Artisten lan baldintzak hobetzeko proiektu berri bat onartu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Ibone Bengoetxeak artista eta sortzaileen talentua garatzeko tresnak sortzea jarri du helburutzat. Kulturaren euskal sistemaren lege bat onduko dute, eta itun bat proposatu du udalerri guztietan haurren eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izan daitezen.

Ibone Bengoetxearen agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarreko batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Ibone Bengoetxea sailburuaren agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarreko batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
edurne begiristain
2024ko irailaren 16a
16:13
Entzun

Kulturari, euskarari eta kirolari esker lortzen diren «konexioen» bitartez gizarte kohesioa eta herri nortasuna garatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, helburu hirukoitza lortzeko: herritarrak euskal kulturaz «harro» egotea, euskara gehiago erabiltzea, eta jarduera fisiko gehiago egitea. Xede horiei helduta lan egingo du datozen lau urteetan Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Eusko Legebiltzarrean egindako estreinako agerraldian, zenbait konpromiso hartu ditu helburu horiek betetze aldera, eta bere legegintzaldiko (2024-2028) lan ildo nagusiak zedarritu ditu.

Kultur arloan, sektorearen lan baldintzak hobetzeko proposamen berri bat onartuko dutela iragarri du sailburuak, eta Urdaibaiko Guggenheim proiektuari bultzada emateko asmoa duela azaldu. Hizkuntza politikan, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko itun bat lortu nahi du.

1

Kultura: lau zutabe

«Kulturak nortasuna ematen digu, eta talde, kolektibo eta komunitate baten parte sentiarazten gaituen elementu bat da. Azken batean, kulturak herri egiten gaitu». Ideia horretan oinarrituta, herritarrek kulturaren inguruan duten pertzepzioan eragiteko lan egingo du Jaurlaritzak, Bengoetxeak azaldu duenez. 2028ko Kultura Plan Estrategikoa izango da horretarako lanabesa, eta lau ildo nagusi izango ditu: sorkuntza— artista eta sortzaileei beren talentua garatzeko tresnak erraztu nahi dizkiete—; eskaintza— kultura herritarren esku jartzeko azpiegiturak eta konexioak indartuko dituzte—; transmisioa eta ondarea—«iraganari etorkizuna emateko» helburuarekin—; eta digitalizazioa—eraginkortasuna bilatzeko—.

2

Sorkuntza

Kulturaren euskal sistemaren lege berri bat onartu nahi du Jaurlaritzak legealdi honetan, hiru helbururekin: eragileen koordinazioa sendotzea, gizartearen aniztasuna sustatzea, eta kultura eskuragarriago egitea.

Talentu sortzailea eta kultura industria sustatzeko helburuaren barruan, Bengoetxeak ezinbestekotzat jo du sortzaileen lan baldintzetan eta profesionalizazioan sakontzea, alderdi horretan sumatzen dituztelako ahuldade nagusiak. Hartarako, artisten eta sortzaileen lan baldintzak bermatzeko eta hobetzeko proiektu «berri eta berritzaile» bat onartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Helburua ez da berria, joan den legealdian ere kultur profesionalen inguruko estatutu bat sortzeko asmoa agertu baitzuen Bingen Zupiriaren sailak, baina azkenean ez zen gauzatu.

Artisten lan baldintzak hobetzeko helburuarekin batera, gainera, kulturgileak kontratatzeko «praktika egokien» gida bat ere landu nahi du gobernuak, sektorearekin eta gainerako erakundeekin adostua.

Gazteen artean sorkuntza eta talentua hauspotzeko, bestalde, aholkuak eta laguntzak emateko «inkubagailuak» martxan jarriko dituztela jakinarazi du sailburuak. Halaber, sorkuntzarako espazioak, prestakuntza aukerak eta sortzaileentzako egoitzak indartzeko asmoa dutela azaldu du Bengoetxeak, bereziki nazioarteko programetan.

3

Urdaibaiko Guggenheim proiektua

Arte museoen eskaintza sendotze eta hobetze aldera, inbertsio berriak iragarri ditu Kultura sailburuak. Bilboko Arte Ederren Museoa eta Gasteizko Principal antzokia handitzeko lanak diruz laguntzeaz gain, bere sailaren lehentasunen artean kokatu du Urdaibaiko Guggenheim egitasmoa bultzatzea. Onartu du ez dutela asmatu orain arte proiektuaren inguruan gobernuak emandako azalpenetan, baina argi utzi du «ahal den adostasun handienarekin» garatu nahi dutela egitasmoa. 

EAJren eta PSE-EEren gobernu itunean ere jasota dago proiektuan aurrera egiteko asmoa, baina orain arte ez zuten gobernuko inoren ahotik horren berri eman. Hala ere, Bengoetxeak ez du xehetasun gehiagorik eman egin asmo dituzten urratsen inguruan; hain justu ere, argi ez hitz egitea leporatu dio oposizioak alor horretan. EH Bilduk egin dizkio kritikarik zorrotzenak. «Argibideak behar ditugu Urdaibaiko Guggenheimen inguruan, orain AHTarekin gertatzen ari dena proiektu horrekin gertatu ez dadin», ohartarazi dio Oihana Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak.

4

Hizkuntza politika

Hizkuntza politikaren alorrean, berriz, «euskararen gizarte erabilera areagotzeko jauzia» egitea izango da Jaurlaritzaren lehentasun nagusia. Euskararen alde egindako urratsak egokiak izanda ere, gehiago egin behar direla esan du Bengoetxeak, eta aurrerapausoak adostasunaren bidetik emateko eskatu du.

Jaurlaritzak euskara zer zentzutan ulertzen duen eta zer zentzutan ulertarazi nahi duen azaldu du sailburuak: «Guztiz beharrezkoa da euskara emozio positiboekin lotzea, liskarrak alde batera utzita». Gizartea euskalduntzea denon arteko lana dela gogorarazi du, halaber: «Guk bakarrik ezin dugu; denon indarrak batu eta konektatu behar ditugu». Helburu horri helduta, hainbat erronka jarri ditu datozen lau urteetarako. Batetik, euskaraz «gehiago eta errazago» ikasteko aukerak handitu nahi ditu, eta, horretarako, doakotasunaren bidean sakontzeko asmoa duela iragarri du.

Bestetik, eta jakinik eskolak bakarrik ezin duela euskaldundu, itun bat proposatu du udalerri guztietan haurren eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izan daitezen. Gainera, Jaurlaritzak lan egingo du ingurune digitalean euskarak leku handiagoa izan dezan, eta Europan euskarak ofizialtasuna lor dezan. «Euskarak aitortza behar du estamentu politiko, juridiko eta administratiboetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.