«Artelan horien kontrolean halako zabarkeriaz eta utzikeriaz jokatu izana onartezina da. Hamalau obra berreskuratu ditugu; erdiak, gutxi gorabehera. Baina non daude gainerakoak? Zer gertatu da haiekin? Zein izan ziren obra horien zaintza katearen arduradunak? Erantzunak exijitzen ditugu, eta falta diren obrak itzultzea ere bai». Argi eta garbi mintzatu zen Lorena Beroiz Itoizko urtegiak mehatxatutako herritarren batzarreko kidea, arrastoa galdutako bi artelanen irudiak erakusteaz bat. Izan ere, artistek beren lanak Artozkira eraman zituzten herriarekin batera ur azpian geldi zitezen. Ez zen horrela izan, aitzitik.
Ikusi gehiago:Argazki bilduma: Artozkin galdutako obretatik hamalau
Poliziek eraman zituzten
Txiki Zamora Itoitzekiko Solidarioak taldeko solidarioak kontatu zuen duela hogei urte gertatutakoa: «Sormenerako gune hori [Artozki-Artezki] eta herri guztia 2003ko irailaren 30eko goizaldean suntsitu zituzten, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak hondeamakinekin batera sartu zirenean». Herria jendez ez ezik artelanez ere hustu zutela salatu zuen solidarioak: «Poliziak elizatik atera zituen artelanak, eta haietako batzuk, gutxienez, urteetan egon dira bulego ofizialetan».
Orain 31 lanetatik hamalau berreskuratu dituzte; «modu anonimoan» helarazi dizkiete, baina xehetasun gehiagorik ez zuten eman nahi izan. Hala ere, Zamorak kontatu zuen zenbait obra Foruzaingoaren Iruñeko komisariara ailegatu zirela: «Atxilotu gintuztenean, ikusi genuen nola sartzen zituzten zenbait artelan polizia etxean. Hortik aurrera, arrastorik ez dugu».
Ikusi gehiago:Agiria: 'Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna'
Bere garaian, taldearen abokatuak behin baino gehiagotan eskatu zituen artelanak, baina ezezko borobila jaso zuen beti. Artozkiko afera 183/03 espedientean jasota zegoen. Hari muturren baten bila, prokuradoreak Agoizko epaitegira jo zuen duela gutxi, baina haria berriz ere moztu zen. «Bitxia da; esan zioten ez dagoela deus. Dena suntsitu zela. Iruñetik etorri zirela, eta eraman zutela. Beraz, ez dago espedienterik», esan zuen Zamorak. «Non dago espediente hori orain? Zergatik ez dago jasota? Hau zabarkeriazko falta bat da. Beste bat».
Testuinguru horretan, zenbait gogoeta plazaratu zituzten Zamorak eta Beroizek. Batetik, Artezki proiektuko artelanek urteotan jasotako tratua salatu zuten: «Makroazpiegitura honen kontra geundenok jasandako inposizio, gutxiespen, umiliazio eta arpilatzeen metafora krudela da». Gainera, artelanen kontrolean «zabarkeriaz» eta «utzikeriaz» jokatzea leporatu zioten Nafarroako Gobernuari. Artelanak ez ezik, egun hartan bestelako gauzak ere «gerra harrapakin gisa» ebatsi zizkietela salatu zuten, ez baitizkiete inoiz itzuli: eskalada egiteko materiala, musika tresnak, objektu pertsonalak eta abar.
Museo bat, gogoratzeko
Galdera anitz, baina erantzun gutxi dituzte urtegiaren kontra borrokan aritu zirenek. Erantzunak nahi dituzte, baita oraindik desagerturik dauden beste hamazazpi obrak ere. Are, egun hori ailegatzen bada, egin nahiko luketen proiektua buruan dute: Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa osatu nahi dute berreskuratutako lan guziekin. Museoaren helburua azaldu zuen Beroizek: «Urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko, Picassoren Gernika margolanak egiten duen bezala».
Artezki egitasmoko obra batzuk erakusteko parada izanik, oso kontent ziren Itoitzen eta Artozkin borrokan aritu ziren solidario, herritar eta artistak. Atzo duela hogei urte bota zituzten Artozkiko etxe guziak. Atzo duela hogei urte eraman zituzten 31 obra, egileen baimenik gabe. Eta hori ez dute atzentzerik nahi. Atzoko prentsaurrekoa Artozkiko erresistentziari buruz aritzeko ere baliatu zuten solidarioek eta auzokoek. «Ehunka lagunek jarraitu zioten Itoitzekiko Solidarioak taldearen deiari, modu batera edo bestera herri horiek defendatzeko, askotan bizitza ere arriskuan jarrita», azaldu zuen Zamorak. Itoitzen hiru egunez eutsi zioten; Artozkin, hamasei egunez. «Elkartasun handia jaso genuen, eta modu ezberdinetan».
