Abstrakzioaren bidean poetika berriak sortu ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan, eta, haiei esker, geometriatik, konkretutik eta analitikotik abiatutako irudi berriak jaio ziren. Artea hizkuntza forma berrietatik edaten hasi zen, eta sortzaileek irudi sinboliko, metafisiko, transzendente eta mistikoetara jo zuten, konbentzio figuratiboak eta informalak zalantzan jarriz. Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908 - Donostia, 2003), Pablo Palazuelo (Madril, 1916 - Galapagar, Espainia, 2007) eta Elena Asins (Madril, 1940 -Azpiroz, Nafarroa, 2015) aitzindarien artean egon ziren abstrakzioaren bide horretan, eta interes komunak izan zituzten euren sortze prozesuetan. Hiru artista horiek abstrakzio geometrikoan egindako prozesuan arakatuta ondu du erakusketa berria Gasteizko Artium museoak: Asins, Oteiza, Palazuelo. Haraindikoari itxura ematea du izenburu.
Museoak bere funtsekin osatu du bilduma, bai eta Pablo Palazuelo Fundazioak, Altxerri galeriak, MV bildumak eta Ostolaza-Paraisok lagatako pieza batzuekin ere; A0 aretoko aparteko espazio batean paratu dituzte artelanak. Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu du Bilduma hau. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketan dagoen beste erakusketa bat dela zabaldu berri dutena, eta gogoetarako eta «azterketarako» abagune izan nahi duela. Izan ere, Fernando Golvano arte irakasle eta kritikariaren begiradapean ondu dute erakusketa, eta haren ekarpena ezinbestekoa izan da hiru artisten lanak elkarrekin ikusteko eta ulertzeko. «Lehen aldia da hiru artistak elkarrizketan jartzen ditugula, eta inoiz ikusi gabeko konexioak bistaratu ditugu», nabarmendu du Golvanok.
«Garrantzi handikoari forma emateko pasioak batu zituen hiru artistak»
FERNANDO GOLVANOKomisarioa
Oteizaren sei artelan, Palazueloren hamar eta Asinsen hamahiru. Denera, 29 artelan jarri ditu ikusgai museoak. Margolanak eta eskulturak dira. Bisitariak goiburuan laburbilduta topatuko du bildumaren mamia, Golvanoren esanetan: «Garrantzi handikoari forma emateko pasioak batu zituen hiru artistak». Ezaugarri antzekoek zeharkatzen dituzte piezak, hala nola geometriak, espazioak, serieak, laugarren dimentsioak eta transzendentziak. Erakusketak aukera ematen du hiru artistak «abstrakzio geometrikoan, sinbolismoan, zehaztasunean, matematikan eta mistikotasunean egindako ibilian murgiltzeko», komisarioaren arabera.
Musika eta matematika
Arkitektura, espiritualtasuna eta musikarekiko interesa izan zuten Oteizak, Palazuelok eta Asinsek, baina modu are nabarmenagoan azken biek. Golvanok kontatu duenez, Palazuelok «bere pinturen eta musikaren arteko benetako itzulpenak» egiteko asmoa zuen, eta halaxe bistaratu zuen Musika III litografian, adibidez: hondo beltz baten gainean modu nahasian margotu zituen lerro zuriak, pentagrama baten antza hartuta. Asinsen kasuan, Erritmo zeihar positiboa eta Erritmo zeihar negatiboa lanetan islatu zuen musikarekiko pasioa; tinta beltzez eta zuriz marraztutako kartoi meheen gainean, partiturak irudikatu zituen hark ere. Bachen musikak inspiratuta ondu zituen.

Asins arte kontzeptualean aitzindari izan zen Espainian, baita ordenagailu bidezko artearen aplikazioan eta algoritmoetan oinarritutako sorkuntzan ere. «Zenbakien zientziarako irekitasuna» zuen haren lanak, eta Menhirrak serieko piezek horixe bera uzten dute agerian. Beirazko eta burdinazko bi eskulturak eta margolan batek osatzen dute seriea. «Hirukiaren aldeen eta osotasunaren arteko harremana islatu nahi izan zuen, sekuentzia eta erritmoa oinarri hartuta».
«Hiru artistek abstrakzio geometrikoan, sinbolismoan, zehaztasunean, matematikan eta mistikotasunean egindako ibilian murgiltzeko aukera ematen du erakusketak»
FERNANDO GOLVANOKomisarioa
Oteizak harrian eta burdinan egindako pieza ezagun batzuk paratu dituzte erakusketan: Hiru kuboide hutseko eraikuntza, Lemoizko gertutasuna seinalatzen duen hilarria eta Mallarmeren omenaldiaren aurretiko bertsioa, tartean. Komisarioak esplikatu duenez, Oteizaren ikerketa lerroetako bat «eskultura masa figuratiboaren eranzte formala» izan zen, eta horrek eraman zuen abangoardia modernoen herentziak berrinterpretatzera.
1970eko hamarkadan, Oteizak hormaren espazioaren portaera ikertu zuen, eta, horretarako, aztergai izan zituen Kazimir Malevitz artistaren margolanetako espazio hutsa, abstrakzioa eta geometria, eta eskultura batzuetan ezarri zituen prozesutik ateratako ondorioak. «Malevitz unitate bat» definitu zuen, eta, hori oinarri, helburu esperimentala zuten piezak ondu zituen: Malevitx erroa duen makla binarioa eskultura da horren erakusgarri.
Aretoko bitrina batean bildu dituzte hiru artisten artelanak ulertzeko dokumentuak eta argazkiak.