Instituzioek bultzatutako eskaintzaz haratago, kultur agenteak beraien kontura lanean ari diren seinale dira hilabete hauetan Gasteizen zein Bilbon ireki dituzten Baratza eta Kabia antzerki lokalak.
Unai eta Garazi Lopez de Armentia neba-arrebek aurrera ateratako proiektua da Baratza. Hemengo antzerki eta dantza garaikide taldeek beraien lanak erakusteko, ikertzeko eta garatzeko tresna izatea dute helburu. Unai Lopez de Armentiaren ustez, ohiko antzerki espazioak konpainia egonkorrentzat daude pentsatuta, baina beraiek esperimentatzen, ikasten eta antzerki adierazpen berriak garatzen ari diren taldeentzako aterpe izan nahi dute. Horretarako, funtzionatzeko beste modu bat dute. «Gure antolatzeko eredua autokudeaketa da. Gure kabuz eraiki nahi dugu espazio hau». Uste du kultur eragileei aktiboki parte harrarazizlortuko dela sektorea aurrera ateratzea.
Bi neba-arrebek bultzaturiko proiektua izanagatik ere, gaur egun, Gasteizko antzerkigintzako beste hainbat taldek ere parte hartzen dute, eraikina erabiliz eta proiektuaren nondik norakoak zehaztuz. Beraien bereizgarritasuna jendearekin lortzen duten gertutasunean dagoela uste du.«Instituzioen proposamenak hotzagoak eta artistengandik zein ikusleengandik aldenduago daude; baditugu KREA eta antzeko proiektuak, bestelako irizpide batzuk aintzat hartuta funtzionatu ez dutenak», gaineratu du. Dioenez, era berean, gaur egungo ikusleek beste proposamen batzuk eskatzen dituzte, eta instituzioen proposamenei kosta egiten zaie eskaera horri egoki erantzutea.
Antzezpenerako hainbat aretoz haratago, mediateka bat ere prestatu dute, arte eszenikoekin loturiko materialekin betea, bideoekin eta liburuekin, besteak beste. Espazio horrek bere kabuz funtzionatzea nahi dute, «jendeak erabil dezala elkar aurkitzeko eta hausnarketarako gune bilakatzeko, eta hitzaldiak, mahai inguruak edo bestelako jardunaldiak antolatzeko», adierazi du Lopez de Armentiak. Talde hasiberriei oinarrizko azpiegitura teknikoa ere uzten diete, hala nola argiteria edo soinu ekipamendua.
Luzera begira, taberna bat egokitzea ari dira aztertzen, autokudeaketan sakontzeko. Baina, gaur egun, Gasteizko Udalaren arautegiak ez die horretarako aukerarik uzten: «Oraingoz, beste gauza batzuei emango diegu lehentasuna, baina ikusiko dugu aurrerago zein bide hartuko dugun». Proiektuan laguntzeko diru ekarpenak jasotzen dituzte, eta ordainetan hainbat opari banatzen.
Beste antzeko proiektu bat Bilbon sortu da. Kabia Teatro taldeak zortzi urte daramatza euskal antzerki eszena ikertzen, eta orain dela gutxi ireki zuen Bilboko San Frantzisko auzoan bere lokala; han, orain arteko bidean sakontzea espero dute. Kabia, Gaitzerdi taldearen barruan sortu zen, eta hainbat lan egin ditu konpainia horrek, batzuk oso entzutetsuak. Azkena Itzala lana da, oso-osorik euskaraz. Lanik ezagunena, berriz, Decir lluvia y que llueva da, zeinekin Espainiako Max sari bat ere irabazi zuten.
Beraien bereizgarritasuna antzerki laborategi bat izatea dela uste du Yolanda Bustillo, taldeko kide batek. «Antzezteko bestelako modu eta mekanismoak erabiltzen ditugu». Eraikin berria modu desberdin horiek lortzeko erabiliko dute, «esperimentazioan sakontzen jarraitzeko». Horretarako, bost lan ildo dituzte martxan, beraientzat zein ikastaroetan; gorputza eta ekintza, ahotsa eta testua, ahotsa eta kantua, aktorearen antzerkigintza, eta, azkenik, eszenaren perspektibak. Horrela, arte eszenikoen espazio ia osoa lantzeko aukera eskaintzen diete arte eszenikoetan sakondu nahi dutenei.
Bi proiektu horiek bi hirietan aurretik zeudenei batu zaizkie. Gasteizen, Teatro Paraisok eta EAT Eszena Arte Tailerrak urte asko daramatzate beren jardunean. Teatro Paraiso haur eta gazteentzakoa da. Antzerkiaren bitartez, haurtzarotik arte hezkuntzarako aukera eman nahi die gaztetxoenei, etorkizunera begira kultura demokratizatzeko eta herritarrago bihurtzeko asmoz. Horretarako, arte eszenikoetan ikertzen, sakontzen eta berritzen saiatzen dira, adin sektore horri begirako proposamenak egiteko. Esanguratsua da zer-nolako itzala daukaten nazioartean. EAT,berriz, 1977an hasi zen lehen pausoak ematen. Ordutik, Euskal Herrian antzerkigintzakotopaketetarako eta trebakuntzarako gune aitzindari bihurtu da. Euskal Herrian ari diren aktore asko han ibilitakoak dira. Metodologiari dagokionez, modu berritzaileak baliatu nahi izaten dituzte. Geroagokoak dira Colektivo Mostrenko eta Ortzai antzerki eskola, dagoeneko haien tokia egin dutenak.
Bilbon, Kabiarekin batera, Deustuan dagoen Pabiloi 6 Arte Eszenikoak proiektua nabarmentzen da. Arte eszenikoei lotutako eragile askotarikoak biltzen dira han, baita ikusle-bazkideak ere, beren bazkide kuota ordainduz eta autokudeaketaren eredua erabiliz dena aurrera eramaten laguntzen dutenak. Horrela, sortzaileek beraien lanak hedatzeaz arduratu nahi dituzte ikusleak. Horretarako, elkarlana eta konplizitatea sustatuz, kultur sormena eta kultur hedapena esperientzia kolektibo bilakatu nahi dute.
Artista guztientzako tokia
Orain proiektu hauek guztiak batera egoteak «artista satelite bakoitzak bere espazioa izatea eta eszena egonkortzea» dakarrela uste du Lopez de Armentiak. Hala, artistek beste artista batzuengana jotzeko modu zuzenagoak aurkitzen dituztela uste du, «instituzioen burokrazia astunari itxaron gabe». Gainera, «erakundeek, askotan, aurrera eramaten ari garen gauzetan muturra sartzen dute, kalte eginez, edota beraien proiektuekin gureak zangotrabatzeraino», salatu du. Bustillo ez da horren kritiko, baina uste du antzoki handien eredua jausten ari dela. «Espazioarekin eta ikuslearekin bestelako harreman bat lortu nahi duten proiektuak sortu dira» dio, baina, hala ere, ohiko espazioak eta instituzioetatik sustatutako egitasmoak ere bide horretara egokitzen ari direlakoan dago.
Artistak, beraien kabuz
Arte eszenikoen esparruan sormenak ez du atsedenik hartzen Euskal Herrian. Horren adierazgarri dira han-hemenka sortu diren lan egiteko hainbat gune.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu