Richard Perez, Juan Jose Altuna, Angel Badillo, Iñaki Cruzeta, Juan Luis Baroja, Carmen del Berro, Ismael Fidalgo eta Jose Luis Perez artisten margolanak daude.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eskertu egin die bildumagileei dohaintza. Eta azaldu du margolanak Batzar Nagusien bildumaren parte izatera igaroko direla: «80ko hamarkadan hasi zen sortzen». Bilboko administrazio egoitzan eta Gernikako Batzar Etxean, hainbat sasoi eta estilotako berrehun artelan baino gehiago dituzte.
Zortziehunetik, hamabost
Begoña Bidaurrazagak eta Alberto Ipiñak zortziehun obra baino gehiago dituzte. «Obrak ikus daitezen nahi dugu, horregatik eman ditugu dohaintzan», azaldu du Bidaurrazagak. Eurentzat, «oso zaila» izan da lan guztietatik hamabost aukeratzea. Artista bakoitzaren hainbat lan dituzte, eta guztiek dute garrantzi bera haientzat. Horregatik, mugitzeko eta eusteko errazenak zirenak aukeratu dituzte.
80ko hamarkadan hasi ziren lanak erosten. Bizkaiko Batzar Nagusiei dohaintzan eman dizkietenak, beraz, erosi zituzten lehenengoetarikoak dira. «Denak gustatzen zaizkigu; batzuetan, zaila da obrei agur esatea, gure hastapena izan direlako; esanahi handia dute guretzat», zehaztu du Bidaurrazagak. Are gehiago, azaldu du dohaintzan emandako lanen egileak lagunak direla.
«Oso modu inozente batean sartu ginen mundu honetan», gogoratu du Bidaurrazagak. Gaztetan, erakusketak ikustera joaten ziren. Eta horietako batean egin zuten topo Bañalesekin. «Hark esan zigun bere lan bat erosteko; guri astakeria bat iruditu zitzaigun». Hala ere, elkarren lagun egin, eta obra bat erosi zioten. «Hortik aurrera, Bañalesek lagun eta artista gehiago aurkeztu zizkigun, orain arte», esan du. «Egongelako besaulkia baino lehen, koadro bat geneukan; gure pasioa zen». Uste du bilakaera handia izan dutela garai horretatik gaur egun arte: «Artea aurrera doa, eta uste dut gu ere aurrera goazela harekin; orain, artista kontzeptual gehiagorekin gaude, beste mota bateko artistekin, abstraktuagoekin».
Bidaurrazagak ez luke jakingo nola deskribatu zer den berarentzat artea. Ipiñarentzat, ordea, artea «plazer hutsa» da. Futbol partida bat ikusi beharrean, nahiago du etxeko egongelan egon, koadroei begira. 30 lan inguru dituzte han. «Obrak ikusten gozatzen dut». Bidaurrazagak ere «asko disfrutatzen» du arte plastikoarekin, jendeak dantzarekin gozatzen duen bezala: «Obretan nik gauza ederrak ikusten ditut, zineman, antzerkian zein dantzan ikus daitezkeen moduan».
Aspaldiko lagunen topaketa
Alberto Ipiñak eta Begoña Bidaurrazagak euskal artista batzuen hamabost lan eman dizkiete dohaintzan Bizkaiko Batzar Nagusiei. 2023ko urtarrilaren 5era arte egongo dira ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu