Artiumek Rafael Lafuenteren lanekin abiatuko du urtea

Erakusketa bana eskainiko die Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuonari ere. 1950etik abiatuta, bildumako obren analisi berria egingo du

2020an ireki zuten Zeru bat, hamaika bide erakusketa zabala. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoak aurtengo programazioa aurkeztu du, eta zerrendatu ditu datozen hilabeteetan izango diren erakusketak eta jarduerak. Bakarkako erakusketak izango dira museoaren ardatz nagusiak, baina azken urteetan martxan jarritako lan ildoei ere eutsiko die, hala nola Z aretoari eta museoaren bilduma osatzen duten artelanekin egindako erakusketa handiari.

Datorren astean zabalduko du lehen erakusketa: Konposaketak. Rafael Lafuente artistari eskainitakoa izango da, hark margolari eta diseinatzaile gisa egindako askotariko lanari erreparatuko baitio. Erakusketa bana eskainiko die, halaber, Alejandro Cesarco artista uruguaitarrari, Julia Spinola artista espainiarrari eta Carolina Caycedo artista kolonbiarrari ere.

Bere bildumako obretatik abiatuta, garai jakin batean gailendu ziren praktika artistikoen inguruko analisia egitea helburu duen erakusketa zabala ere izango da ikusgai aurten. Kronologia berri bat aurkeztuko du museoak. 1950. urtea hartuko dute abiapuntu erakusketarako, eta hamarkada horretatik aurrera modernitatearen narratiba berri gisa sortu ziren praktika artistikoak aztertuko dituzte. Ez da nolanahiko data euskal artearen historian; izan ere, Artiumek gogorarazi duenez, garai horietan Jorge Oteiza, Mari Paz Jimenez, Nestor Basterretxea eta beste artista asko Latinoamerikatik itzuli eta hainbat eginkizun artistiko, politiko eta pedagogikotan murgildu ziren.

Funtsei lotuta, bestalde, Gasteizko museoak bilduma propiorako berriki eskuratu dituen Sahatsa Jauregiren eta Nerea Lekuonaren lanak ere erakutsiko ditu erakusketa banatan. Eta beste hainbat euskal artistaren obrak ere jarriko ditu museoaren kanpoaldean, Plazaratuz programan.

Zinemagintza eta erakusketa formatua uztartzen dituen Z aretoari ere eutsiko diote, eta, aurten, Mirari Etxabarrik eta Irati Gorostidik, Laida Lertxudik eta Naomi Rinconek ondutako filmak erakutsiko dituzte.

Ikusgai izango dira oraindik, beste aste batzuez, iaz zabaldu zituzten bi erakusketa ere: Ivan Zuluetaren Asaldura eta Jutta Koetherren Black Place.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.