Musikari adingabe esperientziadunak dira, gaztetasuna eta profesionaltasuna antitesiak ez diren erakusgarri. 16 urte dauzkate Ibai Osinagak (gitarra eta ahotsa) eta Iker Arizek (bateria), eta 15 Julen Abaurreak (baxua). Baina jada urteak daramatzate oholtza gainean; Altxatu taldea dira, eta punk-rockaren eszena biziberritzeko prest daude. Aurreko urtean, lehen lana atera zuten, eta, orain, bigarrena plazaratu dute: Hitza. Heldutasunez jositako hamabost abestik osatzen dute obra.
Gurasoek eramaten dituzte kontzertuetara, autoz, eta oraindik ezin dute kudeatu kobratutako dirua; hala ere, Gor diskoetxearen apustu handienetarikoa da hirukotea. «Grabatzeko elkartu zirenean, hasieran jarraibideak ematen nizkien, baina segituan ohartu nintzen ez zituztela behar; bigarren egunetik aurrera, grabaketarekin gozatu baino ez nuen egin». Gor ekoiztetxeko Patxi Goñirenak dira hitzak. Musikari gazteen estiloa nabarmendu du, eta haien kalitatea: «Gezurra dirudi duten adinarekin horren disko fina egitea, horren heldua».
Hitza izenez bataiatu dute bigarren lana, hain justu kontzeptu horrek laburbiltzen duelakoproiektuaren muina: «Gure arma bakarrak hitza eta hizkuntza dira». Hala azaldu du Osinagak. Horregatik, lengoaiaren eta euskararen garrantziaren inguruan aritu dira. Horren adibide da grabatutako hamabost kantuetatik hamahiru euskaraz izatea —bakarra egin dute gazteleraz, eta bestea hitzik gabeko sorkuntza instrumentala da—.
Lehen baino «indartsuago»
Askotariko gaiak landu dituzte. «Gaur egungo arazoak» direla dio Osinagak: kuadrilla, hedabideen manipulazioa eta Nafarroan D ereduarekin dagoen gatazka, besteak beste. Dena den, ezohiko gai bat ere hautatu dute, kuriosoa: asma. Abaurreak eta Osinagak gaitz hori dute; hori dela eta, arnasketa arazoak dauzkatenei enpatia keinu bat egin nahi izan diete: Badaukat asma da emaitza, Toy Dolls taldearen kanta baten bertsioa. Horrez gain, kolaborazio bat ere izan dute: Vendetta taldeko Javier Etxeberriak ahotsarekin lagundu die Sé tú mismo kantuan.
Lehen lanetik bigarrenera aldea badagoela uste dute taldekideek. «Ahotsa aldatu zaigu!», esan du Abaurreak, barrez. Baina ez da hori soilik aldatu: «Lehen diskoa etxean grabatu genuen, eta hau, estudioan. Profesionalagoa da, eta aurrenekoa baino indartsuagoa». Argi daukate zein den orain euren helburua: «Horrela jarraitzea». Datorren kontzertua Tolosan emango dute, urriaren 11n, Leihotikan taldearekin batera.
Artista adingabeak
Bigarren diskoa kaleratu berri du Altxatu taldeak: 'Hitza'. Lehen lanean bezala, punk-rockaren bidetik jo dute, baina oraingoan, «indartsuago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu