Artiumetik bere lan bat kendu du Marrodanek, museoaren aurka protesta egiteko

Lana erregulatzeko dosierra onartu du museoak, eta hiru lagun kalera bota eta zortzi lanaldi murriztuko ditu

Erredakzioa
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Arte garaikidearekiko eta gorabidean diren artistekiko konpromiso handiagoa eskatu dio Imanol Marrodan artistak (Bilbo, 1964) Gasteizko Artium museoari. Horregatik eskatu dio erakundeari bere lanetariko bat bildumatik kentzeko. Haren politikaren aurkako protesta gisa. ¿Vienes conmigo? —Bazatoz nirekin?— izeneko lana da Haritik tiraka erakusketatik kendu duena, zehazki. Gainera, museoaren egoera ekonomikoa bereziki estua denean egin ditu artistak salaketa horiek.

Zorrotza da Marrodanek erakundeari egin dion kritika. Artistak dio museoak bekarik ez duela ematen, ikerketarik ez duela egiten eta ekintzarik ere ez duela antolatzen. Bere egitekoa hori izan arren, arte garaikidea eta sortzaileak ez dituela nahikoa laguntzen, alegia. Gogorrak izan dira artistaren hitzak: «Oso bilduma ona du Artiumek, eta izan zitekeen erreferente nazionala. Baina zuzendaritzaren kudeaketa txarrak probintziako museo zahar bilakatu du». Ikusgai diren erakusketa batzuen kalitatearen aurka ere aritu da.

Museoak onartu du Marrodanen lana bildumatik kentzea. Baina ez du haren kritikarekin bat egin. Artiumeko arduradunek azaldu dutenez, artistaren jarreraren oinarrian dagoena zuzendaritza taldeak artistak proposatutako bakarkako erakusketa bat antolatzeko proposamenari emandako ezetza da .

Lana erregulatzeko dosierra

Estua da egoera, bestalde, museoarentzat. %25eko murrizketa izango du datorren urteko aurrekontuetan, eta lana erregulatzeko dosierra proposatu du horregatik zuzendaritzak. Hiru kaleratze, zortzi lanaldi murrizketa eta %7 eta %14 arteko soldata jaitsiera proposatu dituzte, eta aho batez onartu du museoko batzorde eragileak plana.

Erabakia «zaila» izan dela esan du udal eta gobernu erakundeetako kideetako ordezkariek osatutako batzorde horrek, baina aurrekontu murrizketa aipatu dute argudiotzat. 2013an, 150.000 euro gutxiago izango dituzte, adibidez, programaziorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.