Nafarroako Museoko Laugarren solairuko areto txiki batean jarri dute bere obra, eta gustatu zaio kokalekua Elena Asins artistari. «Leku lasaia da, eta ematen du gogoeta egiteko aukera. Nor bere baitan bil liteke hemen bisitaria, eta hori da arte lanean murgiltzeko bidea». Baretasun eta barnerakoitasun horiek dira, hain zuzen ere, iaz Espainiako Arte Plastikoen saria jaso, eta egun Azpirotzen (Nafarroa) bizi den artista madrildarraren lanen konstanteetako bi. Eta Iruñean ikusgai jarri duten Canons 22 izeneko piezaren kasua ez da salbuespena.
Hiru dimentsioko 72 figuratxo hartzen dituen diptiko bat da lana. Karratu batetatik abiatutako irudi serie bat ageri du haietariko bakoitzak. Serie bakarra da diptikoaren bi aldeetan ageri dena, egia esan, baina bi koloretan errepikatzen da irudia. Zuria da atal bat, eta beltza bestea.
Bach musikariaren lan bat hartu zuen abiapuntutzat Asinsek, baina eskulturara eraman zuen. Bariazio txikiak ageri ditu figura bakoitzak, eta aldaketaz aldaketa egiten du aurrera serieak. Hasierako puntu berean bukatzen da, ordea. «Abiapuntura bueltatzen den itzulera eterno bat da», azaltzen du Asinsek. Zarauzko paseoko eskulturak ere, lan honetatik abiatuta sortu zituen.
Asinsen 'Canons 22' lana jarri dute ikusgai Iruñean
Nafarroako Museoko areto txiki batean egongo da 72 figuraz osatutako artistaren zuri-beltzeko diptikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu