Artisten babeslekua

Zapart euskal artisten sarea sortu dute, euskal lurralde guztietako artistak batzeko asmoarekin. Ikusgaitasuna lortzea dute xede, baita euren eskubideak aldarrikatzea ere.

BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Eskutik helduta egon izan dira beti artea eta kultura. Gaur egun ere, hainbat dira adierazpide horretan diharduten artistak, baina arlo horretako hainbat sortzailek uste dute euren lanbidea ez dela ofiziotzat hartzen. «Euskal Herrian badago artearekiko nolabaiteko atxikimendu bat, baina, gerora, ez zaio baliorik ematen: ez gara saltzaileak, eta sorkuntza prozesu osoan ez dugu ordainsaririk jasotzen», kontatu du If Matxikote artistak. Arte mundutik bizi diren artisten egoera aldatzeko asmoz sortu dute Zapart euskal artisten sarea Euskal Herri osoko zenbait sortzailek. Haien arteko zubiak eraikitzea dute xede nagusi, eta euren eskubideak aldarrikatu eta defendatu nahi dituzte; baita ikusgarritasuna lortu ere.

Berez, 2020. urtean sortu zuten Zapart sarea, baina orain hasi dira ezagutarazten: «Aurten urrats jakin batzuk egitea lortu dugu, eta, hala, hasi gara sarea pixkanaka egituratzen». Arte plastikoetako sortzaileak dira gehienbat sareko kide, eta kultur arloko gainerako artisten maila berean egotea lortu nahi dute, Irantzu Lekue artistak kontatu duenez: «Beste edozein kultura eskaintzatako artisten lanekin egiten den bezala, arte plastikoetako sortzaileok gure lanaren saria jasotzeko eskubidea dugu».

Oraingoz, 25 kide inguru daude taldean. «Baina ez gara artistak bakarrik, arte sektore osoko profesionalak biltzea da asmoa», zehaztu du Matxikotek. Tartean, elkarteak, arte espazioak zein galeriak. Era berean, espero dute aurrerantzean gero eta kide gehiago batzea sare horretara: «Norbere eskubideen aldeko dinamika bat da Zapart sarea: gure estatusa aldarrikatu nahi dugu. Uste dut jendeak oraindik ez duela argi hori».

Espainiako Gobernuak intermitente eredua hartu du aintzat Artisten Estatutua sortzeko. Zaparteko kideak, baina, ez daude ados: «Nola liteke artistak beraiek aintzat hartzen ez dituen Artista Estatutu bat egotea? Parisek ez gaitu artista plastiko bisualok intermitente eredu horretan sartzen. Aparteko estatusa eskaintzen digu, ogasun neurri propio eta egokituagoak dituena».

Hain zuzen, Astre sare frantziarraren tresna hartu dute eredu gisa Kalkulagailua sortzeko. Ipar Euskal Herriko artistentzat indarrean dagoen kalkulu sistema bat da hori, baina, orain, Hego Euskal Herrira zabaltzea da euren asmoa. «Erakusketa bat egiteak dakartzan faktoreak aintzat hartuta, gutxi gorabeherako prezio bat ezartzean datza tresna horrek», azaldu du Matxikotek. Besteak beste, kontuan hartzen da erakusketaren iraupena, sarreraren prezioa eta artista kopurua. Aurrerantzean «erreferente» izatea lortu nahi dute: «Artista profesionalen eskubideen bermerako tresna praktiko eta lagungarria da: datuak sartu eta gure lanei prezio bat jartzeko gida gisa balio digu», nabarmendu du Lekuek. Artisten laguntzarako abian jarri duen dispositiboan Kalkulagailua ezartzea onartu du, hain zuzen ere, Euskal Hirigune Elkargoak.

Gizartean ikusgaitasuna lortze aldera, berriz, Artekaria.eus ataria jarri dute martxan. «Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu», zehaztu dute euren webgunean. Museoak, arte zentroak, areto publiko zein pribatuak eta arte galeriak. Horien guztien informazioa bilduko du atari horrek. Erakusketak iragartzeaz gainera, deialdien, prentsaurrekoen eta askotariko jardueren berri ere emango dute webgunean; eta gaurkotasunari lotutako iritzi artikuluak eta analisiak ere txertatuko dituzte. Bestalde, profesionalen txokoa ere badago eskuragarri atari horretan. Artisten «behar bereziei» erantzuteko txoko bat da atal hori, eta, besteak beste, egonaldien, beken, formakuntza saioen eta proiektuetarako deialdien berri ematen dute bertan.

Erronka ugari

Aurrera begira, Elkartasun Kutxa sortzea da Zapart sarearen erronka nagusietako bat. «Artisten lanak bultzatzeko eta laguntzeko balioko du horrek», azaldu du Matxikotek. Oraindik ere, oinarriak finkatu gabe dituztela aitortu du, baina ari dira pixkanaka proiektua garatzen.

Era berean, sarea handitzea ere bada helburuetako bat. «Komunitatea indartu nahi dugu, gauzak elkarlanean egitea beti da onuragarria», azpimarratu du Lekuek. Konpromiso mailaren arabera, hainbat modu daude kide egiteko: «Bizi seinalea eman nahi duen artista izan zaitezke, batetik; edo ekarpen aktiboa egin zenezake, bestetik», azaldu dute euren webgunean. Zapartista, kide aktibo edo zale izateko aukera dago, besteak beste.

Erronka horiek abiapuntua baino ez direla gaineratu dute bi artistek: «Joango gara pixkanaka proiektua finkatuz eta zilegitasuna lortuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.