«Musikak eta dantzak zuzenean sortzen dituzte emozioak, eta erantzunak ere bai. Arrazoimenetik pasatzen dena astiroago joaten da. Musikak eta dantzak eragin zuzena dute gorputz osoan. Mendebaldeko pentsaeran, hala ere, banatuta dauzkagu gorputza batetik eta burua bestetik. Eta horrek ez dauka ez hanka ez buru, dena batean bizi baikara, eta ez gara bi. Gorputzaren bidez ere ezagutzen ditugu gauzak». Elena Martinez Rubio (Bilbo, 1957) idazle eta itzultzaileak hausnarketa batzuekin eman dio amaiera Egun gorrietan saiakera liburuaren aurkezpen ekitaldiari.
«Gaur egungo teknologiak ordezkatu egin nahi ditu berez dauzkagun zentzumenak», ohar egin du idazleak. «Protesi batzuk jartzen dizkigu teknologiak, eta gure gorputzaren bidez dugun jakintza galtzen ari gara. Konturatu gabe, protesi horien mendeko bihurtzen gara. Momentu honetan, hortik doa gizakiaren eboluzioa: adimen artifiziala eta abar; dena besteren esku utzi, roboten esku utzi. Gure zentzumenak makaldu egingo dira, eta erabat haien menpeko geratuko gara. Orain ez dugu orientatzeko sena, GPS bat daukagu-eta. Horrela ari gara askatasuna galtzen». Eta irri egin du ironiaz: «Azkenean makina bat beharko dugu, esango diguna 'gose zara', edo 'edan ura', edo 'komunera joan behar duzu'. Horrantz goaz; argi dago».
Gogoeta eta zehaztasuna
Egun gorrietan saiakera liburuan 25 artikulu bildu ditu Martinez Rubiok. Askotarikoak dira gai eta forma aldetik, asmoz eta ikuspegiz. Historia, politika, literatura, musika, antropologia, hizkuntzak, filosofia, zientzia, teknologia... ugari dira gogoeta gaiak. Liburuari paratu dion azpitituluak ere abisatzen du: Sigi-sagako gogoetak.
Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez editorearen iritziz, «ezaugarri tinko bat dute pieza hauek guztiek: zehaztasuna».
Liburuko lehenengo artikuluak Deabru gurea du izenburua, eta esaldi hauxe dakar aurrena: «Herbehereetako herritarrek 'Laurogei urteko guda' (1568-1648) deitzen diote Espainiako legetik askatzeko egin zuten ibilbide luze latzari». Eta ondoren, Friedrich Schiller idazleak 1788an argitaratutako liburu bat aipatzen du: Espainiaren gobernupetik askatzearen Herbehereetako probintzia batuen historia.
Bigarren artikuluan, Jose Rizal filipinarraren eta Gustav Landauer alemaniarraren heriotzez jardutean, hau idatzi du: «Biak ala biak, giza duintasunaren eta eskuzabaltasunaren eredu».
Hirugarren artikuluan Guglielmo Jervis ingeniari, alpinista eta partisanoari buruz ari da, 1944an fusilatutakoaz; baina baita Alpeetako valdestarrez ere: «Nahiz eta zapalkuntzarik gordinena pairatu, valdestarrek ez zuten inoiz etsi».
Laugarren piezan, XX. mendeko Alemaniaren historiari begiraturik, legeaz eta zuzenbideaz diharduenean, Gustav Radbruch irakaslearen iritzia gogoratzen du: «Beti egon daiteke arriskua legeak 'zuzenbide bidegabe' bihurtzeko».
Elisabeth Freundlich idazle austriarraren liburu batez ari da bosgarren piezan. Nazismoaren aroan, Frantziara atzerriratu ziren erresistentziako kide batzuei gertatutakoa kontatzen du. «Ezkerraren asmo askatzaileak ere ageri dira». Eta Martinez Rubiok gaineratzen du: «Beregain bizitzen ahalegintzen diren emakumeek gizonekin lehiatu behar dute».
Gisa horretan aurrera egingo du irakurleak hurrengo hogei artikuluetan, gogoeta anitzen bideetan barrena, askatasunaren gaitik asko urrutiratu gabe.
Desprogramatzeaz
Gimenez Bechen arabera, gizartean dauden tentsioak agerian jartzen ditu Martinez Rubiok. «Tentsio horien kontzientzia izatea proposatzen digun. Ez da programatikoa; ez du esaten nola aurre egin behar litzaiokeen kasu bakoitzari».
Idazleak arrapostu eman dio, esanez ez duela maite programa hitza. «Uste dut desprogramatu egin behar dugula. Jaiotzen garenetik saiatzen dira gu programatzen, eta egin behar den lehenengo gauza desprogramatzea da. Kanpotik inposatu zaizuna edo saldu zaizuna bereizten ikastea da egin beharrekoa. Nork bere bidea egin behar luke, nork bere burua ezagutu, eta askatasuna bilatu».
Andrei Tarkovski zinemagile errusiarraren esanak eta sormen lanei buruzko gogoetak hizpide izan ditu Martinez Rubiok. Zinemagilearen ustetan, lanbide baten trikimailuak aise ikas litezkeen arren, sortzailea duintasunez eta burujabetasunez lanean aritzea da zailena, eta berezko nortasunari lotzea. «Trebetasun teknikoaz harago, garrantzitsua da erabaki etiko bat hartzea mota guztietako agintekerien mendeko ez izateko, dela diktadura politikoarena, dela merkatuarena».
Arte arloetan bezala zientzian funtsezko balioa du jarrera etikoak. «'Zientziak salbatuko gaitu!', entzuten dugu. Baina zein zientziak? Izan ere, aurrena jakin beharko da zientzialari horiek norentzat lan egiten duten».
Askatasunaren galeraz
Elena Martinez Rubiok 'Egun gorrietan' saiakera liburua plazaratu du Alberdania etxearekin. Era askotako gaiez dihardu 25 pieza laburretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu