Artearen lekuak. Arteztu galeria

Artez marraztutako hirukia

Sortzaileak, ikasleak eta auzoa. Hiru osagai horiek lotzeko asmoz zabaldu zituen ateak Donostiako Arteztu galeriak duela hamar urte. Arte eskolak eskaintzea du bereizgarri.

Iker Antia Arteztu galeriako arduraduna, Gorka Larrañaga artistak ikusgai jarritako obretako bi alboetara dituela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Arkupea du kaleak. Eguzkiak zein euriak gogor jotzen dutenean, bertatik igaroko da itzal edo aterpe bila dabilena. Eta baliteke leihoaren beste aldera artelanez beteta dagoen espazioari erreparatzea. Donostiako Antigua auzoan dago Arteztu galeria, Benta Berrin. Atarian, karratu itxura du erakustaretoak, eta, barrura eginda, laukizuzen forma hartzen du; baina hiruki ikusezin bat ere badu barne-barnean, hiru elementu lotzeko asmoz ireki baitzuen, orain hamar urte, Iker Antiak: «Trinomio bat nuen buruan: artistak, hasiberriak zein bide bat egin dutenak; ikasleak, edo sormena landu nahi dutenak; eta auzoa. Horiek elkartzeko lekua izatea nahi nuen». Ideia berarekin jarraitzen du lanean hamargarren urteurrenean.

«Hamar urte ja... segituan pasatu dira», dio, atzera begira jarrita, galeriaren arduradunak. Arte Ederretako ikasketak bukatu ostean, zazpi urtez serigrafia lantegi batean aritu zen. Baina lana uztea eta bere proiektua abiatzea erabaki zuen gero. «Nire helburua zen, edozein eratara, artearen inguruan jarraitzea, marrazteko denbora gehiago izatea, artea auzoan zabaltzea, eta auzokideei aukera ematea artistak ahalik eta gertuen edukitzeko». Apropos aukeratu zuen Antigua, galeria gehienak erdialdean edo Grosen daudenez, artea hirian are gehiago zabaltzeko. Hastapenak ez ziren izan errazak, baina pixkanaka, bidea egin zuen. «Hasi nintzenean, mundu honetan harreman gutxi nituen, eta gogoratzen naiz zenbat kostatu zitzaidan lehen urtea erakusketekin betetzea. Orain, kontrakoa gertatzen da, badirela erakusketa jarri nahi eta ezin dutenak, denbora eta espazio faltagatik».

Ordutik, hamaika artistak zintzilikatu dituzte beren obrak 70 metro koadro inguruko areto horretan. «Txikia da, xumea, baina gustura gaude; batek baino gehiagok aipatu digu gertukoa egiten zaiola beste areto handiagoen aldean». Barrura eginda, beste gela bat du atzealdean, biltegi, bulego eta estudio funtzioak betetzen dituena. Hainbat artelanen aterpe da uneotan; Aitor Etxeberria, Aitor Sarasketa, Iñigo Manterola, Iñaki Olazabal, Barbara Stammel, Jose Zugasti eta Veronica Domingo Alonsoren piezak daude, besteak beste. Erakusketa jarri ostean artistak galeriari oparitutakoak batzuk, salduko balira ere gordailuan utzitakoak bestetzuk... Arteztun beren obrak erakutsitakoenak denak. Baina beste asko ere igaro dira bertatik, hamar urteotan 60tik gora bilduma hartu baititu guneak. «Artista berriei aukera eta espazioa eman nahi nien erakusketa duin bat egin eta beren lana ezagutarazteko, eta, era berean, bide bat egina duten artisten lanak ere ekarri nahi nituen».

Urteetan, hilabete eta erdian behin izan da bildumaren bat ikusgai bertan; orain, bi hilabetean behin, «erakusketari zein ikusleari denbora gehiago emateko». Sortzailearekin harremanetan lantzen du bakoitza Antiak. «Ez dut metodologia itxi bat, baina gogoko dut elkarrekin erabakitzea nolako erakusketa izango den. Askatasun handia ematen diot artistari nahi duena jartzeko, baina aretoa betetzeaz gain lan gehiago ekartzen baditu, gustuko dut harekin aukeratzea, muntatzea...». Galeriaren ezaugarriengatik, orain arte hormarako lanak izan dira gehienak; pinturak, collageak, grabatuak. Formatu eta neurri desberdinetakoak ekartzeko esan ohi die. «Eta pintorea izan arren eskultura edo instalazio txikiren bat badu, orduan ere bai».

Hain zuzen, hiru dimentsioko lan bat da oraintxe kaletik, erakusleihotik gertuen ikusten dena; orein txiki baten figura da, kristalezko ontzi batean sartua, eta Gorka Larrañaga artistaren Lo común y lo mutante. Superposiciones del presente erakusketaren parte da. Monica Galvanek komisariatua, 1990eko urteetatik gaurdainoko margolan, marrazki, collage, grabatu eta teknika mistoz ondutako lanen lagin bat du artistak ikusgai. Hiru garaitakoak: hastapenetako fatxaden koadroak; Mexikon izan zen garaiko obren eraginak dituztenak; eta, gerora, Gaztela gaitzat hartuta landutakoak. Ñabardura, Antiak: «Sarrerakoak 90eko hamarkadakoak izan arren, berak segitzen du horiek lantzen, berritzen... Bizirik daude; hortik erakusketaren izenburua». Abuztuaren 31ra arte daude ikusgai.

Eskola erdigunean

Denetariko jendea joaten da galeriara. «Hemengo jendea izaten da gehiena, baina egia da kanpotarrei baino gehiago kostatzen zaiela sartzea». Badira erakusketak ikustera beti joaten direnak, eta bada kristalaren beste aldetik ikusi ohi dituenik ere. Lasai sartzeko esan izan die Antiak, eta horretarako aukera ote zuten zalantzan sumatu ditu. Ulertzen ditu; badaki hainbati galeriatan sartzeak erreparo moduko bat eragiten diela. «Baina gu desiratzen gaude sartu, galdetu, begiratu eta ezer erosi gabe ere alde egiten badute, galeriari bizitza ematen badiote». Eroslerik ere agertzen da «noizbehinka», eta baita, «oso noizean behin, pertsonaia bereziren bat» ere, dio galeristak. «Behin cowboyz jantzitako aitona bat etorri zen... Beste behin, Hong Kongetik eztei bidaian etorritako bikote batek pare bat lan erosi zituen...».

Baina, bestela, ikasleak ditu bisitari leialenak Arteztuk. «Aurrera ateratzeko, haur eta helduen laguntza dugu». Pixkanaka gero eta artelan gehiago saltzen direla nabari badu ere, azaldu du ez dela erraza, eta eskolei esker eusten diotela. Eredurik ohikoena ez izan arren, hasieratik izan zuen garbi galerian eskolak antolatuko zituela: ikasturtean, Antiak berak ematen ditu marrazki, pintura eta argazkigintza ikastaroak, arratsez; eta udan, hainbat teknikatako adituei deitzen die eskolak emateko. «Erakusketa jartzen duten artistei ere eskatu ohi diet tailer edo hitzaldiren bat emateko». Halakoetan, artistak, ikasleak eta auzotarrak biltzen dira bertan. Eta galeriak barruan ezkutatzen duen hirukia inoiz baino argiago marrazten da.

ARTEZTU GALERIA
Irekiera urtea. 2011.
Lekua. Resurreccion Maria Azkue kalea, 12, Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.