Artium museoak eta Gasteizko UNED Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalak Praktika artistiko garaikideen hastapenak ikastaroa antolatu dute elkarrekin. Ikastaroak hogei eskola ordu izango ditu, zortzi saiotan banatuta, eta Artium museoan izango du egoitza. Doakoa da ikastaroa, eta, unibertsitateko ikasleentzako ez ezik, interesa duen edozein pertsonarentzako da. Proposamenaren helburua da ikasleei oinarri teoriko eta praktiko batzuk ematea, arte garaikidea ulertu eta museo batean ondare artistikoaren kudeaketa nolakoa den jakin dezaten.
Urriaren 4an izango da lehenengo eskola, ikastaroaren aurkezpenean azaldu zutenez. Bertan izan ziren Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria, Ruben Gonzalez UNEDeko zuzendaria, Ana del Val Artium fundazioko presidentea eta Elena Roseras Artiumeko Liburutegi eta Dokumentazioko arduraduna.
«Ikasteko modu ezberdin bat» bezala definitu du proiektua Herraezek, eta arte garaikidearen diziplina ezberdinak nahiz museografiako profesionalen lana ezagutzeko «tresna aproposa» izan daitekeela uste du. Gainera, azpimarratu du Artium formakuntza gune gisa «sendotzeko» bidean egindako «behin betiko urratsa» dela: «Museoa bizirik dagoen organismo bat izatea gustatuko litzaiguke, eta ez erakusketa kontenedore hutsa».
Entitate guztien arteko lankidetza azpimarratu du Herraezek, proiektua aurrera eramateko ezinbesteko elementutzat: «Ikastaro hau osatzeko egon den elkarrizketa prozesua luzea izan da. Pedagogia ikuspegi ezberdinetatik ikusten dugun eragileak batu gara, baina lanean elkarrekin amaitu dugu».
Gonzalezek, berriz, arte garaikidera modu praktikoan hurbiltzeko tresna gisa ikusten du ikastaroa: «Diziplina askotako ikastaroa izango da, ikasleei arte garaikidean sakontzeko bidea irekiko diena».
Izen ematea zabalik dago
Egitarauak bi ildo didaktiko dituela azaldu du Roseras irakasleak: lehenengoa, arte garaikiderako hurbilpen historiko eta teorikoa izango da; eta, bigarrena, museografiaren kudeaketaren oinarriak. Saio praktiko bat ere badu programak: Bilduma Hau. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketara eta Artium museoko artelanen gordailuetara bisita.
Ikastaroaren zuzendaria Gorka Lopez de Muniain izango da. Zuzendariarekin batera, UNEDeko beste hiru irakasle, eta museoko eta Arabako Aldundiko profesionalak arduratuko dira eskolak emateaz. Saio bakoitza bi ordu eta erdikoa izango da, 10:00etan hasita. Izen ematea zabalik dago oraindik UNEDen webgunean.
Artiumek eta UNEDek arte garaikideari buruzko ikastaro bat antolatu dute
Ikasleei arte garaikidea eta museoetako ondare artistikoaren kudeaketa nolakoa den irakastea du helburu. Edonork eman dezake izena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu