Artelan ahokatuak

Iñigo Arregiren eskulturen eta erliebeen erakusketa irekiko dute gaur Donostiako Ekain arte galerian

Iñigo Arregi eskultorea bere azken piezak erakusten, Donostiako Ekain arte galerian, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pieza bakoitzak bere egitekoa dauka Iñigo Arregiren eskulturetan. Bataren hutsuneak bestearen koskari egiten dio lekua, xaflaz xafla, eskultura osatu arte. «Nire lan guztiak desarmatu daitezke, eta berriz eraiki ondoren. Baita modu ezberdin batean ere; hori libre uzten dut. Baina hori ez da egin behar», adierazi du eskultoreak. Izan ere, milimetroz milimetro egiten ditu kalkuluak, bere artelanetako pieza guztiek ahoka dezaten. Gaur aurkeztuko ditu, hain justu, bere azken obrak Donostiako Ekain Arte Lanak galerian, eta abenduaren 7ra arte egongo dira erakusgai.

Pieza txikiak aukeratu ditu erakusketarako, galeria txikia baita, baina ikusleek erraz imajinatu dezakete lan bakoitza eskala handian, Arregiren esanetan. Bi obra mota daude erakusgai: eskulturak eta erliebeak. Eskultoreak ez du alderik ikusten bi lan mota horien artean: «Niretzat gauza bera dira. Erliebe bat ikustea eskultura bat begiratzea bezala da, baina artistak nahi duen eran». Izan ere, Arregik dioenez, eskultura bat inguratu egin daiteke edo argiaren eraginez aldatu daiteke. Erliebeak, berriz, eskulturak laburbiltzen dituztela dio.

Lan gehienak pieza lauekin eginak dira, bat izan ezik. Azken horrek xafla kurbatuak ditu, eta artistak aitortu duenez, esperimentaziorako bide berri bat aurkitu du kurbaduren bidetik. Altzairuzkoak dira Arregiren obra gehienak, nahiz eta batzuetan egurra eta brontzea ere erabiltzen dituen. «Kontzeptu moduan erabiltzen dut altzairua. Izan ere, kanpoan lan bat kokatzen dudanean, naturak amaitzen du. Hezetasunarekin herdoilduz joaten da, eta naturaren eta eskulturaren artean sinbiosi moduko bat sortzen da». Erliebeen kasuan, berriz, egurra oso pieza handietan bakarrik erabiltzen du; txikietarako nahiago du kartoia.

Gutxitan margotzen ditu bere lanak Arregik, baina kolore gorriak asko erakartzen duela aitortu du. Kolore horretakoa da, hain justu, erakusketako obrarik handiena. «Atentzioa asko erakartzen du gorriak. Normalean eskultura gorri bat jartzen duzunean, bereganatu egiten du espazioa». Ekain Arte Lanak galeria, hain justu, bete egiten du erakusketako eskultura gorri bakarrak.

Arkitekturari lotuta

Bere erakusketetara arkitekto asko joaten direla azaldu du Arregik, bere lana arkitekturari oso lotua dagoelako. «Askotan diot nire eskulturei teilatu bat jarriz gero eraikinak liratekeela». Arkitektura bera inspirazio iturri ere baduela kontatu du, nahiz eta objektuak gauza ugari interpretatzeko erabiltzen dituela esan.

Oteizarik gabe nekez existituko litzateke. Hala aitortu du eskultoreak berak. Izan ere, seminarioan zela, Oteiza Arantzazuko apostoluak sortzen eta jartzen ikusi zuen. Hamahiru urte zituen arrasatearrak orduan, eta Oteizaren lantegira maiz joaten zen. Hamasei urterekin seminarioa utzi zuenerako erabakia hartua zuen: «Argi nuen artista izango nintzela». Hasieran, ordea, margotzen hasi zen, eskultore izatea «zailagoa» zelako. Gerora, baina, pintura utzi, eta bete-betean hasi zen eskulturak egiten.

Bere obrak badu, gainera, Oteizarenarekin parekotasun bat: «Nire lan guztiak hutsik daude barrutik». Sarritan, baina, Txillidaren lanarekin konparatu izan dutela dio. «Ez dauka zerikusirik, guztiz kontrakoa da», argitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.