Artifiziorik gabeko doinuak

Baztango Madame Birrots taldeak folk eta pop estiloak lantzen ditu, rockarekin nahastuta. 2020an sortu zen taldea, eta iazko azaroan kaleratu zuten lehenengo diskoa.

Madame Birrots taldeko kideak, urtarrilaren 31n, Elbeten. IÑIGO URIZ / FOKU
Madame Birrots musika taldeko kideak, urtarrilaren 31n, Elbeten. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Elbete
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Zapatilleran egin du hitzordua Madame Birrots taldeak. Elbeten dago lokala, eta bertan entseatzen dute, Baztango beste talde batzuekin batera. 2021. urtean, Zapatillera fabrika zaharrean obra txiki bat egin zuten bailarako hainbat musikarik, eta entsegu lokal bihurtu. Bi astean behin elkartzen da han Madame Birrots taldea, eta, nahiz eta bertako kideek aitortu duten logistika zaila egiten zaiela batzuetan, beti topatzen dute elkartzeko tartea.

Asmo handirik eta helburu argirik gabe sortu zen Madame Birrots, 2020an. Natural suertatu zen dena, eta hala da oraindik ere. Naturaltasun horren isla dira taldeko bost kideak, baita sortzen duten musika ere. Hasieran bertsioak egiten hasi baziren ere, iazko azaroan lehen diskoa kaleratu zuten: Madame Birrots. «Diskoa zuzenean grabatu dugu; gure soinu erreala dauka, eta zuzenean jotzeko ez da zaila; ez dago erreproduzitu ezin dugun soinurik».

«Diskoa zuzenean grabatu dugu; gure soinu erreala dauka, eta zuzenean jotzeko ez da zaila; ez dago erreproduzitu ezin dugun soinurik»

KATTALIN EZKERRAMadame Birrots taldeko abeslaria

Xumetasunaren alde egin du Kattalin Ezkerrak (Baztan, 1985), taldeko abeslariak. «Ekoizpena ere soila da, geurea. Berako Atala estudioan grabatu genuen, analogikoan». Edizio landuen eta soinu indartsuen garaian, hautu organikoa egin du Madame Birrotsek, eta musika egiteko era hori defendatu dute kideek.

Baxurik ez

Instrumentuen konposizioari dagokionez, berezia da taldea: Izargi Zumarragak (Arraiotz, 1994) gitarra elektrikoa jotzen du; Uhaina Apezetxek (Erratzu, 1995), gitarra akustikoa; Alazne Untxalo (Ituren, 1989) perkusioan aritzen da; eta, baxuaren ordez, Eneritz Mitxelenak (Bera, 1980) biolontxeloa jotzen du. «Biolontxeloak beste soinu bat ematen dio sortzen dugunari, eta taldea desberdin egiten du», adierazi du Apezetxek. «Baina taldea ez zen apropos horrela sortu. Kasualitatea izan zen, eta guk aukera bat eman genion horri», gehitu du Mitxelenak. Berezkotasunaren isla, berriz ere.

Ez dira, ordea, hasiera-hasieratik bost kideak batera egon. Batzuk bazkaloste batean hasi ziren elkarrekin kantatzen lehendabizikoz, inprobisatuta, talde feministak antolatutako bazkari baten ostean. 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean izan zen hori, eta orduko kideak Ezkerra, Zumarraga eta Apezetxe ziren. Egun hartan, Idoia Gillenak, Bereko Bentako nagusiak, jatetxean kontzertua emateko proposamena egin zien. Hala hasi ziren elkartzen eta abesti batzuk prestatzen. Martxoaren 14an jarri zuten kontzerturako data, baina martxoaren 14 hartan Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen COVID-19a zela eta.

«Taldea ez zen apropos biolontxeloarekin sortu. Kasualitatea izan zen, eta guk aukera bat eman genion horri»

ENERITZ MITXELENA Madame Birrotseko biolontxelo jotzailea

Hasiera aldrebesa izan zuten arren, aurrera egin zuten. Pandemia garaian, murrizketarik handienak zeudenean, ezin izan zuten entseatu. «Saiatu ginen bideo deien bidez egiten, baina ezinezkoa izan zen», aitortu du Zumarragak. «Desastre hutsa izan zen hori», erantsi du Ezkerrak. Itxialdia amaitu zenean, gogotsu ekin zioten.

Orduan batu zitzaizkien Untxalo eta Mitxelena, eta boskoteak forma hartu zuen. «Musikari gehienei kostatzen zaie taldeari izena jartzea, eta guri ere berdin», Zumarragak kontatu duenez. «Lagun batek Birrots kontzeptua azaldu zigun, eta hitzaren esanahia asko gustatu zitzaigun». Batez ere, Bizkaian erabiltzen da Birrots, eta andre zahar edo emakume zahar esan nahi du. «Horrez gain, hasieran bertsioak egiten genituenez eta kantak birsortu egiten genituenez, hitz jokoa egin genuen horrekin».

 

Hasieran bertsioak egiten zituzten, eta, hain zuzen ere, abestiak birsortzeko ahalegin handia egiten zuten. «Guk argi genuen euskaraz kantatu nahi genuela, eta horregatik erabaki genuen gaztelaniazko edo ingelesezko bertsioak euskaratuko genituela», esan du Ezkerrak. «Iruditzen zaigu hizkuntza hautua hautu politikoa dela eta euskaldunon diglosia egoerarekin kulturgileok halako erabakiak hartu behar ditugula euskararen alde».

Inprobisazioa

Kantu propioak egiteko, inprobisazioz lan egiten dute, batez ere. «Batzuetan ideiak etxetik ekartzen ditugu, eta denen artean borobiltzen ditugu. Gehienetan, melodiarekin hasten gara, eta ondoren sartzen dizkiogu hitzak, baina alderantziz ere egin izan dugu», dio Zumarragak. Apezetxek erantsi du «polita» dela inprobisazioaren bitartez lan egitea, «elkarrekin sortzen» dutelako, «eta modu naturalean eratzen da». Folk eta pop estiloak lantzen dituzte, batik bat, baina, Zumarragaren iritziz, ez dira musika estilo jakin batera lotzen. «Geuk ere ez dakigu zer estilo den...».

«Gehienetan, melodia eraikitzen hasten gara, eta ondoren sartzen dizkiogu hitzak, baina alderantziz ere egin izan dugu»

IZARGI ZUMARRAGAMadame Birrotseko gitarra elektriko jotzailea

Kontzertu anitz dituzte orain. Adibidez, otsailaren 16an, Oñatin (Gipuzkoa); 28an, Burlatan. «Sumatzen da Euskal Herrian badela kontzertuak antolatzeko eta musikariak biltzeko sare bat. Hori oso aukera ona da musikari berriendako», aitortu du Untxalok.

Horrez gain, Ezkerrak adierazi du badagoela nahi bat emakumeak oholtzara eramateko: «Herri askotatik deitzen digute herriko bestetan emakumeen talde batek jotzea nahi dutelako». Zoritxarrez, ez da ohikoa oholtza gainean andreak soilik ikustea; hutsune bat dago hor, baina poliki-poliki ari da betetzen. «Aukera horiek irekitzen ari dira, eta oso pozgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.