Aspaldi abiatutako bide beti berritua

Oskarbi taldeak kantu berriekin eta inoiz grabatu gabeko pieza tradizionalekin osatu du 'Xirimiri' diskoa

Oskarbi taldeko sei kantarietako lau, atzoko aurkezpenean. Ezkerretik eskuinera: Bakartxo Maritxalar, Jose Luis Treku, Maite Aizkorreta eta Iñaki Maritxalar. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Taldearen hasierako urteetako erritmo frenetikotik urrun baldin bada ere, Oskarbi taldeak kantu berriak sortzen, grabatzen eta zuzenean eskaintzen jarraitzen du. Xirimiri diskoa grabatu berri dute taldeko kideek —Elkar diskoetxeak kaleratua—, kantu berriekin eta inoiz grabatu gabeko kantu tradizionalekin osatua ia osorik, eta ondorengo egunetan diskoko kantuak zuzenean entzuteko aukera eskainiko dute bi emanalditan: urriaren 25ean, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; eta azaroaren 3an, 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian. Disko berriko kantuez gainera taldearen historiako bospasei kantu ezagun ere emango dituztela iragarri dute.

Diskoa osatzen duten hamahiru kantuetatik hiru guztiz berriak dira, Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poema bana musikatuz sortutakoak: Xirimiri, Gabon hitzak eta Kuku, hurrenez hurren. Horrez gain, XV. mendeko bi kanta zahar ere badira: Alarguntsa eta Lasturko Miliaren eresia. «Alarguntsa Zuberoakoa da berez», Jose Luis Treku Oskarbiko kideak azaldu duenez. «Europako kantu zahar bat da, Zuberoan bildua, eta guk ematen diogu gure berezitasun bat, beti bezala. Uste dut badaudela kantu honen beste grabazio batzuk, baina ez dute zerikusirik gure bertsioarekin». Lasturko Miliaren eresia poema, berriz, musikatu egin du Oskarbik, «bere Erdi Aroko zentzuarekin», Trekuk dioenez. «Gustura gaude bertsio horrekin».

Gainerakoan, kantu tradizionalak dira nagusi diskoan, baina gehienak inork inoiz grabatu gabekoak eta «Oskarbiren estilo bereziarekin emanak»: Firlan girun, Ostalierra, Ale arraunean / Balearen arrantza, Andre gaztia jai jai, Leihorik leiho Ipar haizea… Orotara, ordubete inguruko iraupena du Xirimiri-k.

Kantu berriak sortzea funtsezkoa da Oskarbi taldearentzat, aurrera egiten jarraitzeko. «Oso garrantzitsua da kantu berriak egitea», adierazi du Trekuk. «Guk konprobatu dugu entseguekin bakarrik ez garela bizi. Entseguak errutina bihur ez daitezen, behar dugu helburu bat: emanaldi bat, disko bat… Diskoan grabatzeko sei edo zazpi pieza genituen preparatuak hasieran, baina gero gure artean sortu den dinamikak berak bultzatu gaitu aurrera jotzera eta kantu berriak prestatzera. Horregatik da garrantzitsua baita ere jotzea, nahiz eta kontzertu asko ez izan. Hori denentzako da garrantzitsua, baina guretzat bereziki».

Azalarekin, «hasierara»

Azaleko irudiarekin, «hasierara bueltatu» da Oskarbi, Trekuk azaldu duenez. «Jorge Oteizak egin zuen taldearen lehen diskoaren azala, hiru zirkulurekin, eta disko berriaren azala Oteizak egindako azal hartan dago oinarritua». Disko berriaren azalean ere hiru zirkulu ageri dira, eta haietako batean taldearen izena Oteizak erabili zuen tipografia berarekin idatzita dago, diskoaren izenburuko zirimiria irudikatzen duten euri tanten ondoan. Maialen Maritxalarrek diseinatu du disko berriaren azala.

Oskarbiko egungo abeslariak Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar eta Carlos Ruiz dira; grabazioan parte hartu duten musikariak, berriz, honako hauek dira: Iñaki Maritxalar (gitarra), Mari Jose Bergara (pianoa eta teklatuak), Carlos Ruiz (akordeoia), Gontzal Iñarra (flauta), Diego de Vera (perkusioa eta atabala) eta Maite Irusta (biolina). Elkar estudioan grabatu dute diskoa, Jean Phocas teknikari lanetan zutela.

Diskoaren grabazioan «ahotsen eta musika tresnen arteko lan orekatua» egin dutelakoan dago Treku. «Nahi izan dugu tresnek ez dezatela ahotsa oztopa, baizik eta lagundu: intermedioak, sarrerak eta bukaerak tresnekin egiten dira, baina normalean ahotsari lehentasuna emanez».

Oso historia luzeko taldea da Oskarbi, sortu zenetik 46 urte igaro baitira. Horregatik, normala denez, taldeko musikarien zerrendak aldaketa handiak izan ditu, nahiz eta kantarietako batzuk hasieratik diren taldekide. «Jende asko pasatu da Oskarbi taldetik. Orain, batzuk gaude nahiko finko, baina behin kontatzen hasi eta 28 lagun inguru ateratzen zitzaizkigun, hogeitik gora behintzat bai. Jendea sartu eta atera ibili da».

Hamar bat urte egin zituen Oskarbik «nahiko geldirik», 80ko hamarkadaren erdialdetik 90eko hamarkadaren erdialdera bitarte, baina, gainerakoan, bere historiako 46 urteetan bizirik eutsi dio. Lehen urteetan urtero 80 emanaldi inguru egiten zituzten taldeko kideek. «Eta orduan, emanaldietatik aparte, bakoitzak bere ikasketak edo bere lana zuen taldetik aparte. Eromena zen!». Oraingo erritmoa oso bestelakoa da. «Urtero bost edo sei emanaldi egiten ditugu; askoz lasaiago hartzen dugu kontua. Baina astero entseatzen dugu, eta entseguan denok elkartzen gara. Hori oinarrizkoa da. Eta ez da erraza, hainbeste jende izanda, bakoitza taldetik kanpoko bere lanekin eta bere eginkizunekin».

Don Bosco haur abesbatzan ibilitako hainbat kidek sortu zuten Oskarbi, Donostian, 1966an. Hasieran zuzendaririk ez bazuten ere, hutsune hori Luis Romerok bete zuen aurki. Orduko musika berrien eragina bereganatu zuen hasieratik taldeak, jazzarena eta gospela besteak beste, eta oso harreman estua izan zuen garai hartan Euskal Herrian kultura suspertzen ari ziren artista berritzaileenekin, Jorge Oteizarekin eta Ez Dok Amairu taldearekin bereziki; talde horren parte izatera ere iritsi zen Oskarbi. Kantu tradizionala modu berritzailean emateaz gain, kantu berriak sortzeko lanari ere hastapenetik lotu izan zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.