Argazkilaritza

Isabel Azkarate, arteari barrutik begira

'Isabel Azkarate. Arte eta parte' erakusketa zabalduko du larunbatean Donostiako San Telmo museoak. Argazkilariaren hiru serie bildu dituzte, artearen esparruarekin lotutako irudienak hirurak ere.

(ID_13532715) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-25, Donostia. Isabel Azkarateren erakusketa San Telmon
Isabel Azkarate argazkilaria, Donostiako San Telmo museoan ikusgai jarri dituen argazki batzuen ondoan. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko urtarrilaren 26a
05:30
Entzun

Argazkilaria ez ezik, artezale «amorratua» da Isabel Azkarate (Donostia, 1950). Fotokazetari gisa lan egindako lau hamarkadetan, hamaika ekitaldi jaso ditu bere kamerarekin, baita artearen esparrukoak ere. Barrutik ezagutu eta behatu du mundu hori, eta hurbileko harremana izan du artista ugarirekin. Argazkilariaren alderdi hori agerian jartzeko asmoz, Isabel Azkarate. Arte eta parte erakusketa atondu du Donostiako San Telmo museoak; tamainaz txikia, baina «perlatxo bat» dela nabarmendu dute arduradunek. Larunbatean irekiko dute, eta maiatzaren 5era bitarte izango da ikusgai.

Silvia Omedes Photographic Social Vision Fundazioko zuzendaria izan da erakusketaren komisarioa. Haren hitzetan, Azkarateren fotokazetari ibilbidea ezagunagoa den arren, artearekin duen harremana «ezinbesteko ezaugarria» da harengan. «Bera arte kontsumitzaile aseezina da, bidaiatzean museo guztietara sartzen da artea ikustera, eta artisten komunitate horretan beste bat gehiago da. Zentzu horretan, argazkilariak artearekin duen lotura intimoa azaldu nahi du erakusketa honek».  

«Argazkilariak artearekin duen lotura intimoa azaldu nahi du erakusketa honek». SILVIA OMEDES Erakusketaren komisarioa

Azkarateren hiru argazki serie bildu dituzte museoaren goiko solairuan, Laborategia deritzon aretoan. Bertan sartu eta berehala ikus liteke lehena, zeinetan hamabost euskal margolari, eskultore, idazle, musikari nahiz zinemagileren zuri-beltzeko erretratuak bildu dituzten. Fotokazetari bezala, askotariko aurkezpen ekitaldietako irudiak ere hartu izan zituen Azkaratek bere ibilbidean, baina lehen seriea osatzen duten hamabost horiek ez dira molde horretakoak; sortzaileak beren tailer eta estudioetan erretratatu zituen gehienetan argazkilariak, sortzeko beren espazioetan. Omedes: «Artista horien laguna den eta haien mundua barrutik eta sakon ezagutzen duen norbaiten intimitatearekin eta konplizitatearekin baino ezingo lirateke halako erretratuak egin».

Irudiotan ageri dira, besteak beste, Juan Luis Goenaga, Jorge Oteiza, Ana Busto, Andres Nagel, Bernardo Atxaga, Rafa Berrio, Bixente Ameztoi, Daniel Calparsoro eta Jose Miguel Barandiaran.

(ID_13532719) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-25, Donostia. Isabel Azkarateren erakusketa San Telmon
Isabel Azkaratek hainbat euskal sortzaileri egindako erretratuak, Donostiako erakusketa. GORKA RUBIO / FOKU

Begiratzen duenari begira

Erretratuen pareko horman kokatu dituzte bigarren seriea osatzen duten hamazazpi argazkietako lehenak. Mundu osoko galeria eta museoetan atera zituen argazkiok Azkaratek, eta, artelanetan baino gehiago, ikusleengan jarri zuen fokua haietan. «Isabelek, museo eta galerietara joatean, jendea behatzen du haiek artea behatzen duten bitartean», azaldu du komisarioak. «Haren bi dohain elkartzen dira irudiotan: kaleko argazkilari azkarrarena, kliska bakarrean pertsona horien bat-bateko keinua harrapatzeko gai dena; eta pertsona horiek egiten ari direnaz berak egiten duen gogoeta».

New Yorkeko museoak bisitatzen dituzten adineko andre dotoreak dira protagonista lehen irudietan, artelanei begira edo atseden hartzen daudela erretratatuak. Hurrengo hormetan, berriz, emakumeen gorputz biluzien irudikapenen aurrean ikusleek agertzen dituzten jarrerak dira gai nagusia. Ispilu joko moduko bat osatzen da horrela erakusketan: behatzen ari den eta aldi berean behatua izaten ari den jendea ikusiko du bisitariak.

(ID_13532701) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-25, Donostia. Isabel Azkarateren erakusketa San Telmon
Ikusle bat, Azkarateren hainbat argazkiri begira, San Telmo museoan. GORKA RUBIO / FOKU

Hirugarren eta azken saila, berriz, hormek osatzen duten erdiguneko gelaxkan kokatu dute, eta inoiz erakutsi gabea da. Biltegian gordeak izenburupean, 1980ko hamarkadan New Yorken, American Museum of Natural History zentroaren biltegian Azkaratek atera zituen dozena bat argazki bildu dituzte. Soto hartan, amerindiarren eta afro-amerikarren bustoen bilduma bat aurkitu zuen argazkilariak, bazter utzitakoak. Omedes: «Pertsona horiek aparte utzita, biltegiratuta, ahaztuta zer egiten ote zuten; horren inpaktua jaso zuen argazkilariak, eta, ohi duen moduan, enpatia handiz erretratatu zituen».

(ID_13532694) ESPAÑA FOTOGRAFÍA EXPOSICIÇON
Azkarate, Biltegian gordeak serieko irudi bati begira. 

Atzera begirako zabala, Artegunean

Erakusketa zabalago baten osagarri modura aurkeztu dute San Telmo museoko bilduma antolatzaileek. Izan ere, Tabakaleran, Kutxa-Artegunea espazioan, atzera begirako zabalago bat eskaini diote Azkarateren obrari. «Haren fotokazetari alderdia agertzen da Artegunean, eta argazkilari artistarena San Telmon. Isabelen kasuan, bi alderdi horiek hasieratik doaz lotuta», azaldu du Omedesek. Arteguneko bilduma otsailaren 25era arte egongo da zabalik. 

Halaber, bi erakusketetan azaldutakoa bildu eta zabaltzeko asmoz, katalogo bat ere argitaratu dute Blume argitaletxeak, Photographic Fundazioak eta Kutxa Fundazioak, San Telmo museoarekin elkarlanean. Azkarateren 200 argazki inguru jaso dituzte liburuan.

(ID_13388296) -FOTODELDÍA- ESPAÑAEXPOSICIÓN FOTOGRAFÍA
Donostiako Tabakaleran, Artegunea aretoan ikusgai dagoen erakusketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.