Artistek hitzez esateko dutena

Jone Alaitz Uriartek eta Mikel Onandiak euskal testuinguruko bost artistari egindako elkarrizketak bildu dituzte 'Desmuntatzeak eta ornamentuak' liburuan. Donostiako Azpin aurkeztuko dute gaur

Jone Alaitz Uriarte eta Mikel Onandia, Bilboko Anti liburu dendan, Desmuntatzeak eta ornamentuak liburua aurkezten. JONE ALAITZ URIARTE.
itziar ugarte irizar
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Sahatsa Jauregi, Oier Iruretagoiena, Damaris Pan, Daniel Llaria eta Nora Aurrekoetxea. Euskal testuinguruko bost artista, 1980ko hamarkadan jaioak bostak; Bilboko Arte Ederren Fakultatetik igarotakoak, atzerrira irtendakoak, eta artea ulertzeko eta egiteko begirada bat komun dutenak, ñabardurak ñabardura, partikulartasunak partikulartasun. Jone Alaitz Uriarterentzat eta Mikel Onandiarentzat agerikoa zen aspalditxotik haien eta beste zenbait artista garaikideren arteko kidetasuna, baina sumatzen zuten, nabarmen, euren lana eta arte ikuskera jasoko zuen idatzizko materialaren falta ere. Hutsune horrek bultzatuta joan ziren grabagailuarekin bost artistongana iazko udan, eta Desmuntatzeak eta ornamentuak liburuan bildu dute emaitza orain, ele bitan—gaztelaniaz eta euskaraz—. Donostian aurkeztuko dute gaur, Azpi espazioan; han izango dira Jauregi, Iruretagoiena eta Llaria ere.

Gure Artea sarietako epaimahaian ezagutu zuten elkar Uriartek eta Onandiak —Tabakalerako Arte Garaikideko departamentuko kidea, kultur programatzailea eta komisarioa da lehena; EHUko irakaslea, arte historialaria eta komisarioa bigarrena—, eta, Uriartek kontatu duenez, berehala etorri ziren bat testu kritikoen faltaren gaineko iritzian: «Biok idazten dugu arteaz komunikabideetan, eta askotan ditugu zailtasunak gure inguruko artisten erreferentziak topatzeko. Ikusten genuen behar bat zegoela gure belaunaldian edo gure testuinguruan aktiboan dauden artisten nolabaiteko idatzizko hurbilketa bat egiteko».

Uriarteren esanetan, bost artistek «gogo handiarekin» hartu zuten proposamena, gainera, eta euren lanaren ingurukoak idatziz jasotzeko beharraren berrespen modura jaso dute jarrera hori liburuaren egileek. Elkarrizketen aurretik, sarrera bat idatzi dute argitalpenean, eta, besteak beste, argitu dute liburuaren asmoa ez dela «garai baten azterketa» egitea, ezta aukeratutako artistak «belaunaldi edo testuinguru baten ordezkari gisa» aurkeztea ere, ezpada haien ahotsaren bitartez testuinguru bereko artista gehiago ere biltzea.

Liburua, baina, bost artista jakinhauen lanarekiko «erakarpenagatik» ere sortu dela aitortu dute egileek, eta haien momentuari egin diote azpimarra. Uriarte: «Bostak daude diskurtsiboki oso momentu interesgarrian. Uste dut elkarrizketa hauek duela bost urte egin izan bagenitu, erantzunak zabalagoak eta edukian antzuagoak izango zirela. Hemen, aldiz, zintzotasuna eta benetako artikulazio diskurtsibo bat dago, badakitelako zer egin duten eta norantz jo nahi duten. Bakoitza oso singularra izan arren, badago norabide komun bat ere. Eurek ere esan digute islatuta ikusi direla bata bestearen esanetan».

Bide beretik hitz egin du Onandiak ere: «Uste dut bostak daudela puntu batean non euren lanak kalitatea duen eta eurek esateko asko daukaten. Lortu dute mintzaira propio bat, ziur aski aldatuko dena, eta lortu dute artean eta bizitzan egoteko modu bat. Merkatuan egon edo ez, denek dute konpromiso bat».

35 urteren bueltan dabiltza, gutxi-asko, bost artistak, eta hor hasten dira eteten, hain justu, aurreko urteetan ugariak diren beka eta bestelako laguntza programak. Hor sortzen den «inbutuaz» hitz egiten du, esaterako, Panek liburuan, eta hala azaldu du Uriartek ere: «Gaztetasun batean mugitzea nahiko erraza da gurean, formatzen jarraitzeko eta ekoizpenerako laguntza pila bat daudelako, baina gero obrak erakusteko espazioak murrizten hasten dira».

«Post-Artelekukoak»

Elkarrizketatuek askotariko diziplinak lantzen badituzte ere —batik bat, pintura Panek eta eskultura beste laurek—, lan egiteko modu batek hurbiltzen ditu, liburuko egileen ustez: azken emaitzari baino gehiago, prozesuari asko erreparatzen dion lan moldeak. Izenburura eramandako bi kontzeptuetan ere jaso nahi izan dute haien begiradaren parte bat; desmuntatzeak, prozesu fisiko zein postmodernitatearen zutabe modura; eta ornamentuak, eskulturaren tradizio maskulino-materikoenetik urruntzen den ikuspegi baten aldeko hautua.

Komunean ikusten diete, halaber, «post-Arteleku» belaunaldikoak izatea —«beste erreferentzia batzuk izan dituzte, kanpora atera dira, eta ez New Yorkera ezinbestean, merkatua aldatu da...»—, eta bosten lanei ukitu «poetiko bat» sumatzen diela ere esango luke Onandiak: «Egon dira garai batzuk non piezaren alderdi kontzeptuala edo diskurtsiboa izan den nagusi, baina hauentzat elementu plastikoa, formala, inportantea da oraindik».

Liburuan bildutako artistek erakusketak izan dituzten arren, argitalpenak, oro har, gero eta gutxiago direla adierazi du Onandiak ere, eta horrek obraren inguruan uzten duen hutsuneaz ohartarazi du. «Interesgarriena beti da artelana eta haren aurreko esperientzia, baina obrak nolabaiteko sostengu teoriko kritiko bat ere behar du. Elkarrizketa hauek hurbilketa bat dira horretara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.