Ilunetik argira; negutik primaderara; urte zaharretik berrira. Andana bat gordetako eta ageriko sinbolo; andana bat pertsonaia eta horiek bezainbeste kostuma. Euskara. Andana bat txiste eta zenbait egia handi. Ona eta txarra; dotoreak eta traketsak. Dantzariak, zirtzilak, bertsolariak... Guztiak biltzen ditu libertimenduak. Ihauteri bakoitzak bere kodeak dituela onartuta ere, guztiak batzen dituenaz mintzo da Xan Berterretxe Baigurako libertimenduko eramailea: «Baldin bada gauza bat unibertsala, humanitate guziak partekatzen duena, hori da: ihauteria». Eta ihauteria denbora berean zerbait oso zaharra eta berria dela dio Ihitz Iriart Iruñeko Iruinkokoa libertimenduko sortzaileetarik batek: «Tradizioa, berez, aski inteligentea da eraldatu ahal izateko eta aitzina jarraitzeko». Libertimenduen sasoia hastera doan honetan —otsailaren 10ean izango da lehena, Irisarrin (Nafarroa Beherea)—, elkarrekin jarri ditu hausnarrean BERRIAk.
Libertimenduak ez ziren gehiago egiten, galdu ziren. Eta, duela hemeretzi bat urte, Antton Lukuren eskutik berpiztu zen Garaziko libertimendua. Nolaz galdu zen, lehenik, eta nola egin zen berreskuratzea?
XAN BERTERRETXE: Desagertu da mundu zaharra desagertu delarik; jendeek beharrik ez dutelarik gehiago sentitu artedrama zahar horrekiko. Preseski, Anttonen [Lukuren] lanaren indarra izan da artedrama zaharra egokitzea mundu berriari; ez ondareko parte bat bezala... Bizi, aldatu eta egokitzen den tradizio baten arrapiztea.
IHITZ IRIART: Libertimendua arrahasi den gune horretan —Garazi inguruetan—, beti izan da ihauteriarekiko lotura handia. Nik bizitu urteetan beti ikusi dut Baxenabarretik jendea jiten Zuberoara, maskaradetara. Segur aski jende horrek bazuen beharra bereagoa zen zerbait bizitzeko. Azkenean, bai egiten duenarentzat eta bai ikusten duenarentzat hori da ihauteri garaia, ezta? Tokian tokikoa; sentitu zaitezen zu talde horretakoa. Horrez gain, beste behar anitz badira: bada elkarrekin egoteko beharra, euskaraz aritzeko beharra; gune bat non ez den euskara eztabaidatzen. Libertimendua aski zabala da nork bere nahia garatzeko plaza gainean.
BERTERRETXE: Eta parte hartzaile bakoitzak izanen ditu bere arrazoiak; erran bezala: euskara, komunitate baten parte izateko beharra... Bada ere ene ustez politizazio zerbait.
Politizazio zerbait?
BERTERRETXE: Politika zentzurik zabalenean. Zirtziletan, bereziki —nahiz dantzari, bolanteetan ere izaten ahal den—, kezka biziki intimo, edo etxeko, edo lagunartekoetatik pasatzen da «hiriaren» arazoetarat esplizituki.
Behar litzateke historialari batzuekin aipatu, baina libertimenduak biderkatu dira momentu batean non ezker abertzalean gazte mugimendu azkarrik ez zen. Erraten baitugu behar bat dela... Ihauterien beharra bazen ere duela berrogei urte! Eta zerendako ez ziren egiten? Baitziren, beharbada, beste leku batzuk non gazteak elkartzen ziren, non eztabaidatzen zuten... Izan da trantsizio fase bat Ipar Euskal Herrian: borroka armatua fini zen, eta kontsentsua ahalbezain bat behar zen lortu; aliantzak egiten dira alderdi guztiekin, eta beraz gatazka anitz tipitu zen, eta da. Horrek ere, partez bederen, parte hartzaile guztientzat ez, baina batzuentzat esplikatzen du zerendako inplikatu diren leku horietan: berriz kritika ematen da plazan... Irriarekin, umoretik pasatuz, baina hala ere gauzak erranez.
Lukuk ihauteria teorizatu zuen; hortaz liburu bat ere idatzia du: Libertitzeaz. Zergatik da garrantzitsua ihauteriko eta, preseski, libertimenduko ohidura, pertsonaia, sinbolo eta kodeen zentzua aztertzea, eta horien arabera aritzea? Eta nola atxikitzen da askatasuna horren erdian?
IRIART: Askatasuna ulertzeko manera bat izan daiteke hori. Ni ez naiz oso librea sentitzen norbaitek erraten didanean: «Egin ezazu nahi duzuna». Kode edo lerro batzuk dira zeinak laguntzen zaituzten zerbait bideratzen; ez dira estutasun bat, baizik eta laguntza bat zeinaren gainean bermatzen ahal den.
BERTERRETXE: Kodeak dira ere urte batetik bestera transmitituko direnak; horrek du egiten badirela erreferentzia amankomunak belaunaldien artean, eta horrek egiten du ere komunitatea.
Gero, bada Anttonek [Lukuk] liburuan idazten duena: eramaileari edota parte hartzaileari ematen zaizkien laguntzak dira, kargua hartzeko, eta karguari zentzua emateko. Balio dute ere plazan funtziona dezan. Hasten bada bolanta kantuz edo zirtzilkerian: ez du zentzurik. Desorekatuko du dena. Zamaltzaina hasten bada bertzarekin su ezartzen, berdina da: ez du zentzurik. Karguen kodeak segitzean zentzua ematen zaio proiektu orokorrari, eta horrek ere ahalbidetzen du transmisioa.
IRIART: Komunitatea sortzea, azkenean, da imajinario kolektibo bat sortzea: elkarri lotzen gaituen zerbait, ez dena fisikoa, baina oso potentea dena.
BERTERRETXE: Hori da. «Poetika amankomun bat» uste dut baliatzen duela Anttonek.
Iruñean Iruinkokoa sortu zenuten duela sei urte. Zerotik abiatzen denean gisa horretan, zeren arabera sortzen dira errituak? Nondik ematen zaio zentzua?
IRIART: Guk argi genuen nahi genuela ihauteri bat zeinetan hitza sartzen zen, eta, beraz, euskara sar zedin; zeren jadanik baziren ihauteriak Iruñean, baina izan zitezkeen edozein herritakoak. Erreferentzia gisa berehala hartu dugu Euskal Herria. Geografikoki, geure burua kokatzen genuen Donibane-Garazi eta Tutera (Nafarroa) artean. Orduan, erreferentziak bagenituen oso sakonak: libertimendua Ipar Euskal Herrian, eta paloteadoa alde pean. Hortarik hasi gara: ikusi dugu bietan zerek balio zigun, edo zerek ez zuen funtzionatzen; zerek ez lukeen zentzurik Iruñean, eta zerek bai.
BERTERRETXE: Kasu horretan sinbologia landu duzue parte hartzaileekin?
IRIART: Bai, hein batean, eta garrantzitsua da. Hasieran, adibidez, oso oposizioan ziren kokobeltzak eta kokoxuriak [Iruinkokoko bi pertsonaia taldeak]. Baina niri gustatzen ez zitzaidan gune batean. Kasik iruditzen zitzaidan ez zutela ongi ulertzen ari ginela ideia bat antzezten; egiatik, bai, baina antzezten, halere. Metafora bat da: pertsona bakar baten barnean den alde zuri eta alde beltzaren arteko borroka, eta horrek zentzua galtzen zuen.
Azken urteetan ikusten da satira politikoaren lerratze bat: bada sentipena beti gai berak aipatzen direla, eta kritika pertsonalaren bidea hartzen dela batzuetan. Asto lasterrak, tobera... auzi popularrak dira, baina libertimendua? Gizartearen satira eremua da, berez; «egia handiei» besterik ez zaie lekua utzi behar, ala kritika pertsonalek ere lekua dute hor?
BERTERRETXE: Baxenabarre eta Lapurdi barnealdean lau edo bost libertimendu direnez, denak segidan, berdin iruditzen zaigu ber gaiak edo ber pertsonak direla aipatuak... Uste dut dela ekiparen arabera.
Gero, pertsonala izaten ahal da. Ni ez naiz izendatzearen kontra: dependitzen du nor den izendatzen eta nola izendatzen den. Adibidez, Jean Rene Etxegarai aipatzen delarik, ez da pertsona atakatzen, eta horretan da fina izan behar: atakatzen dena da [Euskal] Elkargoko lehendakaria, anbizioa duen politikaria, eta abar. Beste gauza bat da nola aipatzen den... Horregatik ere inportanteak dira kode horiek, ez dadin bilakatu, preseski, «sinpleki tobera»: laurden batez pertsona baten kontrako ateraldia.
IRIART: Horrendako dira ere pertsonaia horiek guziak: bakoitza kode bat da, eta, kasu horretan, posibilitatea ematen dizu zirtzil gisa norbaitetaz hitz egiteko pertsonaia publiko bilakaraziz. Badira botereen arteko harremanak: mutila eta nagusia, edo politikaria eta herritarra... Zepoetan ez erortzeko balio dute kodeek.
Eta uste dut desberdintzen dugula pertsona eta pertsona: gisa batez errateko, irratiko esatariak leku hori hartzen baldin badu bere botere gune bezala, eta esateko dituen guziak esateko... Publiko hori ongi etortzen bazaio berari, uste dut gai dela ulertzeko bera ere pertsonaia publiko bat dela eta ez dela bortxaz bera pertsonalki atakatzen, baizik eta berak suposatzen duen guzia.
Horrendako ere funtzionatzen du: jendea heldu da adrenalina eta arrisku puntu bat baita; hori denek maite baitugu. Muga zein den? Iruinkokoan erraten dugu muga dela asumitzeko prest garena. Biharamunean karrikatik ibili behar duzu, eta burua txut.
Dantza, antzerkia, bertsoa... Zer leku du bakoitzak artedrama oso horretan? Zer da bilatzen den estetika orokor eta osatua?
IRIART: Oreka bilatzen da, jadanik, sinesgarria izan dadin. Bada ere testuak ekartzen duen kontzentrazio beharra, intentsitatea; izendatua izatearen estresa, eta ataka horretatik pausatzeko beharra... Dantza ikustea, testurik ez izatea: hori ere oreka da. Eta bertsolariak egiten du zubi: zirtzilek gaia emanik, bertsolariak erantzuten du mutuak diren bolanteen partez zirtzilen balentriei. Eta zubia ere egiten du parte hartzaile eta ikusleen artean. Bertsolariak biak dira: hor dira ikusle gisa, besteak bezala deskubritzen dute egunean berean hori guzia, eta aldi berean barne dira.
BERTERRETXE: Epaile gorena bezala ere badira: zirtzilek eman baldin badute gogorregi, agian baliatzen ditugu bazterrak lausotzeko; eta antzerki partea ez bada izan aski biperrezkoa, bertsolariak gainetik ematen dio pixka bat.
Ikusi gehiago
Libertimenduen barruan zer baldintza ematen zaio euskarari, eta zer baldintza ematen dio euskarak libertimenduari?
IRIART: Guk hastapenetik eman diogularik Iruinkokoari izena, izan da: «Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskalduna». Gure helburua zen euskal komunitatea batzea: batzuetan, beharra badu nahastea, zabaltzea; beste batzuetan, beharra badu trinkotzea. Iruinkokoan parte hartzeko baldintza da euskara jakitea; ez da baldintza bat ere, Iruinkokoa da. Jendeak batzuetan ez du ulertzen... Futbol talde batean izena ematen baduzu futbolean aritzeko eta norbait heldu bazaizu erratera «bai, baina nik errugbian jolastu nahi dut», ba erantzuten diozu errugbi talde batera joatea. Gauza berdina da.
BERTERRETXE: Gurean ere egiten da euskaraz: zirtziletan naturalki, baitakite hitza hartu beharko dutela. Gero, bolanteetan badakit badirela batzuk ez dutenak baitezpada hitza errazki hartuko euskaraz, baina badute leku bat non dena pasatzen den euskaraz: errepikak eta eguna bera ere bai, hastapenetik bukaerara. Libertimenduaren funtzioa euskarari begira da ber lekuan biziaraztea bide ezberdinetatik euskaldundu diren gazteak.
IRIART: Azpimarratu behar da plazera eta hizkuntza elkartzen dituela libertimenduak. Hori biziki gako inportantea da momentu honetan; ez baita jendea agian gehiago euskalduntzen euskaldun izateko baizik, edo identitate horren defendatzaile sutsu bezala.
2024ko Libertimenduak
Otsailaren 10a, larunbata:
Baigurako libertimendua, Irisarrin (Nafarroa Beherea).
Otsailaren 10a, larunbata:
Donostian, Añorgako dibertimendua .
Otsailaren 11, igandea: Garaziko libertimendua (Nafarroa Beherea).
Otsailaren 11, igandea:
Iruñeko Iruinkokoa.
Otsailaren 18a, igandea:
Amikuzeko libertimendua, Donapaleun (Nafarroa Beherea).
Martxoaren 3a, igandea:
Baigorriko libertimendua (Nafarroa Beherea).
Martxoaren 9a, larunbata:
Hazparneko libertimendua (Lapurdi).