Literatura

Artistaren lagun eta senideei gorazarre (Joyce eredu hartuta)

Jon Benito.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
James Joyce marraztuta, idatzita utzi zuenaz beste, Irlandako idazlea besteren begietara nola izan zen erakusten du Alfonso Zapicok Astiberri argitaletxearentzat egindako Dublinés lanean. Fisikoki eta historian, alde batetik; idazle edo pertsona moduan, bestetik. Lagunen lagun eta lagun ohi batzuen etsai. Irlandar eta errari. Maitagarri eta zaputz, aldi berean. Biografia marraztu bat, idazle handi bilakatzeko bidean, bere inguruko lagun eta senideen presentzia eta sostenguak bere idazteko deliberoak adina garrantzia duela salatzen duena. Artistaren jeinua eta ondokoen estimu eta pazientziaren uztarketa dela talentua, alegia.

Batek ez daki ondoegi, ez bere kasuan ez eta, demagun, James Joyce eta gisako idazle handienen kasuan ere, idaztea ekintza naturala den ala ez. Jende asko bizi du munduak idatzi beharraren, fikzioa sortu beharraren irrika orotatik urrun. Baina batzuentzat idaztea ezinbesteko da, aukera bakarra, bizian aurrera egiteko. Ez alferrik, artikulu hauetan, idazlearen giza-faktorean arakatu izan dut maiz, idazterakoan hau nondik abiatzen zen jakiteko. Ezen, ezin du berdin idatzi eskritoreak Afrikatik edo AEBetatik, mendearen hasieran eta gaur, eskuz edo mundu interkonektatuan. Irrika primitibo deskribaezin eta sinple batek elkarlot ditzake munduko idazle guztiak, baina motibazio, desira eta helburuak ondo ezberdinak dira gaur eta atzo, hemen eta han. Horregatik da, akaso, Alfonso Zapico marrazkilari asturiarrak idatzitako Dublinés lana, James Joyceren bizitza eta penak deskribatzen dituena, zirraragarria: idazle bat bere ingurune geografiko, ekonomiko, familiar, sozial, psikologiko eta historikoan kokatzen duelako.

Idazle mitiko bat hartu eta, bere bizipenen lokatzetan sartu eta hura desmitifikatu nahian, ez du haren (James Joyceren) figura puztea besterik lortzen azkenean. Sustrai genealogikoetatik hasi eta bere aitonaren eta aitaren ekimen eta porroten berri labur ematen du liburuaren hastapenean, bere odolak nola egin zuen jakiteko eta geroko beste hainbat jokabide ulertzeko. Irlandan jaio izana gero, katolizismoaren eragina, abertzaletasun txinparta txikia eta gero jaioterriarekiko amodio/gorroto harremana. Betiko barruan gordeko zuena.

Giza faktorea

Liburua irakurtzen duenak bizi denez ere jakin badaki bizitzak bidegurutze asko dituela izan, eta haietariko batzuetan alde batera egin zuelako bilakatu zen idazle Joyce eta ez zeruaren edo patuaren delirioren batek ebatzi zuelako. Hori izan zitekeen apaiz edo mediku, baina jan beharrak edo berezko izateko modu batek literatura bere azken ohol bihurtu zuen. Bere deliberoa da idazle izatea, baina zenbat idazle eta hala usteko galdu dira, zoriak eta kasualitateak izarretan gurutzatu ez zirelako?

Richard Ellmanek idatzi zuen biografian oinarrituta —Anagrama etxeak 2002an argitaratu zuena; eta horrekin batera, David Norris eta Carl Flintek idatzitako Joyce para principiantes ere lagun hartuta—, Zapicok idazle handiaren nora beharra zehazten du. Ellmanen liburua xeheagoa da alde horretatik, eta urtez urteka antolatuta, idazle irlandarraren bizitzako zehaztapen asko argitzen ditu; marrazkilariak, aldiz, bere idazlearen bizitzako mugarrietatik sigi-saga egiten du, beste zenbait pasadizotan eta kuriositatetan sakonduz. Halere, zerbait geratzen da agerian: zenbat zori on eta txar izan zituen Joycek idazle izateko? Zenbat kausalitate eta kasualitate?

Zoriaren bidezidorrak

Dublinésroad movie bat ere bada, bidaia luze baten kronika, pertsonaia errari baten atzetik. Inork ez dezala ez dena pentsa: Joyceren arrakasta eta prestigioa berantiarra izan zen; bestenaz oztopoz oztopo eta zulo baten gainean bestea uzten joan baitzen. Dublindik Parisera, Paristik Triestera, Triestetik Polera, hortik atzera Triestera, Triestetik Zurichera eta atzera berriz Parisera. Idazten zuen bitartean jatekoa falta, edanari eta gaueko bizitzara emana, zabar eta baldras, begietako gaitzak jota ez zenean —Zapicok berak aitortu izan du, komikiaren erditik aurrerakoa egiten ari zela, mania hartu ziola Joyceri, hori idazle gisara jeinua zen arren, elkarbizitzarako pertsona zaila zelako— bere ingurukoekin zapuztua... Horri gehitu, idatzitakoa argitaratzeko zailtasunak, argitaratzen zutenean zentsuratzeko saioak —Ulysses-en edizioa bera debekatu eta erre egin zuten—: Joyce arrakastatsu bat baino gehiago, idazle kontraesankor, patetiko eta, une batzuetan, humanoegi bat erakusten digu. Alde horretarik, maitagarria da Joyceri buruzko zurrumurruak zerrendatzen dituenean Zapicok: austriarren espioi, Erresuma Batuarena edo Sinn Feinn-ena bestela; dadaismoaren sortzaile, kokainazale sutsua, boltxebikeen propaganda banatzaile, Txinako enperatrizaren maitale... zer ez ote da izan jendearen begietara, idazlez gainera, Irlandan jaiotako idazlea?

Errealitate adina fikzio zen Joyceren figura azken batean. Mito bat idazle handitik zuenagatik, mito bat bere bizitzak utzitako legendengatik. Bere bizitzaren arrastoa ederra da nobela grafikoan irakurtzeko, baina amildegi asko ditu, eta hortik salbatu zuen bere burua anitzetan, eta bestek askatu zuen gehiagotan. Eta hara hemen, moralejarik gabe, Zapicok, zeharka, aditzera ematen duena, obra handi bat idaztea (Joyceren kasuan Dublindarrak edo Artistaren gaztetako potreta —Irene Aldasorok itzuli eta Alberdania argitaletxean argitaratua— edo Ulysses kasu) ez dela idazte eta argitaratze hutsa: talentua, lana eta diziplina behar ditu, baina baita orduko zorien batuketa eta aingeru gizatiar batzuen grazia ere. Nobela grafikoan aurrera egin ahala, Joycek bere garaikideei zor diena ikusten da. Ez literarioki soilik —bera arras harroa baitzen inoren erreferentziarik onartzeko, dirudienez—, egunerokoan mantentzen baizik: Ezra Pound, Virginia Woolf, Rockfellerrek mezenas gisara, baina batez ere, bere emazte Nora eta anaia Stanislau.

Idazlea eta ingurua

Bere liburuetan ikus daitekeen bezala, pertsona bat bere inguruneari zor zaio. Baina zenbat? Zenbat zor die Joyce pertsonak ingurukoei? Ia dena. Baina idazleak? Jatekorik, aterperik, zorpean uzteko eskubiderik eman ez baliote, isileko mezenasak, euren lana argitaratzeko erabakia hartu zutenak, argitaratu ostean legeak zigortu zituenak ez balitu... ez genuke bere lanik, eta asturiar komikilariak bere gidoian haiei omen egin nahi diela dirudi.

Joyceren beraren logika aintzat hartuz, magikoa, bere liburuetan bezala bizitzan, eguneroko gauzetan dago, une txikietan. Bere liburuak kriptikoak direla esan izan da, irakurleen ulermenetik urrunegi joan zela maiz. Liburu honek Joycek jaso zuen zuhaitz literarioen sustraiei begiratzen die, inguruneari, gertakariei. Ulysses ulertzeko gakoetako asko bere bizitzan zeuden, ezagutzen zuen jendearen aipamen eta hitzetan, eta liburu honek haiei aurpegia jartzen die.Joycek bizitako guztia idazteko ongarri gisara baliatzen zuen, eta, horregatik, nobela grafiko hau, idazlearen bizian sakontzen duena, bere literatur lana ulertzeko gida gisara ere uler daiteke. Baina, batez ere, idazle baten inguruan dagoena, gertatzen dena, askotan behar dena aitortzeko saria da: maitasun eta justizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.