Baxi Ubeda. Jupiter Jon taldeko kantaria

«Asko gustatuko litzaidake Su Ta Gar eta halakoekin batera jotzea»

Bost urteko ontzea behar izan du Jupiter Jonek 'Pleistozenoko astelehenak' estreinako lana (Bidehuts) kaleratu eta kontzertuetan beraien rock erritmiko pozoitsua jaurtitzen hasteko.

gorka erostarbe leunda
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Oihartzun ugarik (erritmo tribalak, kraut-rocka, hardcorea, popa, M-ak,ahots jokoak...) osatzen dute Jupiter Jon Irunen erroturiko taldearen soinu unibertsoa. Unibertso zirikatzailea, tentagarria, adiktiboa. Nerea Garridok (gitarra), Joxe Caballerok (baxua), Aida Torresek (bateria, ahotsa) eta Baxi Ubedak (gitarra eta ahotsa) osaturiko laukoa Gernikako Trinketean ariko da bihar Willis Drumondekin batera eta Bilboko Kafe Antzokian etzi Lisaborekin. Baxi Ubedak Akauzazte eta Bukaera taldeetan jo zuen, baina orduz geroztik urteak zeramatzan oholtzara igo gabe: «Bizitza batzuetan aspergarria bihur liteke, zoramen apur bat behar da, kontrolatzen ez dituzun gauzak egitea, nora iritsiko zaren jakin gabe, gure kantuak bezala».

Hilabete batzuk igaro dira diskoa plazaratu zenutenetik. Proposamen original eta freskotzat jo dute askok. Bokazio horrekin sortu al zenuten?

Originaltasunarena pitokeria bat da. Ez dut sinesten horretan. Ez dugu ezer berria asmatuko guk. Egia da euskaraz egina izateak plus moduko bat ematen diola. Baliteke horrelako proposamenak euskaraz gehiegi ez egotea. Alde horretatik izan liteke, baina originaltasunak, hitzak berak, urduri jartzen nau. Badago jendea gauza originalak egiten musikan, baina rocka da gauza bat behin eta berriz berrikusten dena. Taldeak eta modak iristen dira, baina aurrekoen irakurketa modura, eta ez da soilik musikan gertatzen. Modernismoaren edo postmodernismoaren gauza da hori. Ziklikoki errepikatzen dira joerak. Ez dakit jada topea jo den rockean, baina gurea rocka da. Rock hitza gustatzen zait niri. Originala denik ez dut ikusten, hala bada ni pozik, baina...

Hori horrela izanik ere, esango nuke unibertso propio bat sortzeko eta lengoaia propio bat erabiltzeko ahalegina egin duzuela.

Hori horrela baldin bada, modu naturalean sortutako gauza izan da. Ez dugu planteatu gauza bat egitea ezaugarri jakin batzuekin. Hori musikan oso zaila da. Musika talde lana da, eta dena lokalean egiten da. Lokalean alferrik da esatea 'nik nahi nuke halako talde bat'... Agian musikari onak badira bai, baina ez da gure kasua. Gu jolasten hasi ginen. Hasieran denbora-pasa bat da. Gero konturatzen zara denbora-pasa ez dela nahikoa, nahi duzula gauza gehiago egin, zuzenean aurkeztu...

Rock primitiboa eta zinematografikoa egiten duzuela ere aipatu dugu kazetariok.

Eta zer da hori? Primitiboa... tira, igual bai. Gustatzen zaizkigun talde askok badute primitibotik. Adibidez, Aidak asko entzuten du The Cramps. Zinematografikoarena ez dakit... ni oso zinemazalea naiz, baina... zer da musika zinematografikoa [barreak].Topikoekin komunikatzen garela uste dut, baina igual balio du jendeak ulertzeko.

Diskoaren estetikari, izenburuari edota zenbait erritmori erreparatuz, esan liteke bederen atzera begiratu duzuela aurrera egiteko?

Gure inspirazio iturriak garai askotakoak dira. Musika ezin da sortu eraginik gabe. Gure kasuan, bakoitzak ditu bere eragin markatuak. Eraginak oso inportanteak dira. Nire kasuan, nerabezaroko taldeak dira. Nerabezaroan musikarekin duzun harremana oso desberdina da. Musika hori oso modu indartsuan bizi duzu, eta talde eta soinu horiek oso inportanteak dira gaur egungo gure soinu eta kantuetan.

Zein dira zure horiek?

Batez ere, 80ko hamarkadako hardcorea eta punka. Gu Andoaingo gaztetxera joaten ginen sarri, eta horra etorri ziren talde pila bat oso onak. Kontzertuetara joaten ginen, talde bakoitzak zer egiten zuen jakin gabe. Baina ez genuen zalantzarik izaten oso ondo pasako genuela. Gero, beste talde askok eragin didate. Hori dena hor egongo da inkoszientean.

Jupiter Jonen kontzertuak ikusita badirudi badagoela ondo pasatzeko asmo bat.

Bai, askotan, hori lortzeko, esperientzia behar da, eta guk oraindik ez daukagu gehiegi. Kontzertuetan asko gozatzeko denbora bat behar da, kantuak arnasa hartu behar du, sortu eta ondoren. Segurtasuna behar da ondo pasatu ahal izateko, baina pixkanaka ari gara sentipen hobeak izaten. Bermeon jotako azken kontzertuan primeran pasatu genuen. Publikoa oso ona zen. Ematen zuen duela 20 urteko kontzertu batean geundela: jendea dantzan eta taldekoak xaxatzen. Oso ondo pasatu genuen. Orain da gozatzeko unea. Pasa ditugu lau-bost urte zuzeneko bat prestatzen eta iritsi da unea.

Musikaren alderdi ludikoa galdu egin al da azken urteetan?

Niretzat ideia ludikoa oso inportantea da bai musikari bezala eta baita entzule bezala ere. Jendea zuzenean dantzan ikustea da munduko gauzarik ederrena.

Eta ikusten ari zarete, ezta? Zer ondorio atera duzue orain artekotik?

Tira, lau katu gara. Gu ibiltzen garen lekutan publiko gehienak dira lagunak edo erdi ezagunak edo... Guk egiten dugun musika ez da jende askorentzat. Oxala nahastuta banengo! Niri asko gustatuko litzaidake Su Ta Gar eta halakoekin jotzea, edo Lehendakaris Muertosekin eta halakoekin; tira, ez dakit oraindik ba ote dabiltzan! Zergatik ez? Baina gero ez dira gertatzen halakoak. Gauza horiek interesgarriak lirateke, zure publikotik ateratzea, alegia.

Taldea berria da, baina kideak aspalditxoan zabiltzate musikaren munduan. Zerk batu zaituzte?

Laguntasunak. Proiektua hasi zen Aida eta ni kontzertuetan ikusten ginela. Nik Akauzazte utzia neukan, berak ere Lisabo utzi zuen. Erdi brometan esaten genuen egin behar genuela talde bat, eta etiketak jartzen genituen guk geuk ere. Punk futurista egin behar genuela. Ez genekien zer den hori. Elkartu ginen, gitarra jo gabe urte mordoa neraman, eta pixkanaka taldea osatuz joan zen. Laguntasunetik abiatuta sortu zen, pentsatuz musika aldetik ere feeling bat sortuko zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.