Ikusi gehiago:Itoizko urtegia: oroitzapenak igerian
Artezki proiektua herri sorkuntzarako, kulturarako eta arterako gune bat izan zela gogoratu zuten. Artearen eta kulturaren esparruko jendeak agudo erantzun zion solidarioen eskariari, eta Artozkiko museoa eliza bihurtu zen. Herriko karriketan ere zenbait mural eta instalazio artistiko egin zituzten, hondeamakinek behin betiko suntsitu zituztenak.
Hori guzia ekarri nahi dute gogora erakusketaren bidez. Geltokin paratu dutena ez baita erakusketa hutsa; memoria ariketa oso bat baizik. Beren herriak defendatzeko orduan bizilagunek izandako «duintasuna» gogora ekarri zuen Beroizek, baita ekintzaileen «erresistentzia tinkoa» ere: «Bizitza arriskuan jartzeaz gainera, dozenaka atxiloketa eta tratu txar jasan zituzten». Itoizko urtegiaren egitasmoa berriz ere salatu zuen auzokoen izenean: «Ulertezina da ibar hauek suntsitzea pairatzen ari garen krisi ekosozialaren erdian, baita oposizioari entzungor eginez beren legea ere ez betetzeko lotsarik izan ez zuten agintari ustelen inposizioa ere».
Hori dela eta, urteurrena baliatu nahi dute gertatutakoa gogoratzeko, baina baita aurrera begiratzeko ere: «Lurra defendatzen jarraitzeko dei gisa balio dezala». Alde horretatik, Nafarroako ubidearen bigarren fasea gelditzeko eta Esako urtegia ez handitzeko eskatu zuten solidarioak eta urtegiaren eraginez kaltetutakoek.
Bigarren leihatilan
Iruñeko autobus geltoki zaharra hartzen zuen eraikinean daude hamalau artelanak ikusgai. Non- eta Artozkirako autobus txartelen leihatilan. Egile ezezaguneko hiru obra daude eskuinaldean, egurrezko kaxa baten gainean, eta Joseba Lekuona Iabenen harrizko pieza segidan. Haren aldamenean, sabaitik lurreraino zintzilik, Faustino Aranzabal Salegiren margolana ageri da, lur kolorez pintatua. Eta aurrerago, beste bi lan ikusiko ditu bisitariak, parez pare, horman: Jose Luis Zumetaren koadro bat, kolore gorriak nagusi dituena; eta Anton Mendizabalen egurrezko eskultura bat.
Haren azpialdean, aulki batean, egurrezko beste pieza bat ageri da izkina batean: Juan Gorritiren sinadura koloretsua darama. Sortzailea ere atzoko agerraldian izan zen, eta azaldu zuen «tsunami baten» pare, hunkiduraz jaso duela bere obra agertu delako berria; lauzpabost piezak osatutako serie baten parte zen lana.
Ezkerraldeko horman, berriz, beste hiru lan ikus daitezke: Txiki Agirre Keitxeta-ren margolana, Ander Hormazuri Alkizaren koadroa, eta Iñaki Olazabal Ezeizaren eskultura. Azkenik, beste izkina batean, Jose Ramon Anda Goikoetxearen eskultura eta Ana Mugeta Ripodasen koadroa jarri dituzte ikusgai. Geltokiko erakusketaren parte da Hurto taldearen txindata bat ere.
Lanok hilaren 10era arte izango dira Iruñean ikusgai eta, ondoren, Agoitzen (Nafarroa) ere izango da horiek ikusteko aukera. Ez lanok bakarrik, zabalagoa izango baita hilaren 20an han zabalduko duten erakusketa. Artea-Memoria-Lurraren defentsa izenburua jarri diote, hiru ideia horiek ardaztuko baitute bilduma, antolatzaileek azaldu dutenez.
Arteari dagokionez, Iruñean ikusgai diren hamalau artelanei ez ezik desagertutakoei ere garrantzia eman nahi diete, eta argazkien eta zirriborroen bidez ekarriko dituzte gogora. Bestalde, Itoizko urtegiaren aurkako borrokak ere izango du isla, eta hari lotutako argazkiak, bideoak eta hemerotekako materialak bilduko dituzte erakusketan. Halaber, memoriari lotuta, eraitsitako herrietan bildutako askotariko objektuak ere jasoko ditu Agoizko kultur etxeak. Azaroaren 4ra bitarte izango dira horiek guztiak ikusgai.