Artelekuko serigrafia eta litografia tailerrak Debako Arte Eskolara eraman dituzte

Ikerne Badiola Kultura diputatuaren arabera, Artelekuko jarduerak Donostiatik harago mantendu behar dira, «herrialde osoaren oreka bilatuz»

Juan Luis Baroja Collet grabatugilea, atzo Deban, makinarekin grabatu bat egiten. Atzean, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Deba
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Iazko martxoaren 24an, Arteleku jada ixteko prozesuan zegoenean, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak jakinarazi zuen Donostiako Txomin Enea auzoko eraikinean urteetan emandako litografia eta serigrafia tailerrak Debako Arte Eskolara lekualdatuko zituztela; hori zela intentzioa. Eta asmoa gauzatu dute; izan ere, Gipuzkoako kostaldeko herri horretan emango dituzte eskola horiek aurrerantzean.

Horretarako, espazioa zaharberritzeko lanak egin dituzte azken hiru hilabeteotan. 240.000 euroko kostua eduki dute, eta diputazioaren ekarpena 220.00 eurokoa izan da. Inaugurazio ekitaldia atzo egin zuten, eta Badiolak gogoratu zuen zein pauso ibili dituzten egitasmoa gauzatu arte. «Arteleku Txomin Eneko eraikinetik atera genuenean, argi geneukan han gauzatzen ziren proiektuak mantendu behar zirela, eta mantendu behar zirela Donostiatik haratago, herrialde osoaren oreka bilatuz».

Iazko udaberrian hustu zuten Arteleku, eta hark aterpetutako guneak eta zerbitzuak sakabanatu dituzte: arte grafikoetako tailerrak, Debara; Dantzagunea, Errenteriako Niessen aretora behin-behinean, gerora Lekuona zentrora bideratzeko; liburutegia eta gainerako gune eta programak Tabakaleraren esku geratu dira, eta Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan kokatutako Kalostra arte eskola esperimentalak hartu du Artelekuren lekukoa, alderdi pedagogikoari dagokionez.

Debako Udalak segituan agertu zuen alor grafikoko eskolak jasotzeko «prestutasuna», atzo komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean Badiolak nabarmendu zuenez. «Nahiko egoera kaxkarrean zegoen, eta pozgarria da orain zeinen itxura txukuna duen ikustea». Bi solairu dauzka eraikinak. Behekoan bilera gela bat atondu dute, eta goikoan lekutu dituzte litografia —hara eraman dute makina, torkuloa—, grabatu eta pintura estudioak—Deban lehendik ere eskaintzen zituzten bi diziplina horietako eskolak—.

Datorren ikasturtea prestatzen joateko, hainbat ekintza garatuko dituzte datozen hilabeteetan. Maider Zubikarai Debako alkateak atzo adierazi zuenez, maiatzean, arratsaldeetan, zenbait ikastaro emango dituzte, herritarrak berak eskolara erakartzeko intentzioarekin. Uztailean profesionalentzako ikastaro bat emango du Iñaki Rifaterrak, Artelekuko Esperientzia Litografikoen tailerreko koordinatzailea zenak.Ikastaroak abiarazteko, aldundiak 15.000 euroko diru laguntza emango dio Debako Udalari. Irailetik aurrera zer proposatu lantzen ari dira, jada, proiektuaren arduradunak.

Eskola erreferentea

Debako alkatearen esanetan, konturatuta zeuden arte eskolak garai berrietara egokitu beharra zeukala. «Gure erronka da garai batean zeukan erreferentzialtasuna berreskuratzea». Beraz, joan den udazkenean, aldundiarekin batera, hausnarketa prozesu bat abiatu zuten, eta horretan parte hartu zuten hezkuntzako eta kulturako hainbat eragilek.

Arte eskolak beste atal bat dauka herriko beste gune batean, eta horretan lantzen dituzte egurra, harria, brontzea eta zeramika. Zubikaraik agindu du atal horrek zer eskain dezakeen aztertuko dutela.

Ia 45 urteko ibilia egin du, jadanik, Debako Arte Eskolak. Jorge Oteizak bultzatuta eratu zuten 1970ean —«hark esaten zuen gizartea eraldatzeko tresna moduan ulertu behar zela artea», oroitu zuen Zubikaraik, atzo—, eta hasieran Artearen Eskola Esperimentala deitu zioten. 1970eko hamarkadan hainbat artista entzutetsuk jo zuten bertara: Oteizak berak, Agustin Ibarrolak, Remigio Mendiburuk, Jose Antonio Sistiagak, Jose Luis Zumetak,Eduardo Txillidak... Behin hori itxita, 1981ean Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroa ireki zuten. Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak finantzatu dute, eta patronatu batek kudeatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.