Aspalditik datorkio musikarako zaletasuna Iratxe Aguilerari (Gasteiz, 1996). Duela lau urte, Youtubeko kanal bat ireki zuen, eta, ordutik, hainbat kanta ezagunen bertsioak jarri ditu bertan. Argi zuen musikarako bokazioa, eta iaz bere doinuak ekoizteari ekin zion, Chickjuarez lagunarekin batera. «Esperimentatzen hasi ginen, eta ikusi genuen Euskal Herrian hutsune bat zegoela musika urbanoan, are gehiago euskaraz», azaldu du. Hari horri tiraka, euskara, reggaetona eta aldarri feministak uztartzen zituen proiektu bat aurkeztu zuten iaz Durangoko Azokak antolatzen duen Sormen Bekara, eta irabazi egin zuten. «Besterik gabe aurkeztu ginen. Ez genuen irabazterik espero», aitortu du. Kai Nakai hartu du izen artistiko gisa proiektuak.
Euskal identitatea eta exotikotasuna bilatu zituen artistak bere ezizenerako. Kai euskal hitza hartu, indonesieraz goxoa eta bihurria esan nahi duten hitzak gehitu, eta dena batuta sortu zuen bere marka Aguilerak: Kai Nakai. «Zaila izan da izena topatzea, baina argi nuen ezizena nahi nuela», adierazi du. Aguilera da Kai Nakairen aurpegia, baina azpimarratu du talde oso bat duela atzean. Esaterako, Chickjuarez du ekoizle, eta Jon Maia bertsolaria izan da doinu dantzagarriei hitzak jartzearen arduraduna.
Orain dela hilabete bat kaleratu zuen bere estudioko lehen lana izango denaren aurrerapena: Kolpe. Musikariaren arabera, emakumeak jai giroan askatasunez aritzeko beharraz mintzo da kantua: «Nazkatuta gaude babosoekin. Ongi pasatu besterik ez dugu nahi, eta ez dugu gizonezkoen beharrik». Doinu dantzagarriak eszenografia ikusgarri batekin aurkeztu ditu lehen proposamenean. Aguileraren hitzetan, kantuaren mezua metafora bidez irudikatu dute bideoklipean: bi lagunek ziria sartzen diete mutilei, bakean utz ditzaten. «Oso harrera ona» izan duela gehitu du, baina, era berean, gertukoek helarazi diote «arraroa» egin zaiela estilo horretan euskara entzutea.
Hain zuzen, nahiz eta estilo urbanoei dagokienez hutsunea sumatu, uste du Euskal Herrian gero eta talde gehiago ari direla animatzen traparekin, reggaetonarekin eta soinu sintetikoagoekin aritzera. «Errealitate bat da; gaur egun, gazteok gehien kontsumitzen dugun musika estilo urbanoetakoa da». Hala, «ideia ona eta polita» iruditu zitzaien euskara mugimendu horretara gerturatzea.
Diskoa, abendurako
Aguilerak abenduan aurkeztu beharko du azken emaitza, Durangoko Azokan. Zortzi kantuko diskoa izango dela aurreratu du, euskara hutsean. Reggaetona izango da nagusi, baina ez dute alboratzen beste estilo batzuk jorratzea. Halaber, sareetara beste kanta batzuk ere igoko dituela adierazi du: «Hizkuntzari ez diogu aterik itxi nahi, baina diskoa euskaraz izango da. Besteak, momentuz, nire sareetan baino ez dira egongo». Era berean, azpimarratu du kantuek oinarri feminista bat izango dutela. «Musika estilo hau gizonezkoek egin dute beti, eta matxistak izan daitezke letra batzuk. Emakumeak ere gai gara reggaetona egiteko, eta mezu feministak zabaldu nahi ditugu».
Hain zuzen, Sormen Bekaren epaimahaiak hori baloratu zuen: «Edukietan konpromiso soziala erakusten du bazterkeria sexistaren inguruan». Aguilerak proiektuarekiko duen «seriotasuna eta ilusioa» ere azpimarratu zuten epaimahaikideek. Eta, gazteen artean euskara sustatzeko duen balioa ere aintzat hartuta, proiektu irabazle izendatu zuten.
Askatasunerako deia, doinu dantzagarriekin
Durangoko Azokak antolatzen duen Sormen Beka jaso zuen Iratxe Aguilera gasteiztarrak, eta, Kai Nakai izenpean, lehen aurrerapen kantak kaleratu ditu. Azken emaitza abenduan aurkeztuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu