Sebastien Vanicek zuzendariaren Vermines film frantziarrak emango dio hasiera jaialdiari, eta Junta Yamaguchiren River filmak, amaiera. Jaialdiaren egoitza nagusia Antzoki Zaharra izanik, film luzeen sail ofiziala osatuko duten 23 filmak bertan proiektatuko dira. Besteak beste, honakoak: Blood, Brad Anderson (AEB); Brujeria, Christopher Murray (Txile, Mexiko, Alemania); Cuando acecha la maldad, Demian Rugna (Argentina); Devils, Kim Jae-hoon (Hego Korea); The Forbbiden Play, Hideo Nakata (Japonia) eta Vincent doit mourir, Stephan Castang (Frantzia).
Bestela proiektatuko diren filmetarik batzuk Viktoria Eugenia antzokian erakutsiko dira, kasurako, nazioarteko eta animaziozko film laburren maratoia, euskal film laburren erakustaldia (lehiaketatik kanpo) eta gazteentzako bi film: Lonely Castle in the Mirror animaziozko film japoniarra eta Karusell film suediarra. Boo Kwai eta museoaren lapurreta (2022) haurrentzako film txinatarra ere bertan erakutsiko da. Tabakaleran, berriz, She Is Conann eta Club Zero film luzeak izango dira ikusgai.
Aurtengo edizioak sorginkeria izango du gai nagusia, eta Itziar Ituñok eman dio irudia kartel ofizialari. Gai horri lotu zaizkio, halaber, Bruixes-Sorginak-Brujas. Akelarre ilustratua eta Sorgin seinalea (Gregorio Muro Harriet eta Daniel Redondo) erakusketak, 2000maniacos fanzinea, Elisa McCausland eta Diego Salgadoren Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburua, Beldurrola euskarazko rol jokoa eta astearen hasierako kale festa. Hori dela eta, kalejira eta jarduerak antolatuko dira Donostiako Bulebarreko Kioskoaren inguruan.