Musika itsaskorra; hizki aldarrikatzaile zuzen eta sinpleak; bideoklip landu eta bizia. Arrakasta izateko beharrezkoak diren zenbait osagai zituen Hesian taldearen Zerotik kantuak, eta arrakasta izan zuen. Ez zen taldearen garairik oparoenean izan, ez zuen izan hasierako batzuen gisako eragina, baina taldearentzat nahiz zaleentzat kantu garrantzitsua izan zen, taldeko abeslaria izandako Zuriñe Hidalgok gogora ekarri duen moduan: «Kontzertuetan nabaritzen genuen: errepiketan jendearen garrasiak neure ahotsaren gainetik entzuten ziren askotan».
[YouTube]https://youtu.be/E2lD-vp7n-I[/YouTube]
2016an argitaratu zuten Zerotik kantua, taldearen hamargarren urtemugarako prestatutako Hesian diskorako (Baga Biga). Abestiak mezu zehatz bat helarazi nahi dio hartzaileari: muga ororen gainetik, «mundu zoro honetan aske» izan dadila. Hidalgok idatzi zuen abestia, eta haren asmoa zen «askatasuna» aldarrikatzea, «bizitzaren esparru guztietan»: «Teorian, pertsona guztiak askeak garelako nahi duguna izateko, nahi duguna maitatzeko, nahi dugun bezala janzteko. Baina errealitatea bestelakoa da; mugak sentitzen ditugu etengabe. Benetan askeak izateko, askatasuna geure barnean sentitu behar dugu; geure burua aske sentitu behar dugu».
Bideoklipean garai horretako taldekide guztiak ageri dira, dantzan: Danel Ferreño, Iker Toral, Ane Bastida, Fran Urias, Eneko Garziandia, Beñat Larrauri eta Hidalgo bera. Jantziak eta eszenografia aldatuz doaz, eta hainbat pertsonaia irudikatzen dituzte: rock musikariak, kabareteko dantzariak, pailazoak, mimoak... Eta amaieran heltzen da unerik gorenera bideoa: taldekideak pastel tonuez jantzita ageri dira, makillaje deigarriekin; saltoka, margo pigmentuak botatzen, elkarri musukatzen eta laztantzen, une batzuetan biluzik.
Hidalgok zuzendu zuen bideoklipa, eta «aniztasuna» islatu nahi izan zuen. Harentzat ere amaiera da bereziena, eta horrekin lotutako bizipen bat kontatu du: «Eskola edo institutuetan solasaldiak ematen ditudanean bideoklip hau ipintzen diet, eta bitxia da ikustea azken zatian nola erreakzionatzen duten. Asko, oraindik ere, lotsatu egiten dira, barrezka hasten dira... Esanguratsua da, erreakzio horiek pista asko ematen dizkigutelako».
Kantu horrekin batera, beste zortzik osatzen zuten diskoa: Amua, Hemen naiz, Izar, Infinitoarekin, Badakit, Nahi duguna, Ezin ahaztu eta Behar zaitut. Horietako bi, Behar zaitut eta Ezin ahaztu, aspaldikoak ziren —2007koa lehena eta 2010ekoa bigarrena—, eta berreskuratu egin zituzten. Garai hartan, taldekideek aitortu zuten ordura arteko diskorik «intimoena» zela, eta kantu «sentimentalak eta pertsonalak» bildu zituztela; ohi baino gehiago «biluztu» zirela. Lan hori argitaratu zutenerako hamar urte igaroak ziren taldearen lehen urratsetatik, eta haren estiloa aldatua zen.
2006ko udan sortu zuten Hesian, Sakanan (Nafarroa), eta 2007an plazaratu zuen lehen maketa: Maite dugu (autoedizioa). Ondoren argitaratu zituzten Herriaren oihua (2008, Gor), Borrokatu eta irabazi (2010, Trololo Records), Hitzetik (2011, Oihuka-Elkar), Hemen eta orain zuzeneko diskoa (2013), Hegalak astinduz (2014, Baga Biga), Hesian (2016, Baga Biga) eta Hasiera (2018, Baga Biga). Rock, pop eta ska estiloak jorratzen zituzten nagusiki, eta beti emakume eta gizon ahotsak tartekatzen zituzten. Hastapenetan zirenean musika mota hori gorakadan zegoen, eta taldea erreferente bihurtu zen gazte askoren artean. Amaierako garaian pop-rockean kokatu ziren gehiago.
Hasieran euskal gatazkarekin lotutako kontuek zeharkatzen zituzten kantu gehienen hitzak, eta gai pertsonalagoen artean maitasuna ageri zen, kutsu erromantiko nabarmenarekin. Behar zaitut kantua da horren erakusle; hitzek norbaitek beste pertsona batengan duen mendekotasuna adierazten dute: «Eta gaur/ ondoan behar zaitut berriro,/ ez naiz neure bizitzaren jabe;/ zaila egiten zait aurrera egitea,/ negar batean erori gabe». Urteekin, ordea, beste era batzuetako diskurtsoak lantzen hasi ziren, eta azken diskoetan nabarmenak dira norbere buruaren ahalduntzeari edota feminismoari lotutako aldarrikapenak.
2021aren hasieran Hesianeko kideek agur esatea erabaki zuten, hamabost urte eta zortzi diskoren ostean. «Hasiera guztiek dute amaiera bat, eta guri kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu», adierazi zuten gutun bidez. «Emandakoarekin pozik eta jasotako guztiarekin zoriontsu» jarri zioten puntua ibilbideari. Erabakiaren berri eman ondoren BERRIAk egindako elkarrizketan, Hidalgok eta Uriasek azaldu zuten gogoeta egin ondoren konturatu zirela agian horraino iritsi zela talde gisa egin zezaketena: «Egindakoarekin pozik gaude, harro; beraz, listo. Ezer ez da betiko».