Idazlea

Harkaitz Cano: «Askotan estua egiten zait euskal literatura»

Soneto bilduma bat argitaratu ostean, poesiaren mugetan zer dagoen aztertu du Canok 'Ulu egiteko bolondres bila' liburuan

harkaitz cano idazlea
Harkaitz Cano. GORKA RUBIO / FOKU
Inigo Astiz
Donostia
2024ko urtarrilaren 23a
05:30
Entzun

«Duela 30 urte eman nuen argitara nire lehen liburua. Altxerri galerian, Lubaki bandakoak inguruan nituela, eta Altxerri orain itxita, Lubaki deseginda, eta poeta ere...». 1994an, poesiaren eskutik azaldu zen letretara Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), Kea behe lainoan bezala liburuarekin, eta, hiru hamarkadaz genero eta hibridazio guztiak zeharkatu ostean, berriz ere poesia darabil eskuetan. 2022ko udazkenean eman zuen argitara Pozaren erdia soneto bilduma (Susa), erabat neurtu eta errimatuta. Eta, horregatik, haren siames maltzurra dirudi iazko udazkenean argitaratutako Ulu egiteko bolondres bila liburuak (Susa). Dena librean. Konplexurik gabe nahasi ditu bertan poema konbentzionalak, txisteak, zein han eta hemen solte topatutako beste autoreen esaldiak. Badu ulu baten transkripzioa daraman pentagrama bat, eta badago, alderantzikatuta, poemaren titulua poemaren ostean daraman testu bat ere. Zeramikazko ontzia erortzen utzi, nola apurtzen den ikusi, eta, gero, puska nahasi eta sakabanatu horiek zeramikazko ontzi izaten jarraitzen ote duten aztertu nahi izan balu bezala.

Esanen dute hau ez dela poesia, baina...

...baina poesia su festa bat da? Aforismo gotor bat da? Poesia da zu epatatzea espero duzun zerbait? Konfesio gordin bat da? Hoskidetasun polit bat da? Probokazio bat da? Inkoherentzia bat? Non daude poesiaren mugak? Niretzat, poesia da bilaketa bat eta talka bat, besteak beste. Baina poesia baino gehiago, niri ekintza poetikoa interesatzen zait. Fede kontua da poesia? Kontestu kontua? Nik jartzen badut testu bat, ez poema bat, baizik eta testu bat Susako poesia bildumaren barruan, jada automatikoki poesia bihurtzen da? Zer testuk ametitzen du erresistentzia proba hori? Eta hori izan da egin nahi izan dudan esperimentua: poesia mugetara eramatea, mugak pasatzea eta ikustea ea zer geratzen den hor.

Galdera marka asko behar izan dituzu erantzuteko.

Beraz, garbi geratzen da poesia galdetzeko lekua dela. Poesia gogoangarria denarekin lotzen da, eta buelta asko eman dizkiot horri: gogoangarria dena da poetikoa, edo gogoangarria izateaz gainera itzurkorra ere izan behar du? Eskapatzen zaiguna ez da poesia?

«Poesia mugetara eraman nahi izan dut, mugak pasatu, eta hor zer geratzen den ikusi»

Aurreko liburuetan ere erakutsi izan duzu gune zehaztugabe horretarako zaletasuna, baina oraingoan muturrera eraman duzu. Zure testamentua zela esan duzu lehen.

Nire testamentu poetikoa izan daiteke, baina testamentuak aldatu egiten dira. Ihes fuga puntu bat bakarrik utzi dut, eta hori izan da azkeneko atalari Klarion Laborategia (I) jarri diodala titulua, horrekin aukera izan dezadan Klarion Laborategia (II) eta Klarion Laborategia (III). Hori da neure buruari irekita utzi diodan atea. Beti izan dut apropiazionismo eta kleptomania hori, eta, oraingoan, aske utzi dut neure burua, hain justu, arte munduan, hori egitea inoiz baino zailagoa den honetan.

Zergatik diozu zailagoa dela?

Dena dagoelako gero eta pautatuagoa eta erregulatuagoa. Zinemagileek jada ezin dute jendea kalean grabatu fikzio baterako. Aterako diren guztien baimena behar dute. Koldo Almandoz zinemagileak kontatu zidan liburutegi batean plano bat grabatu zuela aurreko batean, eta beldur zela atzealdean agertzen diren liburuetakoren bat atera duen argitaletxeren batek ez ote zion aurpegiratuko ez zuela baimenik eskatu haien liburuen bizkarra eta logotipoa erabiltzeko, eta, horregatik, apalategiko liburu guztiei buelta ematera iritsi zela, liburuak identifikatu ez zitezen. Inpresionatuta geratu nintzen.

Picassori ez zitzaion burutik pasatzen bere collage bat sortzeko erabilitako egunkariari baimena eskatzea. Komiki pieza bat egin dugu Iñaki Landak eta biok, Astiberri argitaletxeak kaleratuko duen liburu kolektibo baterako, eta kantu baten aipamena jarri genuen. Eta galdetu egin ziguten ea taldearen baimena ote genuen lerro hori erabiltzeko. Ez. «Ba, eskatu». «E-mail bat nahikoa da?». Eta ezetz. «Hitzarmen bat behar dugu». Inork esan dit liburu hau ere ezingo nukeela gaztelaniaz argitaratu, argitaletxe mainstream batean, ze eskatu beharko nituzkeen baimenen zerrenda luzeagoa litzateke liburua bera baino. Kezkatzen nau.

Harkaitz Cano, kalean topatutako kartel baten ondoan. GORKA RUBIO/FOKU
Harkaitz Cano, kalean topatutako kartel baten ondoan. GORKA RUBIO / FOKU
Eta, beraz, zer egin?

Ni pixka bat errebelatzen naiz. Gainera, iruditzen zait nabaritu egiten dela hori. Nola grabatu fikziozko film bat New Yorken edo Tokion, benetako jendea grabatu gabe? Paseoan dabiltzan guztiek izan behar dute estrak. Baina ez al da artea egia puska bat moztu eta kokteleran sartzea eta gero ikustea ea zer ateratzen den? Eta testuekin berdin. Besteen testuak aipatzen dituzunean, esan ohi da iturriak aipatu egin behar direla. Nik hor ere nire zalantzak dauzkat, eta hori da liburuko beste ariketetako bat. Zer gertatzen da testu hori antzaldatzen badut, edo itzultzen badut, edo prosan zegoena etenda jartzen badut, edo gaizki itzultzen badut nahita esaldi bat? Hau da, inoren testu hori noiz bihurtzen da inondik hartu duzula ez aitortu behar izateko bezain ezberdina? Nork jartzen du zigilu hori? Hori asko interesatzen zait. Plagio juizio guztiak jarraitzen ditut. Zirrikitu hori guztiz premiazkoa iruditzen zait lanerako, ze benetan ondo idatzi nahi badugu, eskubidea izan behar dugu besteek ondo idatzitakoa erabiltzeko modu sortzaile batean.

«Benetan ondo idatzi nahi badugu, eskubidea izan behar dugu besteek ondo idatzitakoa modu sortzaile batean erabiltzeko»

Pozaren erdia lanean, halere, salbuespen gutxi batzuekin, bete egin zenituen sonetoaren konbentzio guztiak. Eta orain, aldiz, konbentzio guztien kontra errebelatzen den liburu bat kaleratu duzu.

Bai, liburu bat dionisiakoa da, eta bestea da apolineoa, esan dezagun. Bat orgiastikoa da, eta bestea neurtua, estua, estoikoa. Hasiera batean, Pozaren beste erdia zen orain atera diren poemak biltzen zituen karpetaren izena. Baina gero ez zitzaigun ideia ona iruditu, eta aldatu egin genion izenburua ere. Bestela, jendeak pentsatuko zuen soneto gehiago zirela: komertzialki ez zen ideia ona.

Itxialdi sasoian hasi zinen sonetoekin.

Psikoanalista batek esango luke: «Zuk ez zeneukan zoru irmo bat, ez zeneukan zeri heldu, eta, beraz, erabaki zenuen, oso alai, arau estuak jartzea zeure buruari, zeri heldu izan zenezan». Psikoanalisi merkea. Jendeak ohartarazten zidan nahiko adiktiboa zela sonetoen kontua. Zeure burua estu-estu jartzea, pixka bat, Houdini bezala. Lotzen zara goraino, eta gero, ez dakizu nola, baina atera egin behar duzu. Eta lortzen duzunean, oso gauza ederra da, eta espero gabeko lekuetara iristen zara. Sonetoaren egiturak berak, gauzak egiteko modu horrek aukera ematen dizu solasaldi bat izateko aurretik formatu hori erabili duten guztiekin. Korronte baten parte sentitzen zara.

Agerikoa da, halere, paraleloan idatzitako liburuak direla; zenbait sonetotan, hain zuzen, fragmentuaren eta inperfekzioaren alde idatzi duzulako. «Entseguak maite, baztertu estreinaldiak», dio lerroetako batek. Sonetoak idaztean ere, sonetoak apurtzearekin amesten zenbiltzan.

Bai. Gainera, banituen poema batzuk oso-oso antzinakoak, eta neukan arazoa zen poema batzuk baneuzkala, baina ez nituela sentitzen liburu bereko kide. Kosta zitzaidan egitura topatzea. Muntatze lana oso garrantzitsua izan da, horregatik. Zenbait filmetan bezala, muntatze horrek eman dio zentzua urte luze hauetan iraun duten eta azken bi urte hauetan idatzitako poemen arteko uztartzeari. Asko dibertitu naiz.

«Idazle lana zerbitzuko lan bat ere bada, edo, behintzat, nire kasuan hala da, eta gustatzen zait»

111 Akademia-ri eskainitako elkarrizketa batean aipatu zenuen euskaraz idazteak esan nahi duela komunitate batentzat idaztea, eta horren eraginez direla zure azken nobela eta antzezlanak diren bezalakoak; Lasa eta Zabala kasua oinarri hartuta idatzi duzulako Twist nobela, Fakirraren ahotsa-n Imanol Lartzabalen bizialdia kontatzen duzulako, eta Sisiforen paperak eta Hondamendia antzezlanetan Egunkaria-ren itxiera eta Zaldibarko zabortegiaren kasua landu dituzulako, hurrenez hurren. Ardura horretaz libratzeko esparru bat topatu duzu poesian?

Bai. Ezin da hori erantzun, baina bai.

Orduan, horrelaxe geratuko da argitaratuta.

Bai. Idazle lana zerbitzuko lan bat ere bada, edo, behintzat, nire kasuan hala da. Gustatzen zait. Eta lankidetzetan askotan gertatzen da iristen zarela espero ez zenituen leku zoragarrietara. Gehienetan, ez zaitu guztiz asebetetzen. Edo negoziazio gogor bat daukazu lankideekin, gertatu daitekeelako hori batzuetan ere, baina deskubritu dut niri frustrazioaren erotika gustatzen zaidala. Ze frustrazioa dagoen lekuan badago erotika bat ere. Asegabetasun hori aitortzea onesta dela uste dut, eta hori partekatzea ere bai, ze, ziur aski, beste parteak ere nire lankidetzarekiko asegabetasun bera sentituko du. Gure proiektuetan hori ere badago. Nik leku oso zehatzetan errekonozitzen dut. Irakurleak, igual, beste leku batzuetan ikusiko du, edo ez du ikusiko, edo denean ikusiko du, baina nik nireak detektatzen ditut.

Ernst Jandl poeta vienarrak hala deskribatzen zuen sasoiko literaturarekin zuen harremana: «Batzuetan ikusten dut Austriako eta Alemaniako poesiaren egoera, eta dena iruditzen zait hain mortalki serioa, sekulako gogoa sartzen baitzait mundu guztia barrez ikusi eta entzuteko, eta oihu egiteko eta tontakeriak baino ez egiteko». Hala bizi duzu euskal literaturaren testuingurua zuk ere?

Erabat.

Serioegia da?

Askotan estua egiten zait. Agian Donostian bizi naizelako, eta Donostia hiri estua delako, Donestua-San Sebastian. Baina iruditzen zait batzuetan ez dizkiogula geure buruari baimentzen baimendu behar genizkiokeen zenbait aukera. Edo badagoela gero eta gehiago, igual, moda bezala pertzibitzen diren korronte horien predominantzia handiagoa. Nork bere kapritxoekiko lizentzia gutxiegi edo? Ez dakit, batzuetan hori pentsatzen dut, baina igual ekibokatuta nago. Saiatzen naiz gero eta gutxiago teorizatzen nire lana, ze konturatu naiz gero eta urrunago sentitzen naizela teorizazioa lantzat daukaten horiengandik.

«Ironiak orain beldur handiagoa ematen dit duela 30 urte baino; ikusten dudalako gertu egon daitekeela sarkasmoaren errazkeriatik»

Euskal Herriaren iraganaren kontakizunari buruz ere badira gogoeta batzuk liburuan. Gure sasoia poemakoa, kasurako. «Guk gaizki oroitua eta okerrago kontatua./ Beste norbaitek trakets irakurriko duena».

Eta guk eraldatu ahala arrotz sentitzen duguna. Arkitekto bati irakurri nion hori bera beste era batera esanda. Guk maite dugu besteek guretzat egin duten hiria, baina guk hiri horretan parte hartzen dugun bitartean, aldaketak eragiten ditugu giroan, eta aldaketa horiek berak zaizkigu arrotz. Hor badago paradoxa bat. Ze benetan maite duguna sortzen ez dugu guk parte hartu. Miresten dugun literaturan ere, igual, guk ez dugu parte hartu, eta parte hartu dugun horrekiko, beharbada gertutasun eta inkontzientzia horregatik, iruditzen zaigu pikutara joan dela gure hiria, gure literatura. Uste dut gertatzen dela.

Durangoko Azokan egin zenuen errezitalean, barre egin zuela esanez atera zen jendea.

Niretzat hori gauza handia da. Egia da baduela arrisku bat ere horrek; jendeak aipatzen didan beste gauza bat izaten delako ironia asko erabiltzen dudala. Eta jendearen komentarioak ez zaizkizu heltzen, normalean, kafe bat hartzen ari zarela. Kontzertu baten erdian izaten da, «irakurri diat liburua, eta ironia asko daukak hik, adarra asko jotzen diguk», eta badoa. Telegrama sozial horiek oso ederrak dira. «Irakurri diat liburua, eta hitz eginen diagu». Hori da terriblea.

Ez delako egia izaten gero.

Gero inoiz ez duzu hitz egiten.

Kezkatzen zaitu ironiarenak?

Beti aipatzen didate, eta buelta asko eman dizkiot. Horregatik, niretzat, kabezerako esaldia izan da [Jose Luis] Padroni ikasi nion Francis Picabiaren bat: «Ironia da desesperatuen kortesia». Ez dut konprobatu esaldia benetan hala den, ez dut berriro ikusi, baina horrela ikasi nion, eta horrela erreproduzitzen dut. Eta hor, esaldi horretan, kortesia hitza da inportantea. Sarrerako deferentzia bat da, ezin zara hor geratu. Ironiak orain beldur handiagoa ematen dit duela 30 urte baino; ikusten dudalako ironia gertu egon daitekeela sarkasmoaren errazkeriatik. Kortesia horren ondoren, mami bat behar duzu. Ironiak erraztu egin dezake mami horren zerbitzatzea, baina ezin zara hor geratu. Irakurle bezala, orain geratzen banaiz ironia huts horretan, ez nau garai batean bezala asebetetzen, eta beldur hori baneukan liburu hau idazterakoan. Izan ditudan beldur bakanetako bat izan da.

Harkaitz Cano idazleari elkarrizketa, 1994ko EGUNKARIAn
Harkaitz Cano idazleari egindako elkarrizketa, 1994ko Egunkaria-n
Elkarrizketa hasi aurretik aipatu duzu: duela 30 urte argitaratu zenuen zure lehen poema liburua.

Apirilean, Liburuaren Egunerako, Altxerri galerian, goiko solairuan, Lubaki bandako nire kideez lagunduta.

Eta esan duzun bezala, Altxerri jada ez dago, Lubaki ez dago, eta, aldiz, zuk poesian jarraitzen duzu.

Bertigo pixka bat ematen du atzera begiratzeak, eta saiatzen naiz atzera ez begiratzen. Baina [Mircea] Cartarescuk esaten zuen poesia dela gurdiaren ardatza, eta hori bai, sinisten dut. Pelikula batean, eguneroko bizitzan, orein baten trafikoko seinalean, hor, ekintza poetiko bat antzematen dugu. Cartarescuk hala deskribatzen zuen, zibilizazio bat kultura batean oinarritua, kultura bat artean oinarritua, arte bat literaturan oinarritua, literatura bat poesian oinarritua, eta poesiaren oinarria zein da? Ba, hori da gurdiaren ardatza. Horrek mugitzen du dena. Eta hori gabe, ezer ez dabil. Ez eguneroko bizitza, ez eta nobela bat ere. Ze nobela batek ere ez badauka ardatz poetiko hori, ez doa inora. Noski, ardatz poetiko hori inkontzientea da askotan. Batzuetan sumatzen duzu badagoela, eta badakizu gutxi gorabehera nondik nora doan. Ardatz horrek, [Xabier] Erkiziaren [O gemer filmeko] idien gurdiak bezala, hots bat dauka, eta hots hori poetaren senak ezagutzen du, eta irakurlearen senak ere bai. Uste dut hori dela tarteka poesiarekin berradiskidetzen zaituena.

Eta uste dut poesiaz arduratzen ez den jendeak eta poesiarik irakurtzen ez duen jendeak ere bizi duela hori. Kontua da horri ez diola poesia deitzen, eta esaten du «bua, chaval» edo «que subidón» edo nik zer dakit zer, baina hori ardatz poetiko bat da, edo gertakizun poetiko bat da.

Rafael Cadenasek esaten zuen halako zerbait: poesia ahalguztiduna eta hutsala dela. Hutsala, ez duelako inork irakurtzen; eta ahalguztiduna, hizkuntzarekin daukan harremanagatik. Batzuetan, egun tristeetan pentsatzen dugun arren hizkuntzak negozioak egiteko bakarrik balio duela, edo ezkutatzeko, egun baikorretan pentsatzen dugu ezetz, hizkuntzak badaukala zerbait ahalguztiduna. Horri heldu behar zaio. Horri heldu beste erremediorik ez dago.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.