Aspaldiko akordeen lilura

Aro barrokoko abestiak orduan jotzen ziren eran bildu ditu Enrike Solinis musikariak, 'Colores del Sur' lanean

Araitz Muguruza.
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iparragirreren antzera gitarra zahartxo bat eskuan duela bizi dela dio Enrike Solinis musika konpositoreak. Ongi baino hobeto ezagutzen du aro barrokoan Europa mendebaldean jotzen zen musika: «Herrialde bakoitza musikaren bidez desberdindu zitekeen garai horretan». Horiek guztiak biltzen ditu Solinisek Euskal Barrokensemble taldearekin egin duen Colores del Sur. Baroque Dances for Guitar izeneko lanean (Glossa Platinum). «Bertan daude bilduta garai horretako Europaren koloreak».

Antzinako musika bere garaian egiten zen bezala erreproduzitu du Solinisek. Dena den, garai horretako abestiak ez zituzten goitik behera idatziak partituretan. «Zati batetik aurrera, dena inprobisazioa da, eta, bere garaian hutsune hura bete zutenak bezala, gaur egun hura bete behar dutenak daude, eta horien artean, neroni». Askatasun horrek aukera eman dio ukitu berri bat emateko abestiei. «Zenbait adituk esan didate antzinako musika izangatik ere baduela freskotasuna; eta hori, hein batean, abestiek berek dakarten irekitasunak ematen du».

Trebakuntzak ere badu eragina horretan. Solinisek kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Musika klasikoan espezializatu zen, hala behar zuelako. «Gure garaian ezinezkoa zen musika garaikidea ikastea kontserbatorioetan; hortaz, ezin bestelako hautaketarik egin». Eta kontserbatoriotik kanpo esploraturiko bideek antzinako musikara eraman zuen. Gaur egun, dena nahasten du. Era guzietako estiloak daude diskoko hamasei abestietan. Interprete batek —hala deitzen dio bere buruari Solinisek— baliabide guztiak erabiltzen jakin behar du. Instrumentala da diskoa. Ez du ahotsik sartu, hura gabe sentitzen delako erosoen. «Ni gitarrista solista izan naiz nire bizitza osoan; oraindik kosta egiten zait hortik ateratzea».

Berreskuratze lanetan

Tradizioz Erdi Aroko Espainian eta Italian egin diren abestiak dira gehienak.Tartean, ordea, badago Euskal Herriko piezarik:Errekaxilo fandangoa abestia da horietako bat. Izan ere, antzinako musika berreskuratzearekin batera, antzinako euskal musika nolakoa zen aztertzen dihardu. Konpositorearen arabera, trikitia Euskal Herrira heldu aurretik, gitarra eta biolina ziren euskaldunen instrumenturik erabilienak. Bitxikeria bat gogoratu du hori berresteko. «Nabarmentzekoa da Gernikako Batzar Nagusietan gitarra txiki bat dagoela erakusgai; gainerako herrialdeetan ezpatak edo armak dituzte». Eta horrelako batekin ematen ditu kontzertuak. Horregatik iruditzen zaio bigarren itzulia eman behar zaiola Euskal Herriko musikaren historiari, eta gehiago sakondu Erdi Aroko euskal musikagintzan.

Alemaniako diskoetxe batekin argitaratu du lana, eta horri garrantzi berezia eman nahi dio. Era horretan, euskal kultura zabaltzen ari baita. Glossa Platinum distribuzio handiko diskoetxea da, izan ere: «Erakusleiho ikaragarria da alde horretatik; aukera aprobetxatu eta baliatu behar da horregatik». Kaleratu berri duen lanarekin batera, badu beste proiektu bat eskuan, Errenazimentu garaiko musika eta literatura landuko dituena.

Oraindik zuzenekoak zehaztu gabe ditu, diskoaren promozio lanetan baitabil buru-belarri. Dena den, ziur da otsailetik aurrera Euskal Herrian emanaldi batzuk egingo dituela. Espero du nazioartean ere emango dituela zenbait kontzertu, aurrez egin izan duen moduan. «Publiko anglosaxoia antzinako musikaren oso zalea izaten denez, asko bidaiatzen dugu inguru horretara». Gogoz dago kontzertuetarako, kantuak interpretatzeko baino gehiago, inprobisatzeko aukera izango duelako. «Asebete egiten nau aukera hori badudala jakiteak». Horrek txunditu zuen, eta eraman antzinako musikara. «Musika garaikideak askoz gehiago lotzen zaitu; bat-batekotasunerako tarte txikiagoa izaten da, eta apur bat aspergarria bihurtu zitzaidan hori». Bestelako filosofia bat du antzinako musikak. «Norbanako modura aberatsagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.