Haur literaturako hamaika istorio bere marrazkiekin osatu ditu urteotan Eider Eibar ilustratzaileak (Zornotza, Bizkaia, 1980). Orain, baina, bere istorio propioa eraiki du Barrukoa albumean. Edo! argitaletxearekin kaleratu berri du bakarkako bere lehen liburua. «Energiaz bete naiz; fase bat ixtea bezalakoa izan da: pila bat bota dut, atzerako bidaia bat egin, eta ikusi dut zer kontatu nahi nuen, nire haserreak, pozak... Eta, orain, esku artean ditudan lanekin oso aske ari naiz, ez dudalako kargarik estilo aldetik, kolore aldetik... Pila bat probatzen ari naiz, nahasten... Oso positiboa izan da».
Bidaia bat egiten da liburuan. Norantz? Zer topatzeko?
Istorioan argien agertzen dena pertsonaiak egiten duen bidaia da: marrazki bat sortzen du lurrean, eta bertan sartzen da. Erorketa moduko bat da, eta bidaia bat, hasiera bat eta bukaera bat ditu, sargune bat eta irteera bat. Egia esan, hiru bidaia dira: bata, nire iraganera egiten dudana; bestea, pertsonaiak egiten duena, hazi egiten baita, neskato izanez sartzen da zulora baina emakumezko izanez ateratzen da; eta, bestetik, organoen, gorputz atalen bidaia ere badago, oroitzapenen edo iraganerako bidaia horretan nik bizi izandako hainbat sentipen halako eszenen bitartez irudikatu baititut.
Autobiografikoa da, beraz?
Oso. Mikel Aierbe izan zen, Edo! argitaletxearen bidez, honetara bultzatu ninduena, eskutik hartu eta bidaia honetan eraman nauena. Nik argi nituen eszena edo irudi batzuk, baina hari narratiboa falta zitzaidan, eta horixe landu nuen Mikelekin [Aierbe]. Izan zitezkeen irudi solteak, baina istorio bat kontatzeko erronka bota zidan; horregatik, nire barrura begiratu, eta esan nuen: «Zer kontatu nahiko nuke? Buruan ditudan irudiak zerk lotzen ditu?». Nire ikuspuntutik egin dut, nire ibilbide profesionala, bizitza ibilbidea ere bai... eta beti marrazkiari oso lotuta.
Erraiak, gorputz biluziak agertzen dira, baina baita bestelako elementuak ere; arrainak eta olagarroak, kasurako. Zer kontatzen dute horiek?
Ilusio handia egiten dit galderak, nire aitari eginiko keinu bat baita, barrura begirako bidaia horretan itsasoa oso presente egon baita nire bizitzan eta, neurri handi batean, aitaren bidez. Txikitako oroitzapen asko itsasoarekin lotuta daude, eta horregatik sartu ditut arrainak, koralak, bihotza olagarroaren garroekin... Baita gardentasunagatik ere. Azkenean, bidaia hori egin ostean pertsonaiaren gorputza gardena da, hustu egin da, eta haren azal barruan itsasoa dago.
Bidaia lasaia dirudi liburukoak. Halakoa izan da zuretzat ere?
Lasaia eta barea izan da marraztean; asko gustatu zait teknikagatik, marrazki motagatik... Hain barea izan ez dena bilaketa eta aurreko lanketa guztia da, frustratu egin bainaiz, haserretu, trabatu... Gasteizko Zuloa liburu dendan erakusketa jarri nuen jatorrizko irudiekin, eta jendeak esaten zidan irudiak oso goxoak zirela baina, edukia aztertzen hasita, nahiko bortitzak direla; hau da, kontatzeko era agian goxoa da, baina kontatzen dena ez.
Nolakoa izan da, nola bizi izan duzu sortze prozesua bera?
Memoria lanketa moduko bat izan da. Ez naiz hutsetik abiatu: aspalditik nituen ideia batzuk, Arte Ederrak egin nituen garaitik; animazio baten edo prentsan ikusitako albiste baten inguruan, adibidez. Bilduma moduko bat egin dut. Berriro oroitzea bezala izan da: «Zer duzu hor barruan bueltaka beti kontatu edo marraztu nahi izan duzuna?». Horien bilketa egin dut.
Xehetasun asko dituzte irudiek. Zure marrazteko era halakoa dela esango zenuke?
Normalean, elementu gutxi sartzen ditut, eta, agian, horiek kargatu egiten ditut. Alde horretatik, espazioak ez ditut lantzen, ez dut sartzen erreferentzia geografiko edo arkitektonikorik. Pertsonaiak, haien keinuak, gorputzen formak... holakoak marraztea oso gogoko dut. Agian, orain bai, orain gehiago landu dut ingurua, baina esango nuke xehetasunak ikuslearen arreta jarri nahi dudan lekuan kontzentratzen ditudala.
Zein teknika erabili duzu? Zeren arabera aukeratu dituzu teknika nahiz koloreak?
Ni eroso sentitzen naizen kolore sorta aukeratu dut: gorriak, laranjak, arrosak... kolore beroak. Urdin-berdexka argitsuren bat ere sartu dut. Eta gero, teknikari eta zuriaren erabilerari dagokienez, kontua da pertsonaia marrazkien bere mundu horretara erortzen denean haren azala zuria izatea nahi nuela, ingerada besterik ez izatea, eta ingerada hori zuriz ikusten nuen. Paper zuria erabili beharrean kartoia baliatu izanak ere bultzatu nau teknika jakin batzuk erabiltzera: akuarela akrilikoekin nahastuta, zuri pixka batekin, arkatzak ere bai... nahasketa bat izan da.
Urteak daramatzazu besteek sortutako istorioak irudiekin osatzen. Orain, oso ezberdina egin zaizu lan hau?
Bai, zailagoa egin zait. Niretzat ohore bat da idazleek beren istorioak pasatzea; jolas bat da, eta pila bat eskertzen dut pertsona batek mundu bat idatziz sortzea eta zure eskuetan uztea, esanez: «Egin nahi duzuna, eman forma». Gozamena da; oso gustukoa dut horrela lan egitea; haiek ideiak ematen dizkidate, eta niri berriak sortzen zaizkit, baina abiapuntua oso argi egoten da, bukaera... Erosoagoa da, paraxut moduko bat jartzen dizute istorioarekin. Hau desberdina izan da; niretzat, nora iritsi izan zen zailena.
Zailagoa bai, baina askeagoa izan da zuretzat lan hau egitea?
Bueno... Ez dut muga hitza erabili nahi, baina ez dago araurik. Beste pertsona batek istorioa ematen dizunean, nahi gabe agian esaldi batean pertsonaia deskribatzen du, edo jarrerarekin nortasuna markatzen dio... Kontua ez da ez dela askea, hori ere asko eskertu behar baitut, normalean idazleek askatasun handia ematen didatelako beti. Nik ez dut askatasunik gabe lan egiten, hori horrela da. Oraingoan, askeagoa baino gehiago, zoroagoa izan da.
Haurren munduan zabiltza batez ere lanean. Oraingoan ez. Estilo aldaketa handia izan da?
Momentu batean, agian pentsatu dut horretan, baina, gero, burutik kendu ditut haurrak, helduak eta mundu guztia... eta oso era berekoian egin dut lan; narratiboki agian bai, pentsatu dut zer ulertuko zen kanpotik, baina, eduki aldetik, nahi nuena egin dut. Eduki batzuk agian ez dira ohiko haur liburuetan agertzen, baina uste dut haurrekin ere ikusi ahal dela liburua. Izugarri polita izaten da ikustea haurrek zeri ematen dioten arreta; zuk pentsa dezakezu gauza bati begiratuko diotela, baina agian beste puntan dagoenari ateratzen diote zuku pila bat... Bitxia da. Badute guk ez dugun halako naturaltasun bat. Liburu hau ez dut egin haurrengan pentsatuz, nigan baizik, baina uste dut edonork ikus dezakeela.
Haurrentzat ez, baina haurra ere hor ageri da. Oso presente duzu. Zer ematen dizu haurren mundu horrek?
Ez dakit, hain dago presente, eta liburu honetan nire haurtzarora egin dudanez bidaia... Uste dut nire haurtzaroa beti dagoela hor; askotan jotzen dut nire bizitzako momentu horretara gauzak egitean, nola jaso daitezkeen ikusteko. Uste dut adin jakin batean daukagun fantasia, irudimenerako askatasun hori oso interesgarria dela gure lan egiteko erarentzat, eta esplotatu behar da. Zuk bi marra egiten dituzu, baina haur batek zazpi ikusten ditu, elefante bat eta zuhaitz bat. Hori horrela da, eta kontuan hartu behar da. Gustatzen zait haurrekin hitz egitea, eta kontatzeko dutena entzutea batez ere, baita nola mugitzen diren aztertzea ere... Niretzat, energia eta informazio iturri dira, eta ni ere haur izan nintzenez, askotan joaten naiz garai horretara. Oso presente dago niretzat.
Eider Eibar. Marrazkigilea
«Askotan jotzen dut nire haurtzarora»
Hitzik ez du batere behar izan kontatu nahi zuen hori kontatzeko, eta album mutua ondu du ilustratzaileak. Atzera ez ezik, barrura ere begiratu du bakarkako bere lehen liburuan; energiaz bete dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu