Gasteizko Artium museoak ikusgai jarri du azken bost urteetan eskuratutako obren sorta bat apirilaren 27ra arte. Besteak beste, eskulturak, margolanak, marrazkiak, argazkiak eta bideoak ikus daitezke Bilduma, ikusgai izeneko erakusketan. Museoaren programazioaren parte izan diren eta museoan bakarkako erakusketak izan dituzten artisten lanek osatzen dute erakusketa, baita Bilduma partekatua izeneko programako obrek ere. Gainera, azken urteetan museoaren fundazioari egindako dohaintzak eta gordailuak ere biltzen ditu erakusketak. Museoko hainbat aretotan ikus daitezke piezak.
Erakusketak A1 aretoan du abiapuntua. 2021ean museoaren erakusketa programan parte hartu zuen Rosalind Nashashibi Palestinako artistaren A Winder Kind of Love margolana da aretora sartzean ikus daitekeen lehen pieza. Gasteizen egon zen denboran, Nashashibik hiru margolan autobiografiko egin zituen erakusketarako. Haietako batean sandia baten irudikapenarekin lotzen ditu Palestinako banderaren koloreak.
Nashashibiren lanak dauden areto berean, Maria Franciska Dapena artistaren Agurra kartzelan koadroa dago, diktadura garaian egilea espetxeratu zutenekoarekin lotutako irudi txiki bat. Erlea Maneros Zabalaren The New York Times izeneko akuarela ere paratu dute bilduman; hain zuzen ere, 2001ean AEBetako egunkarian argitaratutako argazkien interpretazio bat da.
Patricia Dauderren Gaueko txanda eskultura ere ikusgai jarri dute, eta baita Arabako Foru Aldundiaren bildumatik museoak erositako Oscar Dominguezen Arbalete [Balezta] margolana ere.

Erakusketak museoaren lehen solairuan jarraitzen du, Oscar Tuazonen Olioa eta ura lanarekin; artistak 2016tik Ur eskola izenburupean garatutako proiektuaren parte den marmolezko iturri bat da. Museoaren barruko plazan, Lorategian, June Cresporen Core eskultura taldea ikus daiteke.
Bigarren aretoan, berriz, bi film proiektatuko dira: Moyra Davey artistaren (Toronto, Kanada, 1958) I confess, eta Maddi Barberren (Lakabe, Nafarroa, 1988) eta Marina Lameiroren (Iruñea, 1986) Paraíso. Eta han bertan ikusgai egongo dira Kimia Kamvariren Gâv argazki saila, eta Raul Dominguezen formatu handiko marrazki bat (izenbururik gabea).
Bilduma, gero eta zabalagoa
Gasteizko Artium museoaren bilduma handitu egin da azken bi urteotan. Museoak jakinarazi duenez, 2023 eta 2024 bitartean 120 artelan eskuratu ditu. Artium fundazioak erositakoak dira batzuk ,eta artista eta bildumagile pribatuek dohaintzan emandakoak beste batzuk. Zehazki, museoko erakusketa egitarauaren parte izandako hamabost artistaren 34 pieza eskuratu ditu fundazioak. Artelan bilduma horren barruan, margolanak, eskulturak, instalazioak, argazkiak eta bideoak daude, besteak beste. Carolina Caycedo, Alejandro Cesarco, Rafael Lafuente, Rosalind Nashashibi, Julia Spinola eta Isidro Valcarcel Medina artistak dira obren egileetako batzuk.
Bestalde, partikularrek 31 obra eman dizkiote dohaintzan museoaren fundazioari; tartean, Txaro Arrazola, June Crespo, Alejandro Garmendia, Agustin Ibarrola eta Nerea Lekuona artistenak. Gainera, beste 55 obra eskuratu ditu Bilduma Partekatua programaren bidez —Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta Artiumek, Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak lankidetzan koordinatu—.