Larraitz, Gipuzkoa, 1971. Txindokiren magaletik behera eta Amezketaraino, aparkatuta dauden autoen ilara batek hartzen du bidea. Musika hotsak entzuten dira inguruetan, eta hiru mila bat gazte «gaupasa kolektiboa» egiteko prest daude. Herriko tabernan ez da ez edaririk, ez eta jakirik gelditzen, eta gurasoek ogitartekoak egiten dizkiete beren seme-alabei, ase daitezen. Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Ez Dok Amairuko beste zenbait kide ere bertaratu dira, Enarak taldeak agur moduan antolatu duen jaialdian abesteko irrikan. Soinua ez da espero bezain ona, itzali eta piztu egiten baitira bozgorailuak. «Askatasun gosea» dute gazteek, baina ez dute akelarre bat egiteko asmorik. Euskarazko rock musika besterik ez dute entzun nahi. Hurbildu zirenek pozez oroitzen dute gau hura, eta orain, 50 urteren ostean, emozio horiek gogora ekartzeko aukera izango dute.
Enarak taldeko abeslari izan zen Jon Iturrioz, Beñat Iturriozen aita. Txikitatik entzun izan ditu garai hartako musikaren inguruko istorioak. «Orduan, euskarazko rock musika egiten zuen talde askorik ez zegoen Euskal Herrian; lehenengotarikoa izan zen Enarak, aitaren taldea». Bihurriak, Ameslariak, Urretxindorrak eta antzeko beste talde batzuekin batera, «estilo modernoago bat» eskaini zieten euskal herritarrei. Orain, «aitortza moduko bat egiteko momentua» dela uste du Iturriozek, eta, horretarako, 1971ko jaialdiaren bertsio bat antolatu du. Amorante, Rudiger eta Liher taldeek Enarak-en abesti bana abestuko dute, eta garai hartan entzuten zen musika ere jarriko dute, gainera. Doakoa da sarrera, eta bihar egingo dute, Larraitzen.
1967. urtean sortu zuten Antonio Lopez, Meltxor Maritxalar, Jon Iturrioz eta Josetxo Iñurrieta apaizgaiek Enarak taldea. Donostiako Mundaiz apaiztegian ikasten zuten artean denek, eta bertan ezagutu zuten elkar. «Jon Iturrioz abeslaria eta Kinki Iñurrieta organista elkartu ziren lehenengo», kontatu du Iturriozek. Lopez gitarrista eta Maritxalar baxu jotzailea batu zitzaizkien gero, eta Jesus Calvete bateria jotzailearekin osatu zuten boskotea. «Baliabide ekonomiko askorik ez zuten familiek bidaltzen zituzten semeak apaiztegietara, oinarrizko ikasketak izan zitzaten». Denboraren ahalaz, taldeko kideek guztiz baztertu zuten etorkizunean apaiz izateko aukera, eta musika hautatu zuten ogibide: «Eliza kontuetan baino gehiago, musikan zentratu ziren».
Taldearen ibilbidea ez zen, ordea, asko luzatu: osatu eta lau urtera utzi zioten musika jotzeari. Hala kontatu du Iturriozek: «1972. urtearen hasieran bazekiten soldaduska egin beharko zutela. Horrek bi urtez eten zituen proiektu guztiak». Beraz, taldekideek banatzea erabaki zuten orduan. Lau urte horietan, baina, oso lanpetuta ibili ziren, eta kontzertuak eskaintzen zituzten asteburuero. «Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eman zituzten kontzertuak». Are, disko bat kaleratzeko aukera ere izan zuten: Herri Gogoa. Haiek sortutako hiru kantuk osatzen zuten lana: Ama, Bañan ez eta Solferinoko itsua. 1971n, taldea utzi aurretik, eskaini zuten haien agur kontzertua, Larraitzen hura ere.
'Woodstock', Euskal Herrira
Urte horretan bertan, Amerikako Estatu Batuetan egin zuten Woodstock jaialdi erraldoiaren inguruko filma iritsi berri zen Euskal Herrira, eta taldekideek beren herrian horrelako zerbait gertatuko ote zen galdetzen zieten beren buruei. «Gainera, Wight Island festibala egin zuten Ingalaterran, eta entzule gisa joatea pentsatu zuten». Rock musikan ezinbesteko bihurtu diren musikariak batu zituen, hain zuzen, jaialdi horrek; Jimmy Hendrix, Janis Joplin eta The Doors, esaterako. «Euskal Herrian jaialdiak egiten ziren, baina dantzariak eta albokariak biltzen zituzten, gehienbat». Beste zerbait eskaini nahian ari zen, ordea, Enarak taldea.
Atzerriko jaialdiak oinarri hartuta, beraz, Larraizko kontzertua antolatzeari ekin zioten. «Berrehun pertsona espero zituzten, ez hiru mila; eskasak ziren baliabideak», azaldu du Iturriozek. Hala eta guztiz ere, kontzertua mugarri bihurtu zen Euskal Herri mailan, eta Espainia osoan oihartzun handia izan zuen. «Frankismoko estamentu guztien aurka egiten zuen zerbait bihurtu zen: euskara, askatasun gosea, gazteak... Botere faktikoen kontrako erreakzioa izan zen».
Eskuineko alderdi eta egunkariek, ordea, onartezintzat zuten Larraitzen gertatutakoa, eta «akelarre» bat egitea leporatu zieten bertaratutakoei. «ETAren aldeko panfletoak banatu zituztela zioten Pensamiento Navarro-k eta antzeko egunkariek», esan du Iturriozek. «Gazte mugimendua kaltetu nahi zuten». Ez Dok Amairuk ere jasan behar izan zituen erregimenak Larraizko jaialdiaren aurka ezarritako zigorren ondorioak, eta erabat galdu zuten Nafarroako herri batzuetan jotzeko aukera. «Bertan ez zen inolako akelarrerik egon. Nahi izatekotan ere ezinezkoa zela diote joan zirenek, larrugorritan geratzeko hotz handia egiten zuelako».
Iturriozek ziurtatu du inolako akelarrerik ez dela egongo bihar eskainiko duten emanaldian, eta azaldu du bere helburu bakarra aurreko belaunaldiek egin zuten «inurri lana» onartzea eta ikusaraztea dela. «Lan horiek aldaketak ekartzen dituzte, nahiz eta garai hartako belaunaldiek onartu ez. Baliteke nik haiek mitifikatzea». Biharkoa izango da Larraizko kontzertua gogoratzeko eskainiko duten emanaldi bakarra. Hala eman ditu Iturriozek emanaldiaren gaineko azalpenak: «Antzerki moduko bat izango da, memorian gordetzeko zerbait». Musikaz gain, Enarak taldeari eta jaialdiari buruzko informazioa emango duten panelak ere jarriko dituzte.
Iturriozek, bien bitartean, aitaren taldea oroitzeko egiten ari den dokumentalarekin jarraituko du.
Askatasun gosea zuen gazteria
Enarak taldeak 1971n egin zuen agur kontzertua berregingo dute bihar Larraitzen. Amorante, Rudiger eta Liher taldeek garai hartako kantak oholtzaratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu