Musika

Artista gazteen alde egin du apustu Andoaingo Rock Jaialdiak

Besteak beste, Goat Girl, Tramhaus, The Bug Club, Howlin' Jaws eta Ithaka ariko dira, bihar, herriko Nafarroa Plazan. Jaialdiaren 16. aldia izango da, eta ohi bezala, doakoa.

The Bug Club taldea. BERRIA
The Bug Club taldea. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 14a
05:30
Entzun

Duela hamarkada eta erditik hona, gitarren eta rockaren aldaera ugariren zaleek hitzordu garrantzitsua izan dute ekainaren erdialdean Andoainen (Gipuzkoa). Udalak antolatu ohi du Andoaingo Rock Jaialdia Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary disko dendarekin elkarlanean, eta 2008an aurrenekoz egin zenetik, ehundik gora artista igaro dira Nafarroa Plazako agertokitik; horien artean, rockzale ugarirentzat erreferentzia ezinbesteko bilakatu diren musikariak: The Dirtbombs, The Chesterfield Kings, The New Christs, The Nomads, The Pretty Things, The Undertones, Bellrays, Flamin' Groovies, Elliott Murphy, Bevis Frond, Boss Hog, Thurston Moore, Black Lips...

Talde klasikoei lekua egin izan die Andoaingo Rock Jaialdiak, baina, batez ere, arreta jarri du undergroundean edo ertzetan mugitzen diren artistengan. Eta aurten, festibalaren 16. aldian, apustua azken horien aldekoa izango da bete-betean. Estilo ugaritasuna ere bermatuta egongo da, noise-rockak, power-popak, post-punkak, elektronikak eta 1960ko hamarkadaren rock-and-rollaren oihartzunak dakartzaten musikek lekua izango baitute jaialdian. Festibaleko kontzertu nagusiak 18.00etan hasiko dira, baina horren aurretik, eguerdian, hainbat euskal musikari izango dira herriko beste plaza batzuetan: Indabe (Zumea plazan, 12:00etan), Amorante (Plaza Morean, 13:00etan) eta Munlet (Goikoplazan, 14.00). Azken horrek Devo taldearen kantuetan oinarrituko du bere kontzertua.

Jaialdian parte hartuko duten talde guztiak gazteak izango badira ere, ez zaie esperientzia falta, eta horietako batzuek urteak daramatzate diskoak ateratzen eta kritikaren nahiz jarraitzaleen arreta pizten. Horietako bat da, zalantzarik gabe, Goat Girl, 2018an taldearen izen bereko diskoarekin estreinatu zenetik ikusmira zabala erakutsi duen banda. Laukote formatuarekin hasi ziren, post-punkari buelta bat emanez, baina hirugarren diskora iritsi direnerako —dagoeneko hirukote bilakatuta—, taldearen eskaintza asko dibertsifikatu da. Bellow The Waste (2024) azken disko oparoan —hamasei pieza biltzen ditu—, noise-rock eztandak, folk esperimentala, punk industriala eta synth-pop atsegina nahasten dira inolako arazorik gabe. Izan ere, dibertsitate hori bera bilakatu da Lottie Pendleburyk, Rosy Jonesek eta Holly Mulineauxek osatzen duten hirukotearen nortasun ezaugarririk nabarmenetakoa.

>

Post-punkaren bidetik dator Tramhaus Rotterdamgo (Herbehereak) laukotea ere. Oraindik disko luzerik gabe, lau single eta EP bakar batekin eta, batik bat zuzeneko indartsuekin leku bat egin du Europako eszenan, eta Idles nahiz Viagra Boys taldeekin alderatu du taldea kritikak. Irailean kaleratuko du bere lehenengo lan luzea.

Galesko The Bug Club taldearen proposamena oso bestelakoa da, eta hari buruzko testuetan aipatzen diren izenei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko: The Modern Lovers, The Kinks, The Soft Boys... Eta, hala ere, erreferentziek ere ez dute ondo adierazten The Bug Cluben proposamena, 2016an lehenengo lan laburra kaleratu zuenetik hamaika single, EP eta LPetan barreiatu duena. Rare Birds: Hour of Song (2023) taldearen azken disko luzean 47 pieza sartu dituzte 65 minutuan, eta kantuen iraupen horrengatik berarengatik The Bug Clubek ekar dezake gogora Guided by Voices taldea. Hark bezala, lo-fi ukitu bat du Galesko bandak, nahiz eta power-pop doinuak eta garage-rock gitarrak ere nabarmentzen diren bere kantuetan. The Moldy Peaches, Comet Gain, eta Pavementen oihartzunak ere antzeman daitezke behin baino gehiagotan.

60ko hamarkadako doinuen oihartzuna du, berriz, Howlin' Jaws talde frantziarraren musikak. 2015ean sortua, hirukote honek ez du ezkutatzen The Beatles eta The Kinksekiko miresmena, baina bere azken disko luzean (Half Asleep Half Awake) psikodelia traza nabarmenak ere azalaratzen dira. Taldekideek beraiek azaldu dutenez, Strange Effect (2021) aurreko diskoan pop eta rock kantu zuzenak egiten ahalegindu ziren, piezen egiturari garrantzia emanez; azken diskoan, ordea, zuzenean egiten dutenaren lekukotza jaso nahi izan dute: «Inprobisazio gehiago dago diskoan».

Euskal ordezkaritza bat ere izango da Andoaingo Rock Jaialdiaren arratsaldeko ekitaldian. Ane Barcena euskal herritarrak eta Raquel Pages katalanak osatzen dute Pinpilinpussies taldea, eta beren hitzek ezerk baino hobeto adierazten dute zer egiten duten: «Sleater-Kinneyren zerbait, Bikini Killen zerbait, baina chill gehiago. Gehitu Courtney Barnett pixka bat. Garage-popa post-punk jarrerarekin. Pogoak egiteko abestiak baladaren batekin. Soinu gordin eta halakoa». Gaztelaniaz eta ingelesez abesten dute gehienbat, baina badituzte euskaraz idatzitako gutxi batzuk ere (Erre, Makarena).

Orio eta Zarautz artean (Gipuzkoa) sortutako taldea da Ithaka, eta hainbat single argitaratu ostean, iaz kaleratu zuen bere lehen lan luzea, Biluzten, rock gogorraren eta post-punkaren artean mugitzen den diskoa. Taldeak Gaztea maketa lehiaketako entzuleen sarien irabazi zuen 2022an.

Jaialdiari buruzko informazio osagarria hemen dago eskuragai.

 

SAIOEN ORDUAK

12:00: Indabe. Zumea plazan.

13:00: Amorante. Plaza Morean.

 

14:00: Munlet. Goikoplazan.

18:00: Pinpilinpussies. Nafarroa Plazan.

 

20:10: Howlin' Jaws. Nafarroa Plazan.

21:50: The Bug Club. Nafarroa Plazan.

 

23:15: Goat Girl. Nafarroa Plazan.

00:40: Tramhaus. Nafarroa Plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.