Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Hendaiako (Lapurdi) NEKaTOENE egoitzak artisten egonaldi «aitzindariak» hasi dituzte elkarlanean. Erakunde antolatzaileek artista bana aukeratu dute, bata Hego Euskal Herrikoa eta bestea Ipar Euskal Herrikoa, eta hautatuak izan direnek eurek beste artista bat gonbidatu dute egitasmoan parte hartzeko. Hendaiako NEKaTOENEn bi egonaldi txanda antolatu dituzte eta bakoitzean bi artista egongo dira batera lanean. Egonaldiaren ostean, Tabakaleraren Sukaldean tailer bat eskainiko dute. Etorkizunean Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eskainiko diren egonaldientzat «laborategi» moduko bat izango da proiektua.
Lehen egonaldia ekainaren 10ean hasi zen. Miriam Isasi izan da artista gonbidatua, eta horrek Estibaliz Sadaba aukeratu du. Ekainaren 29ra arte egongo dira biak Hendaian lanean, eta uztailaren 1etik 4ra eskainiko dute tailerra, Donostian. Bigarren egonaldirako Marc Fontenelle izan da artista hautatua, eta horrek Olivier Marty gonbidatu du. Ekainaren 30etik uztailaren 13ra bitarte egongo dira Hendaian eta Donostian emango dute tailerra, uztailaren 17an eta 18an.
Duela hamabost urte ingurutik antolatzen dituzte Hendaiako NEKaTOENE etxean artistentzako egonaldiak. Abadia jauregiaren inguruan dago egoitza, eta mundu osoko jendea egon da han. «Duela bost-sei urtetik Hego Euskal Herriko artista plastikoak, dantzariak eta idazleak ere etortzen dira», adierazi du Laurence Lassallette CPIE Euskal Itsas Bazterra elkarteko lehendakariak. Baina etapa «berri» bat ireki dute orain, lehen aldiz bi erakundeen arteko elkarlana lortu baitute, eta, aurretik ez bezala, artistak binaka bildu baitituzte.
«Kultur aktoreen sare bat »
Proiektu «aitzindari» bat izango da, hortaz. Ane Rodriguez Armendariz Tabakalerako Kultura zuzendariak gogoratu du hemendik urtebetera irekiko dutela Tabakalera, eta, horren harira, izan litezkeela egonaldi hauek etorkizuneko «laborategi» moduko bat. Izan ere, Tabakaleran pisu handia izango dute artisten egonaldiek. «Proiektuak garatzen goaz pixkanaka. Hemengo hau gure egoitzen prototipo txiki bat da». Horrez gain, sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu du Rodriguezek, Tabakalera sare batean kokatu nahi baitute. Lekuko artistekin lan egin nahi dutela gaineratu du, eta harremanak «mugatik beste aldera» ere zabaldu behar direla.
«Tabakalerarekin sortutako harreman hau iraunkorra izatea gustatuko litzaiguke; esperientzia honetan bakarrik ez geratzea», adierazi du Elke Roloff, mugaz gaindiko artisten egonaldi proiektuaren arduraduna. «Mugaz gaindi, kultur aktoreekin sare bat lortzea da nahia, oso esperientzia interesgarria iruditzen baitzaigu», gaineratu du.
Tailerrak ez ezik, artisten lanak gertutik ezagutu nahi dituenarentzat Hendaiako NEKaTOENEegoitzan bertan irekialdi publiko bat egongo da. Gaur, 17:30ean eta 19:00etan izango dira bisitak. Bigarren irekialdia, uztailaren 10ean izango da.
Mark Fontenelle artistak hartuko du parte bigarren egonaldian. Lillen jaio zen eta gaur egun, Paris eta Biarritz (Lapurdi) artean bizi da. Irakasle da azken hiri horretan, eta eskulturan jarduten du, gehienbat. Gisa honetako «prototipo» batean lan egiteak ilusio handia egiten diola aipatu du Fontenellek. «NEKaTOENE egoitzako paisaiak ez ditut gehiegi ezagutzen, baina ekintza artistikoetako lehenengo abiapuntua da ezezagunaren zailtasuna gainditu eta horrekin artea egitea». Oraindik ez daukate argi, zehatz-mehatz, nolakoa izango den tailerra, baina oinarrizko ideia badute. «Performance batzuen bitartez lorategien maketa bat egin nahi dugu. Hori hamar egunetan ezinezkoa denez, prozesuaren garrantzia azpimarratuko dugu tailerretan». Horretarako, nola lan egiten duten azaltzen duen film bat eskainiko dute lantegian.
Artisten egonaldiak hasi dituzte Tabakalerak eta NEKaTOENEk
Etorkizunean Tabakaleran eskainiko direnen «laborategia» izango dira.Bi erakundeen xedea da «mugaren gainetik» sare bat sortzea kultur aktoreekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu