Jonas Bonnetta planetaren punta batetik Larhun kaskorat jin da, Usopop elkarteak antolatutako artista erresidentzian parte hartzeko: Nahia Zubeldia, Vincent Bestaven, Paxkal Irigoien, Peio I. Erramuzpe, Gartxot Unsain, Aitor Etxebarria, Orbel eta Rüdiger taldeetako musikariekin batera. Euskaldunak dira denak, kanadarra salbu, eta heldu den asteburuan egingo den Mapa Galduak festibala kari jautsiko dute gain hartan kreaturikoa, Mugarri 25 izenpean. Saran (Lapurdi) izanen da, igandean, 18:30ean; eta egun horretan arituko dira Tarta Relena eta Herman Dune ere. Aurrez, ortziralean, Zetkinek eta Kurtney Barnetxek joko dute; eta hurrengo egunean, larunbatean, Mursego, Just Mustard, Vulk, Lukiek eta Tiri&Tery taldeek.
Ez duzu lehenbiziko aldia Euskal Herrian, ezta festibalean ere.
Uste dut hirugarren aldia dudala! Hondarreko aldian, Usopop festibaletik landa, egun batzuk egon nintzen idazten.
Zer diozu Larhun kaskotik?
Sinestezina da. Jende ederra dago, eta musikari bikainak daude. Eta ikuspegia sinestezina da. Irreala!
Zerk zintuen akuilatu Kanadako zure oihan zokotik ateratzeko?
Euskal Herrira itzultzeko edozein aukera zirraragarria zait, bistan dena, baina ezezagunekin mendi kaskoan konposatzeko ideia oso interesgarria izan zitzaidan. Laket dut hutsetik hasi eta taldean zerbait eraikitzen esprabatzea. Gainera, paisaia inspirazio gisa erabiltzearen desafioa ere maite dut.
Hamaika euskal artistak inguratzen zaituzte. Bitxia dateke zeure burua ikustea gutxiengo linguistikoan, ez dea hala?
Hala da, eta zoragarri. Hizkuntzaren gainean desberdin pentsatzea eragiten dit, eta hori zinez ederra da kantuak idazten entseatzen zarenean. Izkiriatzen ari naizen musikan euskarazko hitz batzuekin jostatu naiz, eta, gero, haien erranahia eta hizkuntzaren garrantzia ematen saiatzen naiz. Afari lengoaia usuenik euskara izaten denez, entseatzen naiz hartaz zopatzen.
Zer diozu euskararen gainean?
Ez nuen eskualde honen ezagutza handirik hona jin aitzin, baina berehala jakin nuen Euskal Herriak komunitate sen handia duela, eta zinez hitz egiten didala. Gainera, beraien lurrarenganako maitasunaz eta mendien estimuaz ere ohartua naiz. Leku berezia da hau; euskal jendeak badaki hori, eta fier da. Errespetatzen dut.
Maddiren trajeria pastorala ikustera joan omen zara.
Amets bat bezala izan zen. Ailegatu berriak ginen Kanadatik, bidaiak arras akiturik, baina 3 urteko semea herrirat eraman nahi genuen gauzak ikustera, eta ikusgarri betean ziren. Liluragarria zen, eta, hizkuntza mintzo ez badugu ere, energia nabaria zen. Biziki une gogoangarria izan da ene familiarentzat. Batez ere Gem semearendako. Aire danborrak jotzen ari ziren bateriarekin batera! Gogoan izan dut nire idatzian. Menturaz ikusi dudanaren zati bat sartuko dut ene kantuetan.
Musika lengoaia unibertsala da; ediren ote duzue oinarri komunik?
Aisita zen! Jotzen hasi bezain fite atzeman dugu ororen artean. Denak elkarri behatuz eta sentiberatasunez jokatuz. Honi ihardesten diodan bitartean, taldea entzuten dut konposizio berri bat prestatzen. Eta duela ordubete hasi dira. [Kur-kur-kur]. Loriagarria. Isolamendua giro ezin hobea da zentratu eta lanean hasteko.
Zeri eman diozu amore?
Senetik ari naiz. Kanpora egoa. Ongi pasatzen ari bazara eta ona dela senti baduzu, aitzina. Martxan ez bada, aitzinatzeko tenorea da. Zerbait ikertu behar ez bada, bederen. Gero, jokatzen segi, errebelatu arte. Baina uste dut ez dudala nehoiz amore emanen. Beti baita bide bat, helmugara heltzea merezi duela uste baduzu.
Pirinioak izeneko kantua baduzu; zein da haiekin duzun lotura?
Ene idazketa guzia ene inguruan inspiratuta da, eta mendietan idatzi nuen hondarreko aldian eragin sakona izan zuten enegan. Kantuak nazioarteko arrakasta izatea espero nuen, mendian etxe bat erosi ahal izateko. Magia duten mendi bereziak dira.
Haien gainean idatzi duzu, eta haien baitatik ari zara sortzen orain. Nola sentitzen zara?
Ezin hobeki sentitzen naiz, sekulako xantza dut. Galdetu izan didate nola sortu dugun musika hau guzia hain denbora gutian: errotik ziur nintzen honat igatean musika gugandik aterako zela, eta hala da.
Igandeaz geroztik, zein da elkarrekintza horien emaitza?
Lau kantu sortu ditugu, baina beste ideia asko elkartzen ari dira. Lan handia da, eta, behin dena idatzia izanen delarik, praktikatzeko eta praktikatzeko aro da. Hala ere, ezin zen hobeki joan.
Igandean zer aurkeztuko duzu?
Zerbait zinez berezia sortu nahi dut ene familia eta ni hona ekarri gaituzten lagunei itzultzeko. Biziki ongi pasatu nahi dut ene lagun berri guziekin. Haiekin zerbait magikoa partekatu nahi dut. Hemen eta herrian ditugun sentimenduak transmititzeko. Hala bada, harrigarria izanen da.
Azaroaren 3an ez zinen aurreikusia Atabaleko egitarauan, baina oholtza gainean agertuko zara. Zer duzu kantatuko?
Abesti berri batzuk eta pare bat zahar joko ditut. Nihaurek emanen dudan saio laburra izanen da. Tropa berri hau guzia eraman nahiko nuke jotzera. Kur-kur.
Aste honetan lantzen ari zareten zerbait erakutsiko duzua?
Lantzen ari garena grabatzen aritu gara, pena bailitzateke kantu hauen guzien diskorik ez jalgitzea. Gauza bikainak daude, eta kopia bat etxera eraman nahi dut oroitzapenak atxikitzeko.
Zure disko berriena, Heavy Nights, 2020koa da. Baduzua proiekturik martxan?
Disko berri batendako hamabost bat kantu abiatuak ditut, baina etxeko estudioan zinez lanpeturik ibili naiz bertzeendako proiektuak lantzen. Araiz, negu honetan aitzinatuko ahal naiz.
Larhun kaskoko kreazioren bat baliatuko duzua karrikaratuko duzun diskoan?
Bai, araiz! Dudarik gabe: hemengo hitzak baliatuko ditut. Gainera, ene grabaketa ekipoa ekarri dut; beraz, mikro bereziekin mendian ibili naiz, eta Larhuneko giroa harrapatzen aritu. Bibrazioak grabatzen dituen mikro sismiko bat badut, eta hori erabili dut mendiko hainbat lekutan, sustut hemen gaineko altzairuzko kableetan: metala zeharkatzen duen haizeak soinu paisaia zinez politak eta biziak sortzen ditu. Beraz, hauek guziak ene ondoko bakarkako disko instrumentalean erabiliko ditut. Aski soinu bil ditzaket Larhun kaskotik disko bat egiteko.
Zerbait gehitu nahi duzua?
Usopopi eskerrak eman nahi dizkiot ongi moldatuko nintzela sinesteagatik, eta hona ekartzeagatik. Gem gure semeak lehen bidaia du, eta biziki kontent naiz Euskal Herrian. Eta bistan dena, eskerrak Dani eta Itziarri mendi kaskoan batzarri egiteagatik.
Jonas Bonnetta. Musikaria
«Aski soinu bil dezaket Larhun kaskotik disko bat egiteko»
Pirinioen gaineko kantu bat idatzi zuen 2020an Bonnettak, eta orain haien baitatik sortzen ari da, hamaika musikari euskaldunen artean: Larhun kaskotik, Usopop elkarteak gomitaturik, Mapa Galduak festibala kari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu