Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia Bilboko itsasadarraren aldamenean eraiki aurretik, edo metroa martxan jarri aurretik, bertan zegoen jada Musiketan zikloa, formatu txikiko emanaldiak berpizteko asmoz. «Gero eta gehiago gustatzen zitzaizkigun emankizun intimoak, eta artistak gertutik ikusteko ametsa errealitate bihurtu genuen», gogora ekarri du proiektuaren bultzatzaile Jose Angel Serranok. Lagunartean eta ikusle gutxiren aurrean egiten diren kontzertuek badute xarma berezia, eta ideia horren bueltan jaio zen egitasmoa 1993an. Urriaren 20an hasiko da aurtengoa.
Hiria sakon eraberritu bada ere, jaialdiaren funtsa ez da aldatu 21 urteren buruan. Orain arteko ehunka emanaldiak gutxi ez, eta aurtengo jaialdian mundu osotik etorritako hamahiru musikari taularatuko dira, urritik ekainera, Bilboko BBK aretoan; igandeetan, 20:00etatik aurrera. Urtero legez, antolatzaileek «kalitatean» jarri dute berebiziko arreta, eta horren ondotik, aniztasunean oinarrituriko kontzertu sorta prestatu dute.
Alice Francis artista alemaniarra izango da jendaurrean aritzen lehenbizikoa, urriaren 20an, hain justu. Swing modernoaren erakusle nagusietariko bat izaki, indarrez beteriko zuzeneko indartsua espero dute antolatzaileek. Aspaldiko jantzi dotoreak soinean dituela eta dantzariz lagunduta, talde osoarekin batera igoko da agertokira, etaberak emango dio hasiera 21. Musiketan jaialdiari.
Azaroaren 10ean, Bruce Cockburn gitarra jotzaile kanadarrak hartuko dio lekukoa. Folk-jazzestiloko artista entzutetsuenetarikoa da, eta gitarra astintzeko duen maisutasuna erakutsiko die ikusleei. Bi aste geroago, azaroaren 24an, Parisko Pamela Hute bakarlariaren txanda iritsiko da. Bere ibilbideko bigarren diskoa aurkeztuko du: Bandit. Abenduaren 1ean, berriz, New Yorkeko Dena Derosek joko du, pianoa alboan duela. Jazz zaleek pianoaren eta ahotsaren arteko nahasketaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dute.
Murphyren amorru doinuak
Bakarlariak soilik ez, taldeak eta bikoteak ere arituko dira Bilboko BBK aretoan. Hartara, urte berriari ekitearekin bat, aldi honetako artista adierazgarriena igoko da oholtza gainera: Elliott Murphy, Olivier Durand lagunarekin batera. Diskoetxe multinazionaletatik erbesteratua, 1973tik hona 34 bilduma plazaratu ditu. Kantautore estatubatuarrak urtarrilaren 19an lau haizeetara hedatuko ditu amorruz beteriko rock doinuak.
Musiketan zikloak otsailaren 2an izango du jarraipena, Austriako Attwenger talde berritzailearen eskutik. The Pogues taldearen erroetatik, folk, punk eta hip hop estiloak uztartuko dituzte jendaurrean. Otsailaren 16an, Lovely Rita taldeak amodiozko kantak eskainiko ditu, eta hilabete geroago, berriz, Baddi Assad gitarra jotzaile brasildarra izango da oholtzan.
Folk tradizionala jorratzen duten garai honetako musikari estimatuenak, Phil Cunningham eta Aly Bain, martxoaren 30an iritsiko dira Bilbora; eta Gael Faurek apirilaren 13an joko du. Emakumeek eskainitako saioak izango dira jaialdiko azken hirurak. Danni Leigh arituko da maiatzaren 4an; Jennifer Baten, maiatzaren 18an; eta azkenik, Madison Violet bikote kanadarra, ekainaren 1ean.
Artisten gertutasunean
Musiketan egitasmoak formatu txikiko hamahiru kontzertu antolatu ditu Bilbon, urritik ekainera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu