«Asko eztabaidatu ostean», Egiguren ere kanpoan

Jesus Egigureni buruz Angel Amigok egindako dokumentala atzera bota du Zinemaldiko hautaketa batzordeak

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Zinemalditik kanpo geratu da Angel Amigok Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteari buruz egin duen dokumentala —Konspiratzaile baten memoriak—. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak sinatutako gutun baten bidez izan du erabakiaren berri zinemagileak. Gutunak dio «asko eztabaidatu ostean» hautaketa batzordeak erabaki duela dokumentala ez ematea. Rebordinosek sinatutako gutuna herenegun jaso zuen Amigok.

BERRIA-ri eginiko adierazpenetan, dokumentalaren zuzendaria harrituta azaldu da Zinemaldiak ezezkoaren berri emateko behar izan duen denborarekin eta, bereziki, Rebordinosek eman dion azalpenarekin. «Gutun bidez ezekoa edo baiezkoa jasotzen duzunean, ez dizute azalpenik ematen. Baina, kasu honetan, asko eztabaidatu dutela esan izanak ematen du zer pentsatua».

Barrura begiratzeko leihoak, bost euskal presori buruz egindako dokumentala ere atzera bota du Zinemaldiak, joan den astean kazeta honek aurreratu zuen bezala. Dokumentala ez dutela onartu jakinarazi diete soilik, eta ez dute inolako azalpenik jaso; ez, behintzat, jendaurrean. Orduko hartan, Amigok bere kezka azaldu zuen, erantzun baten zain jarraitzen baitzuen. Uztail amaieran edo abuztu hasieran jaso zuten baiezkoa edo ezezkoa gainontzeko filmek; kanpoan geratu den Gazta zati bat dokumentalak, adibidez.

Zinemaldiko zuzendaritzak gaur jakinaraziko du ofizialki Zinemira sailean onartuak izan diren filmen zerrenda —euskal zinemari buruzko saila da Zinemira—. Agerraldian, parte hartuko dute, besteak beste, Jose Luis Rebordinosek eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

Amigok adierazi duenez, «subiranotasun osoa» dauka hautaketa batzordeak zein film onartu edo ez erabakitzeko orduan, baina uste du bere dokumentalaren kasuan zein presoei buruzko dokumentalaren kasuan «ikuspuntu politikoak» eragina izan duela. «Susmoa daukat horrek eragina izan duela. Halere, ez daukat hori baieztatzeko elementurik».

Amigok azaldu duenez, dokumentala errodatzeko nahia piztu zitzaionEgigureni buruz Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak politikariari buruzko liburua kaleratu zuenean. Amigok adierazi duenez, bai liburuaren gainean eta bai pelikularen gainean beti egon da «itzal moduko bat». «Bere alderdiko kideek Egigureni esan izan diote tokiz kanpo zeudela liburua eta pelikula, baina berak aurrera egitea erabaki zuen». Zuzendariak azaldu duenez, bere asmoa zen «dokumentu historiko bat» egitea, 2005-2006ko bake prozesuari buruz. «Baina Egiguren politikoa biluztu eta pertsona azaldu da». Besteak beste, politika uzteko asmoa agertzen du Egigurenek dokumentalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.