Turingo (Italia) Santa Sindone edo Aurpegi Santua-ren irudi batizan ohi zuen beti Xavier Alvarez de Eulate artista frantziskotarrak komentuko bere gelako lan mahaiko tiradera batean, eta irudi hartan oinarritutako koadro ugari egin zuen. Horietako hamalau daude ikusgai egunotan, apirilaren 27ra bitarte, Donostiako Santa Maria basilikako Aurpegi santuak erakusketan. Erakusketako koadro guztiek Turingo Santa Sindone-ko Jesu Kristo gurutziltzatuaren aurpegia irudikatu arren, emaitzak askotarikoak dira, eta artearen historiako joera eta mugimendu askoren arrastoak ikus daitezke haietan, denak artistaren galbahetik pasatuak.
Alvarez de Eulatek 1970ean egina da erakusketako margolanik zaharrena, eta 1998koa azkenekoa. Artistak izandako eragin askoren berri ematen du erakusketak; izan ere, bildutako margolanak askotarikoak baitira teknikaz nahiz estiloz. Forma naturalistak nagusitzen dira batzuetan; kubismoaren arrastoak ageri dira besteetan, edo espresionismoarenak; abstrakzio erabatekora ere jotzen du inoiz, eta azkenekoetan Afrikako artearen eragina igartzen da, besteak beste. Erakusketa atontzen hasi zenean, Edorta Kortadi arte adituak, erakusketaren arte komisarioak, uste zuen figuraziotik abstrakziorako ibilbide bat ageriko zela Alvarez de Eulatek Santa Sindone oinarritzat hartuz egindako artelanetan, progresio kronologiko bati jarraituz, baina, erakusketa prestatzeko lanetan aurrera egin ahala, jabetu zen ez zela hala, forma abstraktuetara oso goiz iritsi zelako artista, eta azken eraginen artean beste batzuk nagusitu zirelako.
600 obratik gora katalogatuta
Arantzazuko santutegiko beira leihoak dira Xavier Alvarez de Eulate artistak (Donostia, 1919-Bermeo, 2012) sortutako lanik ezagunenak, baina, oro har, nahiko ezezaguna den obra oparo bat sortu zuen, askotariko margolanez osatua batik bat. Duela hiru urte Donostiako Boulevard Kutxan egin zen Alvarez de Eulateren erakusketarako argitaratu zen katalogoak seiehun lanen berri jasotzen du, baina katalogo hartatik kanpo geratutako lanak ere ez dira gutxi. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak Alvarez de Eulateren obra ezagutarazteko asmoa dute, eta asmo horri lotua da egunotan Santa Maria basilikan ikusgai dagoen erakusketa.
Hiru sail nagusitan bana daitezke Alvarez de Eulateren margolanak, Kortadiren iritziz: erretratuak, paisaiak —hala Euskal Herrikoak nola Gaztelakoak eta beste hainbat lekutakoak— eta gai erlijiosokoak. Natura hilak eta beste genero batzuetako lanak ere egin zituen, eta baita eskultura batzuk ere.
Artistaren lana, aurpegiz aurpegi
Xavier Alvarez de Eulatek Turingo 'Santa Sindone'-n oinarrituta egindako 14 lan daude ikusgai Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu