Museoetako gidek museoen eta horiek gordetzen dituzten artelanen irudi eta datu zehatzak jaso ohi dituzte; Oskar Alegriak egin duena, ordea, Nafarroako Museoaren «antigida» bat da: begirada zehaztasunetan jarri beharrean, xehetasunetan jarri du; normalean nabarmentzen ez diren detaileetan, artelanen eta museoaren ifrentzuan, haien inguruko ikuspuntu aske, berezi eta berritzaile bat eskaintzeko. Emaitza liburu bat da, Zatikaria izenekoa. Museoaren 65. urteurrenaren egunean aurkeztu zuen jendaurrean, ekainaren 24an.
Lanaren abiapuntua, izan ere, urteurrenean dago: Mercedes Jover museoko zuzendariak Alegriarengana jo zuen, eta urtemugarako «zerbait» sortzeko proposatu zion. «Bitxia da, askotan eskatzen didatelako zerbait egin dezadala; nire aurkezpenean jarri beharko dut zerbait egiten aditua naizela», kontatu zuen zinemagileak, umoretsu. Museoaren proposamen horren atzean «askatasun erabatekoa» egon dela nabarmendu zuen, eta hori oso positiboa izan dela: «Esperientzia zoragarria izan da: haur baten moduan ibili naiz hemen, eta museoa askoz hobeto ezagutzeko aukera izan dut».
173 irudi zatikaturekin osatu du lana: artelan bakar bat ere osorik erakutsi gabe, horien detaileekin, proposatu du «orainari iraganeko begiekin begiratzea», eta alderantziz. Begirada xehetasun txikietan jarriz, dela koadro batean, dela eskultura batean, falta dena imajinatzea proposatu du, «horrek deribara baitarama ikuslea: irudien atzean dauden istorioak sortzera».
Irudi bitxiak ikus daitezke liburuan: adibidez, Francisco de Goyaren San Adriango markesaren erretratua-ren euskarriaren atzeko aldea; haren ifrentzua. Koadroak etiketak dauzka itsatsita, obra non egon den erakusten dutenak. Fotografiatu duen beste obra baten ezkutuko aldea Leireko kutxatilaren barnealdea da. Kanpoaldea baino soilagoa da ikusten den materiala, eta sinadura bat dauka: Farayk egina bere lau ikasleekin. «Altxorra, hemen, orbangabea da, eta paradoxa ederra: kutxatilaren fatxadaren horror vacui hori, non dena oparoa eta landua baita, guztiz desagertzen da alde honetan», dio Alegriak, argazkiaren alboko testuan.
Beste kasu batean collage bat osatu du, lau obratan ikus daitezkeen begi itxien irudiekin (argazkian). Bi begi pare hildako pertsonenak dira; beste bi, lo daudenenak. Alegriak dioenez, «beren baitara bildutako begiak dira: beren buruari begira daude, eta mundutik kanpoko barne bidaia horretara gonbidatzen gaituzte».
Artelanei eusten dieten idulkiei ere so egin die, «kontakizunaren oinarria» direlako, pinturan markoak diren bezala. «Eskulturan are gehiago beharbada, lan baten asmoa goratu dezaketelako, edo lurraren pare jarri». Horregatik, Jorge Oteizaren obra baten idulkiaren zati bat fotografiatu du: Besarkada. Figura inkontzienteak eskulturarena.
Museoa bera fotografiatua
Museoaren arkitekturari lotutako argazkiak ere badira: leihoenak, adibidez, Iruñera begiratzeko kokapen «pribilegiatuak» eskaintzen dituztelako. Sei leiho aukeratu ditu; besteak beste, Arga ibaira begira dagoena, Descalzos kaleko etxe koloretsuetara begira dagoena, eta konpontzen ari direlako plastikoz inguratu duten bat.
Leihoak ez ezik, eraikinean aurkitutako beste irudi bitxi batzuk ere jaso ditu, hala nola koadro bat luzaroan egon den tokian kolorge gelditu den paretaren zati bat, edota museoko patioko hormen gaineko marmolean bidea egiten duen huntza.
Bere sorkuntza lanaz gain, Alegriak hamazazpi artista nafarren ahotsak bildu ditu liburuan, «kandelei putz egiteko gonbidapena onartu eta hitzezko opari bana ekarri» dutenak. Museoari buruzko haien testigantza pertsonalak josiz, kontakizun kolektibo bat osatu du. Artisten artean daude Rafael Moneo, Dora Salazar, Pedro Salaberri, Ines Boza, Juan Gracia Armendariz, Carlos Canovas, Ramon Andres eta Teresa Catalan, besteak beste. Haiek sortu dituzten testuak ere laburrak dira, zatikatuak.
Santos Bregañak egin du liburuaren diseinua. Azala kolore gorri biziz margotu du, eta kanpoaldean, gainazal gisa, Vicente Lopezen Jaun baten erretratua margolanaren zati bat jarri du: begi bat.
Urteurrenaren karietara, Alegriaren lanarekin batera, Silvia Lizarragak eta Itziar Rubiok haurrentzako liburu bat sortu dute: Nafarroako Museoko enigma. Museoa Iruñeko buruhandi eta kilikiekin batera bisitatzera gonbidatzen du irakurlea, eta, abentura batean murgilduz, misterio bat argitzea proposatzen dio. Uztailaren 14ra arte museoa bisitatzen duten haurrek dohainik jasoko dute liburua.
Etengabe berritzen
Nafarroako Museoak 1956ko ekainaren 24an ireki zituen ateak,San Joan egunarekin, orduan Miserikordiako Andre Mariaren Ospitalea zenaren egoitzan. Jose Yarnos Larrosa arkitektoak egokitu zuen eraikina, eta, hasieran, instalazioek hiru solairu hartzen zituzten, 22 aretotan banatuta.
Museoaren ibilbidea Joaquin Maria de Navascuesen zuzendaritzapean hasi zen; museoaren historia, halere, oso loturik dago Maria Angeles Mezkiritz Irujorekin, urte luzez izan baitzen zuzendaria: 1957tik 1999ra arte. Haren garaian, ateak hiru urtez itxi zituzten, 1987tik 1990era, moldaketa lanak egiteko. Haren ondoren, zuzendari izan dira Francisco Javier Zubiaur, Camino Paredes, Miguel Angel Hurtado eta Mercedes Jover. Azken horren gidaritzapean, aldaketa esanguratsuak egin dituzte.
Esaterako, 2011ko apirilean, oztopo arkitektonikoak kentzeko prozesu baten ondoren, Historiaurreko eta Burdin Aroko areto berria aurkeztu zuten. 2019an, berriz, erakusketa iraunkorra berritu zuten, obrak aurkezteko eredu berri bat ezartzeko, garai eta estiloen araberako banaketa tradizionaletik aldenduta. Ekoizpen garaikidea, eta bisitariaren eta obraren arteko harremana lehenetsi zituzten. Estrategia berria Arte guztia garaikidea da leloarekin laburbildu zuten. Erakusketa iraunkorra eguneratzeko lanak aurrera jarraitu du azken urteetan ere: aurten, maiatzaren 18an, Nafarroako monetari eskainitako areto bat ireki zuten, hormako pintura gotikoari eskainitako gune nagusia berritu zuten, eta oztopo arkitektoniko batzuk kendu zituzten.
Artelanen ifrentzua, Alegriaren begietatik
Nafarroako Museoaren 65. urteurrena ospatzeko, Oskar Alegria zinemagileak 'Zatikaria' liburua ondu du. Museoko eraikinaren eta artelanen 173 irudi zatikatuk osatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu