Arteleku laster hustu beharko dute, Donostiako Udalak Txomin-Enea auzoan gauzatuko duen zaharberritze planaren ondorioz.Beraz, azken 30 urteotan eraikina bete duten atalak lekualdatu beharrean dago Gipuzkoako Foru Aldundia, gunearen arduraduna. Ikerne Badiola Kultura diputatuak jakinarazi zuen, iazko urtarrilean, Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentura eramango zituztela, baina atzo, ordea, iragarri zuen atal guztiek ez dutela agian han tokirik izango. Litografia eta serigrafia tailerrak, adibidez, Debako Arte Eskolan jarriko dituzte (Gipuzkoa). Badiolak adierazpen horiek egin zituen atzo, Errenterian, Dantzagunearen, Artelekuren ataletako baten, behin-behineko egoitzaren aurkezpenean.
Joan den hilabetean, kezka adierazi zuten Artelekuren erabiltzaile batzuek, zenbait komunikabidetara bidalitako gutun batean. Iruditzen zaie arte plastikoekin lotura duten diziplina batzuk (pintura, eskultura, ehungintzako diseinua...) etorkizuneko Artelekuren balizko proiektutik desagertzera kondenatuta daudela. Badiolak atzo Errenterian esan zuenez, sormen guneek Santa Teresan izango dute tokia, baina ez, ordea, Artelekuren erabiltzaile guztiek. «Gure intentzioa da erabiltzaile guztiei irtenbide bat ematea, atal bakar bat ere ez galtzea eta modu egokienean lekualdatzea». Kultura diputatuak iaz nabarmendu zuen, adibidez, «kontzeptua aldatu» egingo zela lekualdatzearekin batera.
Apirilaren 2an, aurkezpena
Urratsak egiten ari dira, erabiltzaileekin eta eragileekin hitz egiten, eta apirilaren 2an, datorren asteazkenean, Artelekuren plangintza aurkeztuko du Badiolak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordean. «Udalak jartzen ditu epeak, baina gure asmoa da irailerako lekualdatzea bukatuta edukitzea». Oraingoz argi dagoen gauza bakarra da serigrafia eta litografia tailerrak Debara eramango dituztela, baina Kultura diputatuak jakinarazi du hango Arte Eskolaren eraikinak egokitzapen lan handiak behar dituela.
Errenteriako Lekuona okindegiaren eraikina zenak aterpetuko ditu Dantzagunearen ekintzak 2016tik aurrera, «dena ondo baldin badoa, behintzat», eta, oraingoz, udalaren Niessen gunean lan egingo dute dantzariek. Behin-behineko lekua egokitzeko lanetan 479.700 euro xahutu dituzte, eta, Julen Mendoza Errenteriako alkateak jakitera eman zuenez, kopuru horren ia %75 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du. Hainbat tamainatako lau areto dauzka, eta dantzariek jada bi aste daramatzate horietan lanean.
Lekuonaren obrak aurreneko fasean daude, eta sei milioi euro inguruko aurrekontua daukate orotara. Aldundiak ordainduko du %60, eta udalak gainontzekoa. Badiolaren hitzetan, prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko da zein «erabilera, baldintza eta baliabide» edukiko dituen Lekuonak etorkizunean; instituzioez gain, horretan parte hartzen ari dira kudeatzaileak, teknikariak, dantzariak, antzezleak, eszenografoak eta beste. «Aberasgarria ari da izaten».
«Artelekuko atal guztiek agian ez dute tokirik izango Santa Teresan»
Ikerne Badiola Kultura diputatuak iragarri du litografia eta serigrafia tailerrak Deban jarriko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu