Artzaina gudari bihurtua

Manuel Iturrioz Espainiako gerran eta II. Mundu Gerran ariturikoaren biografia idatzi du haren ilobak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Oztopoz oztopo, sasi guztien gainetik egindako ibilbidea da Manuel Iturriozena (Orexa, Gipuzkoa,1902-Donostia,1991). XX. mendea has eta buka ezagutu zuen ia-ia. Ez ezagutu bakarrik, lehen mende erdiko gertakari garrantzitsu askotan protagonista eta lekuko izan zen. Espainiako gerra aurreko garaigorabeheratsuak ezagutu zituen; gerra bera bizi izan zuen, galtzaileen bandotik; erbestea; II. Mundu Gerra; Comet sarean aritu zen; mugalari moduan lan egin zuen; kontrabandista ere izan zen, eta Parisen osatu zuen familia, besteak beste.

Berandu ikasi zuen idazten, 23 urteak beteak zituela. Azken unean izan bazen ere, atera zion probetxua ikasitakoari, 80 urte zituela idatzi baitzituen bere bizitzako gorabeherak, bere memoriak, bi koaderno handitan. Andoni Iturriozsemeak sarri galdetzen omen zion zertan ari zen, eta aitaren erantzuna, honako hau: «Ezertan ez, denbora galtzen». Hitz gutxikoa omen zuten aita. «Halakoak dira orexarrak», dio semeak aita gogoratuz. Hil zen aita, eta koadernoetan idatzitakoa interesgarria zela iruditu zitzaion semeari. Bere kabuz ere ikertzen hasi zen, hango eta hemengo artxiboak arakatzen, eta aitaren izena leku askotan ageri zela ohartu zen. Bizi izandakoaren lehen eskuko testigantza utzi zien aitak. Andoni semeak Jose Mari Iturrioz lehengusuari erakutsi zion materiala.

Irungo Udal Euskaltegiko irakaslea da hura, eta osabaren memoriak idazteari ekin zion. Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak da langintza horren emaitza, Alberdaniak argitaratu duen biografia liburua. Ilobak landua izan arren, lehen pertsonan idatzia dago, koadernoetan idatzitakoaren tonu berean, nahiz eta zenbait pasarte laburtu, txukundu eta beste zenbait informaziorekin osatu dituen.

Gaztetan artzain eta morroi ibili zen Manuel Iturrioz. Bazirudien bizitza osoa nekazaritza munduari lotua emango zuela, baina bat-batean, diputazioko ezagun batek bultzatuta, mikelete sartu eta gerra aurreko eta gerra hasierako urte gatazkatsuek Donostian harrapatu zuten. Milizianoekin elkartu eta Euskal Herrian izan ziren guda gehinetan hartu zuen parte.

Birritan preso

Asturiasen (Espainia) preso egin zuten, baina mugaz bestaldera ihes egitea lortu ondoren, berriro Bartzelonatik sartu, eta Segre eta Ebroko bataila handietan ibili zen borrokan, kapitain mailarekin. Gerra galdu zutenean, Frantzia aldera pasatu zen, kontzentrazio esparrutik ihesi, eta Donibane Lohizunen zegoela, Bigarren Mundu gerra piztu zen. Orduan, Comet sarean sartu zen, alemaniarren eremu okupatuan erortzen ziren hegazkinlariei muga Espainia aldera pasatzen laguntzeko. Berriro preso egin zuten arte. Baina berriro ere ihes egitea lortu zuen.

Bolada batean, makietara pasatu nahi zuten gazteei muga zeharkatzen lagundu zien, ibilaldi haiek kontrabando pixka bat egiteko aprobetxatuz. Azkenik, bizimodu klandestino hura uztea erabaki zuen, eta lan munduan murgildu zen, ordurako zuen familia aurrera ateratzeko.

Gerrek eta haren ingurukoek markatu zuten Manuel Iturriozen bizitza. Halere, gerrak iritsi aurretik artzain gisa bizi izandakoren kontaketak eta gerra ostean Parisera joan eta hutsetik abiarazitakoak ere balio handia dute, Joxemari Iturrioz iloba eta liburuaren egilearen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.