60 artistaren konpainia eta esperimentatzeko gogo handia. Horiek dira Marijose Rekalde artista iruindarrak erabili dituen osagai nagusiak Kidetasun topaketak erakusketa ontzeko. Hainbat arte adierazpidetako sortzaileak bere etxean bildu, eta haiekin hitz egiten, gogoetak partekatzen eta ikasten aritu da hainbatetan. Eta hona emaitza: xilografiaz, collageaz, eskulturaz, marrazkiz, mihiztaduraz eta beste zenbait teknikaz sortutako 21 erretratu. Koadroak dira gehienak, eta horietan artistak ageri dira, posatzen edo lanean; bakarka edo taldeka. Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean jarri ditu ikusgai. Erakusketa martxoaren 3ra arte egongo da zabalik.
Blanca Razkin, Leire Urbeltz, Carlos Canovas, Teresa Sabate, Paco Polan, Javier Muro... Nafarroako sortzaile ugari agertzen da Rekalderen artelanetan, eta, hain zuzen, horietako bakoitzak erabili ohi duen arte teknikarekin sortu du haren erretratua. Alegia, grabatu bidez irudikatu du teknika hori lantzen duen sortzailea; akuarelaz, berriz, margo hori darabilen artista. Hareago, protagonistetako asko lanean irudikatu ditu: eskultoreak tailerrean, argazkilariak beren kamerekin... «Argi utzi nahi dut, halere, ezin zaiola etiketarik jarri ezein artistari; gaur teknika bat lantzen ari den arren bihar beste batekin aritu baitaiteke», zehaztu du Rekaldek. Hark ere «diziplina anitzetako artista» gisa definitzen du bere burua, hain zuzen ere.
Horregatik, koadro batzuetan, teknika bat baino gehiago nahastu ditu: zeramika argazkiekin elkartu du, grabatua collagearekin, eskultura estanpazioarekin... «Gustuko dut materialekin esperimentatzea: material ezohikoak erabiltzea, horien bizitza luzatzeko eta horien aukerez jabetzeko», adierazi du. Erakusketako lanek mantentzen dituzte Rekalderen obraren ezaugarri batzuk: giza irudia dute ardatz, eta bizitasun eta alaitasun handikoak dira.
Sormen prozesua «oso berezia» izan dela kontatu du artistak, «koadro bakoitza sortzea esperientzia berezia eta pertsonala izan delako». Era berean, ikasketa prozesu bat ere izan dela dio. «Ikasketa handia izan da: batetik, teknika berriak probatu eta ikasi ditut; eta, bestetik, artistekin egonda, ni neu artista eta pertsona gisa hazi naiz». Topaketak inspirazio iturri gisa erabili dituela gaineratu du: «Energia positiboa sortzeko balio izan didate, bai eta lan egiteko indarra eta gogoa hartzeko ere». Juan Sukilbidek dokumentatu du prozesua: bideo batean bildu ditu topaketetan filmatutako irudiak, eta erakusketan jarri dute ikusgai.
Proiektua ez da berria; urrats bat gehiago da Rekaldek arte adierazpide berrien bila egindako ibilbidean. Zehazki, 2000. urtean du jatorria. Urte horretan, Ziudadelan bertan aurkeztu zuen beste erretratu bilduma bat: hainbat artista margotu zituen, eta, aldi berean, haiek bera erretratatu zuten. Baina, kasu horretan, teknika bakarra erabili zuten: olioa. «Hura lan klasikoagoa izan zela esan daiteke», adierazi du egileak.
Lan hori aurkeztu ostean gaia lantzen jarraitzeko grina sortu zitzaiola kontatu du, kostatzen omen zaiolako bere sorkuntzekin pozik geratzea. «Lanak beti eskatzen dit harengana itzultzea eta konbentzitzen ez nauten gauza horiek aldatzea». 2014an ekin zion proiektuari bigarrenez, eta ordutik aritu da lanean, nahiz eta bidean beste lanetarako tartea ere aurkitu duen. Hala ere, hark azaldu duen moduan, esperimentazioaren hautua ez da zerbait prestatua izan: «Ez dut kontzienteki egin, baizik eta ezagutzen ez nituen jardunbideak bilatzeko gogoa nuelako».
Sormen prozesuak alde zailak ere izan ditu sortzailearentzat. Kontatu duenez, topaketek eta esperimentazioak neke handia ekarri diote. «Honek jolasteko aukera eman dit, baina baita sufrimendua ere». Arazoak izan ei ditu material batzuk lehen aldiz maneiatzerakoan. Esan duenez, zeramika lantzea izan da neketsuena: «Pieza bat egin eta gero, lehertu egin zitzaidan». Gorabehera horiek eta prozesuan izandako gogoetak etasentimenduak jaso ditu erakusketaren katalogoan: kapitulu bat eskaini dio lan bakoitzari, eta eguneroko bat ere sartu du.
Lana amaituta, gogobeteta
Urteotako lana «erronka» bat izan dela adierazi du Rekaldek. Baina emaitzarekin «gogobeteta» sentitzen da: «Nire lanean egin dudan ibilbidea distantziarekin begiratuta, ikusten dut ni artista emankorra eta geldiezina naizela: material asko ukitzea eta horiekin jolastea gustuko dut. Horregatik, lan hau oso interesgarria izan da». Era berean, aitortu du proiektua amaitu ondoren erretratuetatik aldentzeko beharra sentitzen duela: «Orain pentsatzen dut inoiz ez dudala erretratu gehiagorik egingo. Baina, seguruenik, noizbait, itzuliko naiz. Beti itzultzen naiz».
Artistak artelan bilakatu
Marijose Rekaldek 'Kidetasun topaketak' erakusketa jarri du ikusgai Iruñeko Ziudadelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu