Artikulazio garaikideak

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalezen eskulturak bildu dituzte 'Estratuarteak' erakusketan, Oteiza museoan. Ekainaren 4ra arte daude ikusgai

NORA AURREKOETXEA. sarea / sarea / sarea / ileordea (2022). IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Altzuza
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Metaketak, koagulazioak, sedimentazioak, tolesturak. Nola tapatu batak bestea. Edo nola lotu bata besteari. Forma berriak eraikitzeko prozesuei eta materialak artikulatzeko manerei begirako erakusketa zabaldu dute Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa): Estratuarteak. Bilduma hirukoitza da, finean, hiru eskultoreren lanak jaso baitituzte aldi berean: Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Miren Doiz (Iruñea, 1980) eta Marina Gonzalez Guerreirorenak (Guarda, Galizia, 1992). Ekainaren 4ra arte izanen da zabalik.

 

Bildumaren izenak Gilles Deleuze eta Felix Guattari filosofoek idatzitako Mille plateaux: Capitalisme et schizophrénie (Mila goi lautada. Kapitalismoa eta eskizofrenia) liburuan du jatorria. Materialen eta gorputzen artean gertatzen denari buruz aritzeko baliatu zuten estratuarteak kontzeptua, eta, hain justu, batik bat hori bistaratu nahi dute Altzuzan jarritako erakusketarekin. Gainera, gune horretan ez da joera batere arrotza tarteen ideia artearen bidez lantzea. Jorge Oteizak ere berezkoa zuen joera hori, museoko zuzendariorde eta erakusketaren komisario Juan Pablo Huercanosek gogorarazi duenez. «Tarteari eta hutsuneari begiratzen zien, edo, bestela esanda, obrari zentzua ematen dion elementu artikulatzaileari». Horregatik, batetik, eta «garaiko sorkuntzaren gakoak ematen dituztelako», bestetik, Huercanosek uste du Aurrekoetxearen, Doizen eta Gonzalez Guerreiroren obrek berebiziko zentzua dutela museoan.

Gainera, komisarioak nabarmendu du erakusketak lotura duela Iruñeko 72-22 Arte Topaketekin. Iaz hainbat jarduera antolatu zituzten 1972koak oroitzeko, eta omenaldi horren parte da Estratuarteak ere, nolabait. Batzuen eta bestearen artean, gainera, bada antzik izaerari dagokionez: «1972an, artistak oso era librean esku hartzera gonbidatu zituzten; kasik ez zen izan komisariotzarik. Honetan ere, garbia izan da aske lan egiten uzteko intentzioa».

Orrazkera ez da betierekoa

Ilearen formei eta haren keinuei erreparatu die Nora Aurrekoetxeak bere obran. Orrazkerak aztertu ditu, eta orrazkerak ondu. sarea / sarea / sarea / ileordea izena jarri dio bildumari, eta letoia, erretxina, argizaria, txatarra eta brontzea baliatu ditu piezak sortzeko —zolan, sabaitik zintzilik eta hormetan paratu ditu artelanak—.

Ikasle zeneko pasarte bat oroitaraziz esplikatu du proiektuaren jatorria. Kontatu duenez, irakasle batek hala esan zion bere ikaskide bati: «Buruan duzun hori da eskultura egitea», ikasle horrek burua zapi batez erdi-estalia zuelarik. Ez ordutik, baina, gerora, ideia hori zirika izan du artistak. «Orrazkera buruari lotutako material bat da, modu jakin batean antolatua eta ordenatua, forma bat eta espazio bat sortzen duena», azaldu du Aurrekoetxeak. Ideia horri loturik, dioenez, «ornamentuaren eta egituraren inguruko eztabaida» landu du.

Dena dela, iragankortasunaz ere egin du gogoeta artistak. Haren esanetan, orrazkerak ez baitira betierekoak, desegin egiten baitira. «Efimeroak dira». Batik bat horregatik, argizaria baliatu du gehien artelanari forma emateko. Sendotasun hauskorra ematen baitio argizariak.

Aurrekoetxeak ez bezala, Miren Doizek aurrez sortutako objektuak baliatu ditu, batez ere, Gorputzak lekuan bere obra bilduma ontzeko. Huercanos komisarioak azaldu du material gehiago ez sortzea zela haren asmoa hasieratik: «Inguruko materialekin lan egitea izan da artistaren ideia nagusia, eta, zenbaitetan, horrek erreferentzia biografiakoak ekarri ditu bidera».

Askotariko objektuak antzeman daitezke eskulturetan: artistaren amonak bizkarra zuzentzeko erabilitako gailua, komuneko zeramikazko pieza, oihalak... Baina artistak esanahi berriak eman dizkie horiei guztiei, pinturaren bidez elkarri lotuz. Hain zuzen ere, Doizek pinturan murgilduta eman du bere ibilbide artistikoaren parterik handiena, eta orain ere atera dio etekina adar horri: «Pintura izan da nire koagulatzailea».

Halaber, Doizen bilduman, artikulazioa ez da soilik materialen artekoa izan. Artistak berebiziko garrantzia eman dio piezak paratu dituen espazioan esku hartzeari. Aitortu duenez, horri neurria hartzea izan zaio zailena prozesuan. Hau da, erabakitzea zer-nolako sakontasunez lotu behar zituen aretoa eta eskulturak.

Edonola ere, dioenez, azkenean erdietsi du bilatzen zuen efektua: «Haustura eragitea». Oteiza museoaren eraikineko forma geometrikoen artean, kontraste argiak sortu ditu. «Piezak organikoagoak dira, eraikinaren lerro hain zehatzen alboan». Adibidez, olana zuri bat itsatsi du aretoko horma batean, goitik behera, eta ezker eskuin. Izkina batean, baina, solte utzi du olana. Ez dadin izan hain leuna, hain laukizuzena.

Hala, kideen antzera, artikulazioaren inportantzia bistaratu du Marina Gonzalez Guerreirok ere. Lo seko geratzea du izena haren bildumak. Apal «perimetral» batek hartzen ditu aretoko hormak, eta haren gainean jarri ditu artelanak, hain justu. Askotariko materialez eginak dira: kartoia, harea, plastikoa, papera, harria, lore idorrak, egurra... Eta aski txikiak dira den-denak. Are, Gonzalez Guerreirok aitortu du bere garaian pentsatu zuela horietako asko «baliorik gabeak» zirela. «Edo bukatu gabeak, behintzat».

Azkenean, ordea, narratiba bat eraiki du horiekin guztiekin, batetik, eta gerora sortutako lan «grafikoagoekin», bestetik. Edonola ere, artelan gehien-gehienak lotuta daude artistaren iraganeko bizitzarekin. Hain justu ere horregatik, Huercanosek iradoki du obra «eguneroko bat» dela, artistaren bizitza kontatzeko «koaderno bat»; biografia bat.

Lana egin aurretik artistari buruz zituzten susmoak baieztatu direla esan du komisarioak: «Ikusi genuen Marinak [Gonzalez Guerreiro] oso modu berezia duela diskurtso artistikora hurbiltzeko, oso berea. Gaitasun berezia du bere barne munduak proiektatzeko. Hala egin du hemen ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.