Nafarroako Gobernuak 2022an antolatu zuen Iruñeko 1972ko Arte Topaketak gogoratzeko lehen programa, eta aurten egingo dute bigarrena, urriaren 3tik 13ra. Egun horietarako prestatu dituzte ekintza nagusiak, baina jada hasiak dira zenbait egitasmotan lanean: Topaketen Eskola izeneko proiektua jarri dute abian, Baluarte fundazioarekin elkarlanean. Haren barrenean, sei artista tailerrak ematen ari dira apiriletik Nafarroako hamalau ikastetxetan: Marina Lameiro, Xabier Erkizia, Peru Galbete, Idoia Zabaleta, Ghislaine Verano eta Naiara Gorostidi, zehazki.
Eskolaren bitartez, 1972ko topaketen aire bertsua helarazi nahi dute ikasgeletara, Nafarroako Kultura zuzendari Iñaki Apeztegiaren hitzetan. «Esperimentazioa, pentsamendua eta diziplinartekotasuna uztartzeko espazioak sortuko dira», adierazi du egitasmoaren aurkezpenean, eta erantsi du jarduera horiek nabarmen lagunduko dutela «sormenaren bitartez partaideen pentsamendu kritikoa bultzatzen». Nafarroako hainbat zonatako eta hizkuntza eredu diferenteetako ikastetxeak ari dira proiektuan parte hartzen, eta tailerrak euskaraz edo gaztelaniaz dira, kasuan-kasuan.
Iruñeko Topaketen komisario Ramon Andresek ere hartu du hitza aurkezpenean, eta hark azpimarratu du tailerrak «biziki interesgarriak» direla, batez ere «ikasleak beste lengoaia batzuetara hurbilaraziko dituztelako, eta kontzientzia sakonago bat lantzera bultzatu». Andresek ohartarazpena egin du horren gainean: «Garatuko duten kontzientzia hori sekula ez da izanen gainerako eskoletan jasotakoaren ordezko, baina bai osagarri». Emandako informazioaren arabera, ikasleek honelako gaiak landuko dituzte, artistek gidatuta: norberaren alderdi fisikoaren eta teknologiaren arteko konexioa, biodibertsitatea, norberaren gorputzaren eta okupatzen den tokiaren kontzientzia, eta mugimendua eta gelditasuna, adibidez.
«Artistek gidatutako tailerretan garatuko duten kontzientzia sekula ez da izanen gainerako eskoletan jasotakoaren ordezko, baina bai osagarri».
RAMON ANDRES Iruñeko Topaketen komisarioa
Egitasmoa apiriletik da martxan, eta irailera arte segitu gogo dute. Izan ere, eskoletan egindakoak publikoari zabaltzeko, erakusketa batean bilduko dituzte sormen prozesuei buruzko xehetasunak eta emaitzak. Asmoa da Iruñeko Kondestablearen jauregian paratzea bilduma, hain justu ere urrian topaketak eginen direnerako.
Librea eta esperimentala
Ikasleekin orain arte izandako enkontruez mintzatu dira Peru Galbete eta Marina Lameiro, artista partaideetako bi. Hurrenez hurren, Harria, papera eta oroitzapena (taldeko erretratu bat) eta Ilusioa geure eskuetan tailerrak gidatzen ari dira. Galbeteri buruz, Apeztegiak esplikatu du batik bat ahotsarekin eta musikarekin aritzen dela, modu aski esperimentalean. Halere, gogorarazi du irudiaren esparruan ere egina duela bidea –are, Ikuspuntu Jaialdian ere paratu dute haren lan bat–, eta, hain zuzen, irudiari loturiko proiektu bat garatzea proposatu zioten Topaketen Eskolan parte hartzeko, eta Galbetek onartu.
«Ikasleei proposatu diet norberak ekar dezala objektu pertsonal bat oroitzapenen batekin lotua dagoena. Asmoa da hortik tiraka bideo kolektibo bat eraikitzea guztion artean», azaldu du artistak. Bestalde, aitortu du ikasleei proposatutakoa «oso zabala» dela, baina nahita dela halakoxea. «Askatasuna eman nahi diet ariketa nahi duten modura egiteko. Justuki, ziurgabetasuna delako alderdirik interesgarrienetako bat: ikustea ea zer gertatzen den, eta batez ere ikustea zer bide egiten den emaitza lortu arte». Dioenez, helmugara iritsi arteko «elkarrizketen» lekuko izatea iruditzen zaio pauso politenetako bat. «Aberasgarria da niretzat ere; asko ikasten da halakoetatik».
Lameiro zinemagilea eta ekoizlea da, batik bat. Atzerriko askotariko festibaletan hartu dituzte haren lanetako batzuk, baita Ikuspuntun ere. Zinemara loturiko tailerrak ematen ari da ikasgeletan, hortaz. «Ez hainbeste ikusle gisara, baizik eta zinemagile gisara; nahi dut ikustea zer egin dezaketen eskuekin». Ikasleak teknologia batzuk aurrenekoz deskubritzeko parada izaten dute harekin. «Guztiz arrotz zaizkien tresnak ikusten ari dira. Normala: haien adinean ni ere ez nintzen sekula aritua 16 milimetroko kamera batekin, ezta super-8 batekin ere», kontatu du Lameirok, pozarren. Aldi berean, beste lezio bat ere irakatsi nahi lieke. «Ulertarazi nahi nieke eguneroko gauzetan ere badagoela zinema. Film bat egiteko ez dela zertan eduki gatazka handi bat, ez eta zerbait literarioa ere; libreago eta modu esperimentalagoan aritzea nahi dut».