KRITIKA. Antzerkia

Artxiborik ez duenak badu izana?

(ID_13484440) (/EZEZAGUNA) artxibobiluziaametsbadiolarubio2tx
Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak, 'Artxibo biluzia' antzezlanaren eszena batean. AMETS BADIOLA RUBIO
2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

‘Artxibo biluzia. Hitzaldi performatiboa’

Konpainia: Metrokoadroka Sormen Laborategia. Zuzendaritza eszenikoa: Marina Suarez eta Oier Guillan. Ikerketako zuzendaritza artistikoa: Idoia Beratarbide. Antzezleak: Intza Alkain eta Javier Barandiaran. Lekua: Usurbilgo Sutegi aretoa. Eguna: urtarrilak 22.

Artxiboen eta artearen arteko lotura Benjamin, Sander, Aby Warburg, Buchloh, H. Foster, Foucault eta Derrida bezalako intelektualek hausnarketa gaia izan dutela badakite artezaleek. Derridaren ustez, kasu, artxiboa ez da datu metaketa soilik, baizik eta corpus bat, sistema baten barruan harremanetan jartzeko ahalegin bat, lehendik aurreikusitako konfigurazio baten barneko osagarria. Gauzak horrela, zer biluztasun klase ekarri zion euskalgintzari Egunkaria-ko artxiboak bahitu izanak? Zer zurztasun mota euskal gizarteari? Egun, zein ondorio dauka euskaldunen memorian, Joan Mari Torrealdairen, gure artxibozain nagusiaren, etxeko dokumentazioa Poliziak eraman izanak? Gure artxiboa edota karpeta hutsik geratzeagatik biluzik zein umezurtz geratu ginelako ustekoak dira Metrokoadrokakoak eta hutsunea betetzeko proposamena dakarkigute.

Juan Mari Torrealdai bekari esker ondu du Oiartzun eta Errenteria aldeko artistez osatutako Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia izeneko hitzaldi performatiboa. Ordubete inguruko jolas honetan talde honen ironiaz zein umoreaz gozatzeko parada izaten du ikusleak. Metrokoadrokak garatu duen berariazko estiloari jarraitzen dio pieza honek testuan zein formatuan. Barreak bai, baina algara horien azpitik kezka eta zalantza filosofikoak galdera erretoriko moduan aurkezturik. Situazionistak aipatuko dituzte une batean, eta guk Boris Vian irudikatu dugu jesarlekuen patioan eserita.

Hitzaldi teatral umoretsu honen protagonista dugu Intza Alkain eta Javi Barandiaranek osatutako bikote konplize eta jolastia. Hasieran hizlari batzuen manerei eusten badiete ere, antzezlanak aurrera egin ahala beste egoera batzuk haragituko dituzte, harik eta benetako Intza eta benetako Javi bihurtu arte. Hori guztia kopiaren eta originalaren arteko gogoeten —edo katxondeoaren— erdian. Horrela, teatro dokumentalari kuttunak zaizkion euskarriei helduta, esaterako, euren benetako senideen argazkiak erabilita, aurrera egin dute norbere istorioaren kontaketan.

Eszenografia efikaza bezain sinplea da, handinahirik gabekoa, guztiz sotila. Aktoreen hitzek atzeko aldeko paretan proiektatutako irudi esanguratsuak baino askoz gehiagorik ez. Kontua hauxe da: karpeta hutsik badago, zeinekin beteko zenuke zuk? Honako hau bezalako hitzaldi bat emateko zein izango litzateke zuk aukeratutako bizipen edo gertakizuna?

Galdera horiek erretorizismo hutsean eror ez daitezen, Metrokoadrokakoek tailerrak antolatzen dituzte ikuskizunarekin batera. Horietan, bakoitzak bere karpeta betetzeko eta performance propioa sortzeko lanabesak eskaintzen dizkiete parte hartzaileei. Horretaz gain, Artxibo biluztu guztietan jolasa proposatzen diote ikusleari: zure ideia idatzi bi papertxotan eta sartu bat irteeran dagoen artxiboan. Bilatu Torrealdaik idatziriko liburu bat eta barruan sartu ideia horren bigarren originala. Jolastu gaitezen, beraz, denon artean gure disko gogorra bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.