«Ba oparitu koadro bat, famatu egingo bazina ere». Gogoan iltzatuta gelditu zitzaion lagunaren esaldi hori Endika Basaguren artistari (Bilbo, 1978). Erabaki berria zuen artea lanbide hartzea, eta ingurukoei albistearen berri ematean jaso zuen txantxa moduko eskaria. Esaldi hori bera hautatu dute orain Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey zuzendariek beren dokumentalari izenburua jartzeko: Margolan bat oparitzen didazu?. «Lan honekin aztertu nahi genuen nola lantzen den arte garaikidea, konkretuki, Euskal Herria bezalako espazio tradizionalista batean», azaldu du Urgoitiak. Baina sorkuntzak merezi duen begirunea ere aldarrikatu nahi izan dute titulu hori hautatuta. Bitart New Media ekoiztetxearekin sortu dute lana, eta arte garaikidea sortzen duten Bilbo inguruko hiru sortzaileren ahotsak bildu dituzte: Hemen kolektiboko kideak, Sr. Polaroiska bikote artistikoa, eta Basaguren bera.
Hiru erretratu eskaintzen ditu lanak, funtsean, baina haien bidez egungo arte garaikideari buruzko mosaiko zabalago bat eraikitzea ere izan dute buruan. Urgoitiak dioenez, horregatik hautatu dituzte hiru ahots horiek. Erreferentziazkoak hirurak, baina bakoitza bere modura. «Lanean bakarka aritzen den norbait: Basaguren. Kolektibo gazte bat: Hemen. Eta ibilbide luzeko kolektibo bat: Sr. Polaroiska. Bakoitza bere alorrean aritzen da, eta bere modura».
Off-ean datoz beti sortzaileen azalpenak dokumentalean, eta lanak irauten duen ordubetean, ikusleak ez du artista kamerari hizketan ari zaion plano bakar bat ere topatuko. Irudietan, artistak beti dabiltza zerbait egiten: zeramika tailer bat ematen, koadro bat margotzen, argazki sesio bat egiten, dantzatzen, edo beste hainbat gauzatan, baina sekula ere ez geldi. Erabaki kontzientea izan dela dio Urgoitiak. «Lan egiten erakutsi nahi genituen. Ikusarazi nahi genuen zenbat lan dagoen pieza bakoitzaren atzean. Etengabeko lana da».
Artista bakoitzaren ibilbideari buruzko aparteko azalpenik ere ez dute txertatu filmean, eta artisten azalpenen eta haien lanaren irudien bidez ondorioztatu beharko du hori ikusleak. Ia bi hamarkadako ibilbidearen talaiatik mintzo dira Sr. Polaroiskako Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe, esaterako. Duela urte gutxi sortu duten modaren, artearen eta eskulangintzaren artean dabilen Hemen kolektiboaren berri ematen dute Estela Miguel Bautistak, Uxue Lopez Iruretagoienak eta Markel Gonzalez Elezkanok. Eta bere sorkuntza propioarekin izan duen borrokaren berri ematen du Basagurenek.
Koadroak erretzea
Azken irudietan, hain zuzen, Basagurenek bere margolan zaharrak nola suntsitzen dituen eta nola erretzen dituen erakusten du dokumentalak, gero haien errautsekin lan berriak sortzeko.
Sortzaileen hitzek eta ekintzek daramate kontakizuna.
Sr. Polaroiska bikoteko Arenzanarena da dokumentaleko ahotsa, kasu honetan. «Nik uste dut Euskal Herrian gaur egun tendentzia asko daudela, eta denak elkartzen direla, eta ondo ikusita daudela». Lotsa aipatzen du Hemen kolektiboko Gonzalez Elezkanok gero, hasiera batean kosta egin zitzaiola artista zenik esatea. «Baina pixkanaka, nire ustez, artea zabaldu da». Eta terminoarekiko ezerosotasuna onartzen du Basagurenek ere. «Ez dakit zer den artea, baina badakit unibertsitatean hasi nintzenetik ez nintzela guztiz eroso sentitzen arte hitzarekin, eta horregatik esaten dut sortzaile naizela». Eta hala doa filma aurrera, ahotsez ahots, gaiez gai, lanez lan.
Aurrez, beste bi dokumental labur sortu dituzte Urgoitiak eta Reyk, beste hainbat kiderekin batera: LGTBI komunitatearen parte diren adinekoei buruzko Visibles estreinatu zuten 2018an, eta iaz aurkeztu zuten hainbat emakumezko migratzaile afrikarri buruzko Cosiendo futuros. Ibilbide luze eta oparoa izan dute bi lanek jaialdietan, eta hirugarren lanarekin ere bide hori lantzen dabiltza orain. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza bat jaso zuten arteari buruzko dokumentala sortzeko, eta Bilboko Zinebi jaialdiak hautatua du jadanik hurrengo ediziorako, eta pozik estreinatuko lukete lana bertan.
Justifikatu beharrean
Talde lanaren garrantzia nabarmendu du Urgoitiak, eta Kenneth Oribe argazki zuzendaria, Fran Alonso soinu arduraduna, Bittor Gonzalez edizio arduraduna eta Nerea Alberdi musikaria izendatu ditu. Dioenez, «ezinbestekoa» izan baita haien lana.
Kulturgileen lana aldarrikatzea izan da dokumentalaren beste asmoetarako bat, Ungoitiak azaldu duenez, eta horregatik titulua ere. «Arteaz bizitzea ere aukera bat dela erakutsi nahi genuen, eta aukera oso duina. Baina badirudi, oraindik ez dela hala. Zuk banku batean lan egiten baduzu, edo fabrika batean, badirudi zure soldata justifikatuta duzula. Baina artean aritzen bazara, badirudi zure lana etengabe justifikatu behar duzula. Debate hori sortu nahi genuen».
Artelanen atzean daudenak
Endika Basaguren artista, eta Hemen eta Sr. Polaroiska kolektibo artistikoak erretratatuz, arte garaikideari buruzko mosaiko bat osatu dute Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk 'Margolan bat oparitzen didazu?' dokumentalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu