Artista bere estudioan (eta VI). Saioa Olmo

Arteaz beste

Artearen zirkuituaren babesetik kanpo kokatzen du gehienetan bere sorkuntza Saioa Olmok. Museoak eta galeriak ere maite ditu, baina hortik at ikusten du berak erronka. Artista izateko bestelako moduak entseatzen ditu, eta Bilboko bere estudioa da horretarako estrategiak prestatzeko erabiltzen duen lekua.

Inigo Astiz
Bilbo
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Bere arteaz beste egiten du Saioa Olmok (Bilbo, 1976). Sorkuntza arte zirkuituaren babesetik atera, eta kalera eramaten du. Mundura. Hango gehiegizko soinu eta irudien erdian harekin zer gertatzen den esperimentatzera. Hori da maite duen erronka. Hor sentitzen da eroso; etengabeko negoziazio horretan. Margotzen ere aritzen da, eta baita ordenagailuan diseinu lanak egiten ere, baina jendea da bere lan tresna nagusia. Giza harremanak. Artea, parte hartzea eta gizarte psikologia. Horiek dira bere intereseko alorrak, eta horietara bideratzen du lana. «Parte hartzetik gertuko artea da interesatzen zaidana. Eta eskulturak, pinturak eta argazkigintzak bezala, arte mota honek ere baditu bere teknikak». Hamaika urte daramatza Olmok haiekin jolasean.

Ez ditu konbentzioak maite, eta ez ditu praktikatzen. Artista da Olmo, baina ez oro har artista hitza aipatzen denetan imajinatu ohi den artista mota. «Oso modu zurrunean ulertzen dugu artea. Artistak artea deitzen dugun zerbait egiten du, leku batera eramaten du erakusteko, eta bisitariak ikusi edo entzun egiten du. Beste batek egindako zerbait kontsumitzen du bisitariak. Nire ustez, bestelakoa da jendearen esperientzia artistikoa, haiek ere sortze prozesu horretan parte hartzen badute, eta niri hori esploratzea interesatzen zait». Artistaren paperarekin jokatzea, eta artista izateko beste modu batzuk frogatzea, alegia. Estudioa da saio horiek diseinatzeko gunea.

Txukuna, txikia eta polita da lantokia. Atsegina. Hondakinen artean egiten du lan, ordea, Olmok. Iragan akzioen arrastoen artean. Ezin da bestela izan; maiz, objektu txiki batzuk baino ez baitira izaten bere artelanez gelditzen diren lekukotza bakarrak. Jendeak haiekin duen hartu-emana eta esperientzia da bere obra; ez objektua bera. «Ez naiz oso artista materiala», onartu du. «Gehienez behin edo bitan erabiltzen ditut gauza berak, eta gero jadanik ez dute erabilerarik izaten». Eta, horregatik, halako hondarrez beteta ditu lantokiko apalategiak. Objektu horietara jotzen du ekintza bat edo beste azaltzeko, eta argazkietara ere bai. Ordenagailura. Ezinbestekoa du. «Kalean egiten ditut ekintzak, Interneten web orriak sortzen ditut, jaiak antolatu, bisita gidatu kritikoak prestatu...».

Peru du izena estudiora heldu den bere azken sorkuntzetariko batek. Txotxongilo bat da, eta, lanean ari denean, ondoan izaten du eserita. Gazteei lan merkaturako sarbidea errazteko helburua duen Novia Salcedo fundazioarentzat egindako lanaren emaitza da. «Han lan egiten duten hogeita hamabi bat langileri batere ezaugarririk ez zuen panpina bat eman nien. Nortasunik gabea, historiarik gabea, jantzirik gabea. Bakoitzak fundazioari ematen ziona panpinari emateko proposatu nien. Era sinboliko batean fundazioari eskaintzen ziotena txotxongiloari emateko. Hau da emaitza: Peru».

Ideiak birziklatzea

Estudioa ez da gauza handia ere, baina bada nahikoa leku Peru eta Olmorentzat. Mahai bat eta ordenagailu bat; askoz gehiago ere ez dago han, eta ezta behar ere. Lagun batzuen koadroak zintzilik, eta lurrean, belar artifiziala. Garuna da benetako zurrunbiloaren iturria. «Zure burua ikusi, eta desprogramatu egin behar duzu. Aldaketa zure barruan eman behar da lehenik, zure proiektuetan ere gertatu dadin». Hori du langintza. Koadernoak bete ideia ditu beti, eta denbora, faltan. Horregatik sortu zuen bere webgunean (www.ideatomics.com) Ideia bankua izeneko atala. Han jartzen ditu bururatu zaizkionetako batzuk, jendeak denbora eskaini ahal diezaion berak izandako ideiari. «Baliteke ideia primario horretatik, jendearen laguntzari esker, beste ideia egokiago bat sortzea. Materialtasunik ez duena ere birzikla daiteke. Nik soberan ditut ideiak, eta, beharbada, beste inori ongi etorriko zaizkio».

Eskulturan egin zuen espezialitatea Arte Ederren fakultatean, baina bestea zen Olmorentzat interesgarria: artea jendearengana eramatea. «Objektu bat egin beharrean, zerbait bultzatzen aritzea zen niri gustatzen zitzaidana. Ezagutzen nuen artista sortzaile rol horretan, eta beste egoera batzuetan ikusi nahi nuen nire burua. Esperimentu bat zen niretzat, eta horrek erakartzen ninduen gehien. Eskultura, pintura eta ohiko diziplinak ere gustatzen zaizkit, baina beste horrek erakartzen nau gehien». Onartzen du, beti dabil jakintza alor batetik bestera saltoka. «Turista bat izan naiz beti. Halakoa da beti nire hurbilpena».

Hautu kontua da. «Diziplina batean espezializatzeko aukera har dezake artistak, edo pixka bat denetatik ikastekoa. Ni ez naiz sekula errotu diziplina batean. Atzera begiratzean, hala ere, ikusten dut gutxi gorabehera zirkulu batean aritu naizela beti. Hori pasa zait niri, behintzat. Beti ibili naiz arte parte hartzailearen eta gizarte psikologiaren inguruan. Zirkulu horretan sartzen dira nire interesak: estereotipoen eraikuntza, identitatea, talde esperimentuak, kale ekintzak...». Badu esperientzia praktiko nahikoa, eta, dioenez, orain doktore tesi bat egiten hasteko tentaturik dabil. «Hainbeste interesatzen zaizkidan gai horiek maila teorikoan ere landu ahal izateko».

Artea zalantzan jartzen

Ez dago artearen zirkuituaren aurka. Berari hortik kanpokoak interesatzen zaizkiola da kontua, ez besterik. «Museoetara joaten naiz, galerietara ere bai, baina momentu batean iruditzen zitzaidan leku horietara joaten garenok beti berdinak garela, eta bestelako publiko batengana heltzen saiatu nintzen. Horregatik ibiltzen naiz zirkuitu horretatik kanpo. Frogatu egin nahi dut zer gertatzen den artistikoa ez den testuinguru batean artearekin. Testuingurua artistikoa denean, horretan kokatzen den edozein gauza artistikotzat jotzen dugu; baina, zer gertatzen da zure lana testuinguru horretan ez badago?».

Hori da bere ibilbidea ulertzeko giltza. Zer gertatzen da artearekin artetik kanpo? Isilik gelditu da bere buruari galdera egin ondoren, baina urteak daramatza esperimentu horretan murgildurik, eta badu gutxi gorabeherako erantzun bat emateko nahikoa informazio. «Alde onak eta txarrak ditu zirkuitu horretatik kanpo aritzeak. Museo batean jendeak artea ikusteko joera izaten du, jendea prest dago aurrean duenari arreta bat eta denbora bat eskaintzeko. Baina museoetatik kanpo ez da halakorik gertatzen. Beste modu batean interpretatzen dira gauzak. Arte testuinguruaz kanpo zerbait planteatu eta artea dela esanez gero, jendea etengabe arituko da aurrean duen hori artea den edo ez den zalantzan jartzen. Pertsona batzuk hor geldituko dira, eta ez dira artelanean sakonago murgilduko. Hori du txarra, adibidez. Baina alde onak ere baditu: zure lana ez duzu konbentzio artistikoetara errenditu beharrik. Beti eman dit amorrua horrek. Ez dut ulertzen zergatik artean gauza batzuk beti formulatu behar diren modu berean». Arteak zergatik izan behar duen beti hain arte.

Kalean beste estimulu mordoarekin egin behar izaten dute borroka Olmoren proposamenek. Lehian daude. Gero eta hedatuago dauden kaleko ekintza bidezko publizitate kanpainekin, besteak beste. Metodoak antzekoak diren arren, helburuak bereizten ditu bere ekintza artistikoak eta publizitate ekintzak, artistaren hitzetan. Orain zortzi bat urte egindako Emancipator Bubble izeneko lana jartzen du adibide gisa. «Garai hartan guerrilla komunikazioa ez zegoen egun bezain hedatua. Horregatik izan zuen gure proiektuak halako hedapena, guk geuk publizitatearen komunikazio teknika horiek erabili genituelako, oraindik ere jende gutxik erabiltzen zituenean. Produktu faltsu bat saltzen genuen, gurasoen etxetik alde egin beharrik gabe, gurasoen etxetik kanpo-edo bizi ahal izateko aukera eskaintzen zuen burbuila moduko bat. Produktua ez zen existitzen, baina komunikazio teknikek funtzionatu zuten».

Jendearenganaino heldu zen bere lana, eta Olmoren lanik ezagunenetariko bat da oraindik ere. Egun, bestelakoa izango litzateke erantzuna, artistaren hitzetan. «Orain, alde guztietan daude guk antolatu genuenaren moduko publizitate kanpainak. Egia da nik egiten ditudan gauza askok antza izan dezaketela publizitatearekin. Itxuraz, behintzat, bai, baina helburua da ezberdina. Auto bat saltzeko ere erabili daiteke sorkuntza, eta oso iragarki artistikoa egin. Hura ikustean esperientzia estetiko bat piztu dezakeena. Baina, azken helburua auto bat saltzea da beti. Nik ez dut halako asmorik, eta hori da aldea. Ez dut antzekotasun handirik ikusten, baina baliteke kanpotik itxura parekoa izatea». Bestelakoak dira Olmoren lanen jomugak. Genero politikak, identitateen eraikuntza eta desiren konfigurazioak, adibidez.

Komunikazio sortzailea

Komunikazioan ere aritu da Olmo, eta bere arte ekintzen barruan kokatzen du egiteko hori. «Artista askok zerbait egin, eta egindako horren hedapena beste inoren eskutan uzten dute maiz. Nik ez. Gustatzen zait arlo hori ere nire gain hartzea. Komunikazio hori ere sortzailea izan litekeela pentsatzen dut. Horretan saiatzen naiz. Eta, gainera, laguntzen dit estuki arte eremutzat jotzen dugunetik kanpo dagoen jende askorengana heltzen. Berez artearekiko interesik ez dute izango haietariko askok, baina baliteke haietako batzuen interesa piztea. Eta hori da komunikazioan aritzen naizenean bilatzen dudana. Beti interesatu zait besteekiko komunikazioan jartzea».

Apalategira doa berriz. Hamaika panfleto, diptiko eta eskuorri ditu ordenatuta. Egindako ekintza haien aztarnak denak ere. Eta baita bideoak ere. Mordoa. Hor dago bere ibilbidea. «Grabazio ordu piloa dut, baina ez dut haiek editatzeko denborarik. Oraintxe nabil horretan. Orain arteko lan guztia erakutsiko duen bideo bat egin nahi dut. Ospatu egin nahi dut orain artekoa. Halako lanak egitean, egin duzunaz gogoeta egiteko denbora hartzen duzu, eta hori egin nahi dut. Hainbeste froga egin ondoren zer gertatu den ebaluatu nahi nuke. Balantzea egiteko garaia dela iruditzen zait». Arteaz beste egiteak izan dituen emaitzez gogoeta egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.