Asier Mendizabal. Artista

«Aseko ez gaituzten gauzak proposatu behar ditugu»

Historian, soziologian eta politikan zehar igaroaldi luzea egin ostean soilik heltzen da eskulturetara Mendizabal, eta horren froga da Bilboko Carreras Mugica galerian azken urteetako lanekin ireki duen erakusketa.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erabat itxi gabe geratzen den esaldi baten. Ulermenaren mekanismoak desautomatizatzeko erronka jartzen dio Asier Mendizabal artistak bere buruari (Ordizia, Gipuzkoa, 1973), eta, hain zuzen ere, horregatik bilatzen du bere lanetan erabat itxi gabe geratzen den esaldi baten sentsazio horixe. Izen garrantzitsua da harena Euskal Herriko eszenan, eta pisuzko presentzia du nazioarteko zirkuituan ere; Sao Pauloko biurtekoan izan zen 2014an, esate baterako; La Caixa fundazioaren Arte eta Mezenasgo Saria jaso zuen 2017an; eta bakarkako erakusketak egin ditu, besteak beste, Madrilgo Reina Sofian, Lisboako Culturgesten, Bartzelonako Macban eta Londresko Raven Row aretoan. Baina maite du aretoen hormez harago begiratzea ere. Stockholmeko Royal Institute of Art erakundean irakasle ere bada gaur egun; San Telmo museoko Museo bikoitza programaren sustatzaile da, eta Kalostra arte eskola esperimentalaren sortzaile izan zen. Azken urteetan sortutako hainbat lan batzen dituen erakusketa ireki du orain Bilboko Carreras Mugica galerian, Ni suma ni fragmento (Ez batura, ez atal) izenburupean. Abenduaren 7ra arte egongo da zabalik.

Maiz egin izan duzu gogoeta monumentuen gaiari buruz, baina beti mesfidantza puntu batez. Harritu egin nau areto erdian halako metalezko pieza handi eta monumental bat topatzeak.

Egia da monumentuez aritu naizela gehiago monumentugintzan baino. Egin ditut hausnarketa asko monumentalitateaz, eta, hain zuzen ere, egiten zaien eskala eskaria izaten da monumentuen arazo nagusietako bat; zeren eta toki publiko batean eratuko badu espazio markatu bat, eskala minimo bat beharko baitu. Eta egia da badirudiela ni ez naizela aritu eskala handi horretan, baina ez dakit guztiz egia den. Aipatzen duzun pieza hori badelako handia, baina badauzkalako beste bertsio batzuk eskala txikiagoan ere, eta badagoelako pieza handi hori ataletan desmuntatzea ere.

Pieza handiarekin batera, haren atalak erakusten dituzu lurrean barreiatuta. Bisitariari eskura jartzen diozu artelana desmuntatzeko tentazioa.

Osotasunaren eta atalaren arteko joko horretan, badago erakusketa osoaren logikarekin uztartzen den intuizio bat: alegia, erakusketa bat beti dela atalez eratutako osotasun hipotesi bat. Erakusketa bat ez delako irakurri behar haren elementuetako bakoitzari bakarrik begiratuta; erreparatu behar zaie elementu horien artean sortzen diren harremanei ere. Eta sintaxi linguistikoari egindako keinu bat ere bada hori: izan ere, zein puntutatik aurrera dute sintaxiaren parte diren elementuek eduki semantiko bat? Letrak ez du, silabak ez du, hitzak badu, baina nahikoa al du daukan hori? Sintaxiarekin behar dugu patroi edo estruktura formal bat esanahia bideratzeko, baina patroi horrek konbentzio abstraktu bat izaten du oinarrian. Eta konbentzio hori oso agerian utzi nahi izan dut erakusketan.

Zure lanetan konstantea da ulermenaren gurpila motelarazten saiatzeko kezka hori.

Etxeko marka, ezta? [Barreak]. Baina atalka zatikatzearena harago doa. Elementu partzialak erakusten dituzunean, berrantolaketa baterako gonbidapena ere egiten duzulako. Ikusten dituzunean atalak bananduta, horrek ere irekitzen du bidea antolamendu alternatibo bat imajinatzeko.

Aurtengoak dira erakusketako lan gehienak, baina bada 2012an sortutako bat ere: bandera gorri eta beltzak elkarrekin josiz sortutako oihalezko teloi moduko bat.

Bi maila daude lan hori prozesatzeko. Bata da formei begiratzea, eta hor erabaki beharko dugu forma gorri bat den hondo beltz baten gainean, edo forma beltz bat hondo gorri baten gainean; biak batera ezin ditugu ikusi. Hondoaren eta figuraren arteko erlazio horretan badago tentsio bat, beraz, baina, bestetik, badago lan hori prozesatzeko bigarren maila bat ere: maila sinbolikoa. Kulturalki bandera horiek irakurtzen ditugu bandera gisa, identifikatzen dugulako banderagintzaren kode bat hor, banda horizontalekin, bertikalekin eta diagonalekin. Eta, gainera, biografiko jarriko naiz orain, baina, izan baduzu internazionalismoarekiko halako liluramendu garai bat, jakingo duzu oihalean ikusten dituzunak direla Erdialdeko Amerikako erakunde gerrillari guztien banderak, bata bestearekin josita. Eta, ezagutzen duzuna eta ezagutzen ez duzuna kontuan hartuz, beraz, oihaleko zati batzuk badira esanahia duten kode formalak, eta beste batzuk, elementu berdin-berdinekin, ez dira ezer.

Formalki izaera independentea dute zure piezek beti, baina, kasu honetan bezala, erreferentzia sare trinkoa eraman ohi dute atzean. Frustratzen zaitu pentsatzeak ikusleari ezkutuan joango zaizkiola lotura horietako gehienak?

Proposamenaren funtsezko parte da ulertzen dugunaren eta ulertzen ez dugunaren artean negoziatu behar hori. Azkenean, ulertu, ulertzen dugulako, segun eta zer mailatan. Eta erakusketako pieza handiek, adibidez, kasik pizten dute erantzun fisiko bat, eskalaren kontuagatik bakarrik bada ere, eta erosoa izan daiteke hor geratzea, baina erosotasun horren kontra egitea da asmoa: pertzepzio hori problematizatzea, eta esanahi hori iluntzea; baina ez iluntzea iluntzeagatik, baizik eta prozesu horri erresistentzia bat sartzeagatik.

Behin eta berriz bueltatzen zara gai antzekoetara zure lanetan. Erakusketako testuan diozunez, adibidez, duela hamar urte bukatu gabe utzitako eskultura serie batera eraman zaitu aurten bukatu duzun Gineako egurrezko zoruak eta arkitektura arrazionalista uztartzen dituen pieza sortak.

Aitzakia historiko horrekin egiten nuen ariketa formalak ematen zidan ondorio eskultural bat, justu-justu duela hamar urte egin nahi izan nuen eta bukatu ezin izan nuen eskultura serie baten berdin-berdina zena. Beste genealogia erabat ezberdina zeukan eskultura serie hark, baina forma berdin-berdinera iritsi nintzen inkontzienteki. Eta horrek pentsarazi zidan, beti ari banaiz esaten badagoela hizkuntzaren aurrekoa den nolabaiteko funtzionamendu formal bat martxan eta gure ulermena baldintzatzen, ba hain justu ere hori zela nire lanean gertatu zen fenomenoa. Alegia, nabilela behin eta berriz halako efektu formal batzuen atzetik, nahiz eta halako alibi bat eraiki behar izaten dudan lan bat egin behar izaten dudan bakoitzean, neure buruari xerka horretan aritzeko baimena aitortzeko.

Deigarria da hori. Eskultorea zara, baina bide intelektual luzea ezartzen diozu zeure buruari forma lantzera iristeko, soziologia, historia, estetika, politika eta beste hamaika diziplina zeharkaraziz.

Egongo da seguru asko konplexu metodologiko bat horren atzean. Azkenean, abstrakzioak arbitrariotasun puntu oso handia dauka.

Igar daiteke konplexu hori abstrakzioa lantzen zuten abangoardistengan ere, haiek ere teoria konplexuak sortzen zituztelako beren lana justifikatzeko.

Bai, baina alderantzizkoa da nire bidea. Izan beharrean gerora datorren nolabaiteko sistematizazio bat, hemen da lanean hasteko baldintza bat.

Duela bost urte erakutsi zenuen areto honetan berean. Zer da zuretzat Bilbon erakustea?

Hemengo ikusleria ez da ikusleria ideal bat, ikusleria oso-oso konkretua da. Eta ikusleria izango den jende askorekin ibili naiz sorkuntza prozesuan ere. Badaude zenbait pieza oso hurbileko ditudan artistekin kasik-kasik elkarlanean egin ditudanak. Bilbon erakusteak beti du exijentzia maila oso handi bat, gehien inporta zaidan jendearentzako egiten dudalako, baina, bestetik, konplizitatean egindako lan baten lasaitasuna ere ematen du.

Maiz aipatzen duzu konplizitate sare berezi hori hemengo bereizgarritzat. Stockholmen, irakasle lanetan, antzeko formulen bila zabiltza. Esportatu daiteke hemengo eredua?

Ez da erraza halako erlazio bat sistematizatzea. Beste artistekin batera egin izan ditugun proiektu pedagogikoetan beti izan dugu asmoa izaera kolektibo hori sistematizatzeko. Irakatsi ahal da halako funtzionamendu bat? Oraingoz ez dugu frogatu ahal denik. Elementu asko daude jokoan halako zerbait sortu ahal izateko. Testuinguru guztiz diferente batean nabil orain eskolak ematen, eta artisten arteko intersubjektibotasun hori lantzea da oraindik ere nire helburua, baina ikusten ari naiz testuinguru kultural eta generazional ezberdinetan ezin dela ontzat eman hori egin daitekeenik. Niretzat baliagarria izan bada, pentsatzen dut besteentzat ere izan daitekeela, baina badaude baldintza jakin batzuk, halako egoera bat, aukera horri bidea eman diotenak, modu oso mugatuan izan bada ere. Beste testuinguru batzuetan ez da hain erraza.

Misio moduko bat duzula dirudi. Beti zabiltza artea esparru publikora zabaltzeko erak esploratzen: Kalostra, Suediako eskolak, Museo bikoitza egitasmoa...

Bai, ezin dut ukatu. Askotan alferrik izan da, edo alferrik xamar, baina funtzionatu duenean oso oparoa izan da. Artistok oso rol mugatua dugu iritzi publikoan, eta azken hamarkadetan gure egitekoa banalizatu egin da.

Dekorazioa edo ostrazismoa dira aukerak, beraz?

Halako zer edo zer. Batzuek oraindik sinesten dugu egiten dugunak sortzen dituela mundua begiratzeko era desberdinak, edo gutxienez artelanek eraman gaitzaketela geure buruari galdetzera ea nola eratzen diren mundu ikuskera horiek. Fede hori badut, eta, beraz, egiten dugun horri errelato publiko bat eskaintzeko edozein aukera hartzen dut. Horretarako erantzukizuna daukadala uste dut. Noski, norbaitek esango du ea nork eman didan enkargu hori.

Akaso izan dezake eraginik horretan Jorge Oteizak eta haren belaunaldiko beste euskal artistek hemen sortu zuten ereduak?

Ez dago alderatzerik. Zer edo zer ikasi badiegu belaunaldi haiei, da gure ekarpenak, izatekotan ere, askoz ere xumeagoa izan beharko duela, halabeharrez. Hitz egiteko dago hori ere: artista demiurgoaren paperak ea zenbateraino ekarri dion eragin kaltegarria artistaren funtzio publikoari; artista ahalguztidunaren ideia horrek zenbateraino ote zekarren portaera nahiko toxiko bat ingurukoekiko, baina baita kulturaren funtzioarekiko ere. Baina, tira, hori ez da gure problema; guk ez daukagu arrisku hori.

Espektakuluaren eta merkatuaren zabalpen erabatekoak kezka pizten dizula ere aipatua duzu behin baino gehiagotan. Hori da artearen egungo arrisku handietako bat?

Hori naturalizatzea da arriskua. Normala da pultsioetara zuzendua dagoen jarduera bat existitzea, hori badago zineman eta musikan. Zenbait produktu kulturalekin, geure burua azkarrago eta indartuago sumatzen dugu; adibidez, ikusten badut superheroien film bat. Beti egongo da pultsio horri erantzutea espektakularitatetik, banalitatetik eta errazkeriatik. Problema ez da hainbeste hori, baizik eta diskurtso publikoa eratzen dugunok, eta hor ez gaude bakarrik artistok, hori normaltzen dugula. Guk egin behar duguna da errazkeria hori agerian utzi. Eroriko gara gu ere igual noizbait errazkeria hori asetzera, baina nik uste dut gure erantzukizuna dela hori agerian uztea. Niri interesatzen zaizkidan sortzaileek eta intelektualek hori egiten dute. Errazkeriaren aukera hor egongo da beti, baina ezin dugu normalizatu pultsio hori denik kulturaren betebehar nagusia. Agerian jarri behar duguna da zergatik desio dugun desio duguna, eta zergatik pultsio horiek asetzen dituzten produktu kulturalak diren horren efikazak, eta proposatu behar ditugu gauzak indartuko ez gaituztenak, aseko ez gaituztenak, eta egoera apur bat ezerosoago batean jarriko gaituztenak. Baina, noski, errazagoa da beti esatea egitea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.